“Heriotza, eritasun eta pobretze arrazoi nagusia. Tabakismo-izurritea da munduak osasun publikorako izan duen mehatxu handienetariko bat. Urtean 8 milioi heriotza baino gehiago eragiten ditu mundu osoan”. Hitz horiekin definitzen du Munduko Osasun Erakundeak tabakoaren eragina. 

Hurrengo asteko ostiralean, maiatzaren 31an, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Munduko Osasunaren Batzarrak Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna sortu zuen 1987an, munduko arreta tabakismo-izurritera eta haren ondorio hilgarrietara erakartzeko. 

Egun hori aukera ona da tabakoaren kontrolarekin lotutako mezu zehatzak nabarmentzeko, eta Tabakoa Kontrolatzeko MOEren Esparru Hitzarmena betetzea sustatzeko. Tabako-kontsumoa da gaur egun osasun-komunitatearen epidemia prebenigarri nagusia.

Tabakoaren kontsumoa, datutan

Tabakoari buruz, edo hobeto esanda, tabakismoari buruzko hainbat datu aztertu ahal ditugu. Tabakoa erretzen duten pertsona kantitatea 2024an 1250 milioikoa da (adin nagusikoak bakarrik kontuan hartuta). Hori ez ezik, espainiar estatuan 15 urtetik gorako %23ak egunero erretzen du, %2,4ak noizbehinka erretzen duela dio eta %25,7ak erretzaile ohia bezala definitzen zuen bere burua.

Euskadiri begira, %22,8ak erretzen du, eta Nafarroan %23,2ak. Nafarroa 8. postuan kokatzen da, espainiar estatuko bataz-bestekoa gaindituz, eta Euskadi, berriz, 11. postuan, espainiar estatuko bataz-bestekotik hurbil.

Datuen artean, hurrengokoak ere aurkitzen ditugu: tabakoak kontsumitzen eta uzten ez duten pertsonen erdia hiltzen du, eta tabakoak urtean 8 milioi pertsona hiltzen ditu, eta horietatik 1,3 milioi inguru kanpoko kearen eraginpean dauden ez-erretzaileak dira.

Azken urteetan eman diren aurrerapausoak

Ia azken bi hamarkadetan, tabakoaren kontsumo orokorra jaitsi egin da: 2000n, 15 urtetik gorako munduko biztanleriaren %32,7a erretzailea zen, eta 2022an, berriz, %22,3a. MOEk beste burrizketa bat aurreikusi du 2025erako, eta %20,4an kokatzen du erretzaileen kopurua.

Biztanleria 4 taldeetan zatitzen da tabakismoaren jarduera aztertzeko: egunero erretzen dutenak, noizbehinka erretzen dutenak, erretzaile ohiak eta inoiz erre ez dutenak. Talde horiek kontuan hartuta, kontuan hartu behar dugu espainiar estatuan erretzaile ohien kopuruak egunero erretzen duten pertsonen kopurua gainditu zuela 2013an lehen aldiz, eta harreman hori urte horretatik mantentzen da. Gaur egun, 4 talde horiek kontuan hartuta, esan daiteke biztanleria erdiak ez duela erretzen eta ez duela inoiz erre.

Tabakoaren kontrako plana

Tabakoaren prebentziorako konpetentziak estatalak dira eta espainiar estatura begiratu behar dugu ulertzeko zein izan den garapena arlo honetan. 1988an lehenengo legea heldu zen, eta horretan eskoletan eta ospitaletan erretzea debekatu zen. Leku horietan ez ezik, antzokietan, igogailuetan eta zineman ere debekatu zen besteak beste. Hala ere, lege horrek salbuespenak baimentzen zituen, eta erretzea debekatuta zegoen espazioetan erreserbatu ahal zen toki bat erretzeko. Garai horretan, oraindik erre ahal zen hegazkinetan (leku zehatzetan) edo beste garraio batzuetan.

