San Fermin Ikastolak antolatutako Ezagutza zabaltzen jardunaldi pedagogikoa izanen da larunbat honetan Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00etara luzatuko da saioa eta bi hizlari bilduko ditu bertan: Alvaro Beñaran pedagogia terapeutikoan aditua eta Kami Mateo, Haur Garapenean eta Hezkuntza Laguntzarako Beharretan unibertsitateko aditua. Izen-ematea oraindik irekita dago eta labur.eus/ezagutzazabaltzen helbidean egin daiteke. 

Uxue Lazkano San Fermin Ikastolako Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendari pedagogikoak azpimarratu bezala, ikastolak urteak daramatza Nafarroako gizarte osoari irekita dauden ekitaldiak antolatzen, arlo pedagogikoan egiten duen lana eta hausnarketa partekatzeko asmoz. Jardunaldi honek, beraz, ale bat gehituko dio orain artean eskainitakoari. Kami Mateo Haur Garapenean eta Hezkuntza Laguntzarako Beharretan Unibertsitateko Aditua da eta diziplina positiboan eta errespetuzko hazieran trebatuta dago. Bere hitzaldia larunbateko jardunaldiaren lehen zatian eskainiko da, Educar con calma. De la prisa, a la mirada serena, izenburupean.  

Alvaro Beñaran Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua da, ASEFOPeko (Psikomotrizitate Praktikako Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta hezkuntza munduan esperientzia zabala du, bereziki hezitzaileak prestatuz. Educar no es un método, es una relación izanen da Beñaranek larunbateko jardunaldian emanen duen hitzaldia. 

San Fermin Ikastolak azken urteetan burutzen ari den Gero bat GUGAN 2030 hezkuntza eraldatze prozesu sakonaren baitan antolatu ditu jardunaldi hauek, ikasturte honetan DBHko 1. mailako ikasgeletan inplementatu den eta datozen urteetan ikastetxe honek ematen dituen maila guztietara hedatuko den eraldaketa.