Milaka urteko bizitza izan duen gure hizkuntza zaharrak gorabehera handiak eduki ditu historian zehar, zabalkundeari, erabilerari zein prestigioari dagokionez; baita jasotako erasoei zein aldeko mugimenduei dagokienez ere. Funtsezkoena, ordea, gaur egungo egoera da, eta etorkizuna. Baikorrak izan gaitezke Nafarroan euskararen osasunari dagokionez? Ez dago batere argi kontua. Aspaldi erdaldundu ziren eskualdeetan gure hizkuntza hobera doa, okerrerago ezin ba-itzen joan. Euskarari eutsi eta euskaldun iraun duten eremuetan, ostera, euskararen arnasguneetan, erabilera beheraka joan da azken urteotan. Orokorrean, gure hizkuntzaren ezagutzak gora egin du, mantsoegi bada ere. Erabilerari buruz, aldiz, ezin da gauza bera esan.

Hizkuntza dela eta, beste zalantza batzuk ere sortzen zaizkigu: zein da politika linguistikorik egokiena hizkuntza gutxituen iraupena ziurtatzeko? D ereduaren beharra ukaezina da, baina zein da horren egoera Nafarroan? Zeintzuk dira bere garapenerako oztopo nagusiak? Zeintzuk bilatu beharreko aliantza eta sinergiak? Ikastoletan eta, azken urteotan, irakaskuntza publikoan ere egiten ari diren ahaleginak txalogarriak dira, baina zer gehiago egin beharko genuke gurasook gure seme-alabek euskaraz jakiteaz gainera, erabili ere gehiago erabil dezaten? Zenbateko garrantzia dauka, bertako euskalkia bizirik gorde den eremuetan, horren erabilera bultzatzeak? Praktikoagoa da aldakiak baztertu eta euskara batuaren alde egitea? Zer egin dezakegu, azken batean, gure hizkuntza zaharra maite dugunok, berreskuratze eta normalizazio bidean aurrerapauso sendoak emateko?

Galdera hauei eta gehiagori erantzuten laguntzeko prestatu da Eman arnasa gureari jardunaldia, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak antolatutako 2023ko Nafarroa Oinezen testuinguruan eta Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean. Hezkuntza-topaketa hauen barruan, bi mahai-inguru egingo dira, aditu kualifikatuz osatuak. Lakuntzako kultur etxean burutuko dira, apirilaren 29an, goizeko 9:30ean hasita.

Euskararen arnasguneen erronkak izango da lehena. Azken azterketen arabera, euskararen ezag-utza handitzen ari bada ere, badirudi erabilera maila toki askotan, handitu beharrean, geldirik dagoela edo atzeraldia sumatzen dela. Bada tenorea gertatzen ari dena aztertzeko, datozen erronka berriak identifikatzeko eta nola eginen diegun aurre era adostuan mahai gainean jartzeko: migranteen harrera, digitalizazioaren ajeak, euskararen prestigioa belaunaldi gazteen artean… Luxuzko mahaikide zerrenda izango dugu horretarako: Alberto Barandiaran kazetariaren gidaritzapean, Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari orokorra; Kike Amonarriz soziolinguista, aurkezle eta Topaguneko lehendakaria; eta Garikoitz Goikoetxea, UEMAko ikerketa arduraduna.

Nafarroa D eredua arnasberritzen izango da bigarren mahai-ingurua. Badira urteak Nafarroa Garaian euskara hutsezko ereduak hartzen duen espazioa egonkor dagoela, eta zailtasunak dituela hazteko. Lege markoaz gain, hainbat baldintzak eta neurrik (hizkuntza ereduek, babes instituzionalik ezak, PAI bezalako programek, migranteen fluxuak…) zailtzen dute euskararen esparru sozial eta geografikoa zabaltzea. Muga eta oztopo guztien gainetik ezinbestekoa dirudi akordio zabalak egiteak eragile eta sektore sozial desberdinen artean D ereduak aurrera eginen badu. Mehatxuak nola bihurtu aukera? Bigarren saio honetan ere goi mailako partaidetza izango dugu. Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoaren gidari-tzapean, honako aditu hauek arituko dira: Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen zuzendaria; Nora Salbotx, Amaiurko Eskolako zuzendari eta maistra, Hik Hasi talde pedagogiko kidea eta landa-eskoletan aditua eta pedagogo formatzailea; eta Agurne Gaubeka, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.

Jardunaldia, streaming bidez eskainiko da zuzenean Nafarroa Oinezeko Youtubeko kanalaren bitartez. Saioa grabatu eginen denez, ondoren ere ikusi ahal izanen da.

Parte-hartzea irekita dago interesa daukaten guztientzat. Izen eman nahi duzu? Lotura honen bidez egin dezakezu: labur.eus/PGqje.

EGITARAUA

  • 9:15. Harrera.
  • 9:30. ‘Euskararen arnasguneen erronkak’ mahai-ingurua.
  • 11:00. Atsedena.
  • 11:30. ‘Nafarroa D eredua arnasberritzen’ mahai-ingurua.
  • 13:00. Ondorioak eta argazkia.