Urtero bezala, Nafarroa Oinez bestaren baitan Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) zein bestaren antolatzaile den ikastolak eskaintzen dituzten omenaldiak eguneko une hunkigarrienetako bat izan ziren. Goizeko 11:45ean Etxarri Aranazko Kultur Etxean ospatu zen ekitaldia urte guztian egindako lanaren ordaina izan zen, hainbeste esfortzuren ondoren emozioak azaleratzen uzteko unea. Bi izan ziren protagonistak: alde batetik, 30 urteko ibilbidearen ondoren aurten erretiroa hartu duen Irene López-Goñi, NIE-ko arduradun pedagogikoa; eta bestetik, Jexux Senar, Andra Mari Ikastolan urte luzez irakasle izandakoa.

Itsasontzi itxurako bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari baten gidaritzapean iritsi ziren gonbidatuak herriko Kultur Etxera. Bertan, Etxarri Aranazko abesbatzak Ama begira zazu eta Segalariak abestiekin egin zien harrera eta honen ondoren ekin zitzaion ekitaldiari. “Ikastolen inguruko jakitea, eta asko da Irenek duena, ez da bakarrik liburuetakoa eta artxiboetakoa”, azaldu zuen Josu Reparaz NIE-ko zuzendariak López-Goñiren inguruan, “ikastolen zurrunbiloan urte askotan igeri egitetik ikasitakoak baizik”. “Bere lana, isila eta zalapartarik gabekoa, ideiaz beteriko bide bat izan da. Nafarroako Ikastolen gela, gune bakoitza, zeharkatu duena. Komunikazio bidean, sentikortasun bidean, hezkuntza jarduerakekiko eta, nola ez, gure hizkuntzarekiko maitasunean”. López-Goñik 90eko hamarkadan ekin zuen bere ibilbide profesionala NIE-n, eta ordutik ikastolei lotuta egon da bere arlo profesionalean. “Ikastola ez da euskaraz egiten den ikastola bat bakarrik, ilusio bat da”, zihurtatu zuen omenduak, hunkituta, omenaldiko zapia lepoan jantzita. “Zorte handia izan dut, oso gustukoa izan dudan lan batean jardun dutelako. Irakaskuntza oso ederra da, aukera ematen digu sortzaile izateko, praktikan jartzeko ikasitakoa, landutakoa. Gizarteak behar dituen baloreak lantzeko aukera ematen du”. Pedagogoak futbolarekin egindako paralelismo batekin bukatu nahi izan zuen bere hitzartzea. “Partidu bat irabazi arren, hurrengo partidua da beti garrantzitsuena. Orain arte egindako lana oso ongi dago, baina aurretik datorkiguna da garrantzitsuena”.

Irene López-Goñi, NIE-ko zuzendari Josu Reparazekin.

Andra Mari Ikastolak, bere aldetik, ikastetxeari duela hamarkada asko lotuta egon den irakasle bat izan zuen gogoan, eta hari eskaini zion bere omenaldia. Izaskun Errazkinek, ikastolako guraso elkarteko lehendakari-ordeak, ikasle garaian Jexux Senarri lotutako oroitzapenak gogoratu zituen: “Berari esker ezagutu genituen herri kirolak”. Senarrek, bere aldetik, ikastolako komunitate osoari esker onak eman zizkion omenaldiagatik. “Zenbat bizipen, zenbat oroimen eta zenbat pertsona etorri zaizkidan burura egun hauetan, zenbat poztasun eta zenbat emozio. Ikastolan hasi nintzenean, proiektu honen alde hainbeste lan egiten ari ziren familiak ikusita, ezinezkoa zen 100% ez ematea”, azpimarratu zuen.