Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak hunkiturik jaso zuen IKF Fundazioak atzo eman zion Bostekoa saria. Solasa, bideoa, bertsoa eta musika izan zituen ekitaldia Iruñeko Civicanen egin zen, aretoa gainezka zegoela eta giro paregabean. Civican bete zuten osasunazale euskaldunek txalo zaparrada batekin jaso zuten Arrasate aretora sartzean. Aurretik, Berriatuko entrenatzaileari buruzko bideo bat ikusia zuten, hura oso ongi ezagutzen duten Oier Sanjurjo, Aimar Oroz eta beste batzuen testigantzekin.

Ekitaldiaren zati nagusia Reyes Ilintxetaren eta Jagoba Arrasatearen arteko solasaldia izan zen. Futbolaz ez ezik, bizitzako beste hainbat kontuz mintzatu ziren, solasaldiaren helburua bizkaitarraren nortasunean sakontzea baitzen. Fundazioak sariaren berri ematen azpimarratutakoa gogoratu zuen Ilintxetak: “Jagoba pertsona estimatua eta errespetatua. Gizon umil eta normala, hortik gutxi duen futbolaren munduan. Euskaldun eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazan, zalez inguraturik”. Euskararekiko konpromiso hori publikoki aitortu nahi izan dio Iruñeko fundazioak Berriatukoari.

Haren gustuko doinu batzuk ere entzun zituen, Xabi Olano piano jolearen eskutik. Elkarrizketa amaiturik, IKFko presidente Kike Diez de Ulzurrunek bostekoa saria eman zion Jagoba Arrasateri: Idoia Leatxe Olagüe iruindarrak eginiko eskultura-lan bat.

Arrasate hain bertsozalea izanik, bertsoekin amaitzeko beste modu egokiagorik ez zegoen. Bittori Elizalde bertsolari gaztearen hiru bertso hunkigarrik berriatukoaren izaera islatu zuten. Azken hitza, noski, Jagobarena izan zen. Hunkiturik, eskerrak eman zizkion fundazioari eta bertaratu diren guztiei.

Osasunaren eta euskararen arteko harremanaz mintzatu zen, hizkuntzaren aldeko jarrera barne-barnean daramala azpimarratuz. Jendearen beste txalo zaparradarekin amaitu zen ekitaldia. Aretotik ateratzean, osasunazale euskaldun gehienak bat zetozen: “A ze tipo jatorra”.