1988an ere, baina beste lege baten bidez, tabakoari buruzko publizitatea debekatu zen telebistan. Lege hori 3 alditan findu da: 1994an, 199an eta 2005ean. Arau horrek, halaber, debekatu egin zuen estankoetatik kanpo tabakoa doan banatzea horren sustapenerako. Lege hau hezkuntza publikoko kanpaina baten barruan txertatu ahal dugu, eta hori kontuan hartuta, eta urte horietan aztertu ziren datuei erreparatuz, lege hauen efektibotasuna ziurtatu ahal da.

1999an autobusetan eta hegazkinetan erretzea debekatu zen, eta 2005ean lantokietan debekatu zen. 2010ean heldu zen lehenengo Tabakoaren kontrako Legea, eta 2011an ezarri zen. Lege horren bidez, aisiarako lekuak ziren guztietan debekatu zen erretzea: jatetxeak, tabernak, diskotekak… Eta lehen aldiz ezin zen leku bat erreserbatu erretzeko. Gainera, lege horren bidez ospitaleko, parkeetako eta eskoletako ateetan erretzea ere debekatu zen.

2024an, jakin dugunez, lege berri bat helduko da. Monica García osasun ministroak adierazi zuen bezala, “ez dute atzerapausorik emango” eta urte honetan aprobatzea espero dute. Martxoaren 14n aurkeztu zuten Tabakismoa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Integrala Osasun Publikoko Batzordean. Espainiar estatuan pertsona bat hiltzen da 11 minutuan behin tabakoaren ondorioz, eta horren aurrean, 2010 aprobatu zen legearen gogortze bat izango da lege berria, non, aurreratu den bezala, 5 helmuga eta 22 helburu dauden. 2024-2027 iraute data zehaztu dute plan honetarako.

Zeintzuk dira arrisku nagusiak?

MOEk zehazten duen bezala, 2050rako aurreikusi daiteke minbizi kasuak %77an igoko direla tabakoaren eraginez ez badira datuak kontrolatzen. Manex Ziordia medikuaren arabera, askotan bakarrik pentsatzen dugu birikietako minbizian, baina minbizia mota hori ez da arazo bakarra: “Mota horretako minbiziaz gain, beste asko ere badaude, hala nola esofagoko, pankreako, gibeleko, koloneko eta ondesteko minbizia, gernu-maskuria, aho-barrunbea, laringea, eta leuzemia mieloide akutua”.

Minbizi mota ezberdin horiek ez ezik, beste gaixotasun asko lotzen dira tabakoaren kontsumoarekin. Azken urteetan horietako batek piztu du adituen arreta: EPOC deitzen den hori, hau da, bronkitis kronikoa eta birikietako enfisema. Espainiar estatuan 2 milioi pertsona inguru EPOC gaixotasunarekin bizi dira, hau da, adin nagusikoen %10a inguru. Gainera, mundu mailan hirugarren heriotza-arrazoia da. “Tabakoak ere oso maiz eragiten ditu arnas gaixotasunak”, dio Ziordiak. Hain zuzen, medikuaren arabera, birikietako gaixotasun buxatzaile kronikoa (EPOC) da gaixotasunik garrantzitsuena: “Patologia horrek hantura kronikoa eragiten du birikietan, airearen igarotzea oztopatuz, eta arnas gutxiegitasuna eragiten du”.

Ziordiak azaltzen du birikia endekatuz doala, eta birikietako ehunak ohiko jarduera galtzen duela. “Zelulak minbizian bihurtu beharrean, zuzenean hiltzen dira”. Horrela, birikak “burbuila huts moduko bat” bihurtzen dira, eta, medikuaren arabera, arazo hortxe dago: “airea bertara iristen da, baina ez dago gas-trukea ahalbidetzen duen ehun normala”.

Eta aipatzen ez diren horiek…

Ziordiak dioenez, gaixotasun askok lotura daukate tabakoaren kontsumoarekin, “besteak beste, diabetesa bera”. Emakumeen kasuan, adibidez, hilerokoan eta menopausian ere eragina du, “odolaren jarioa oztopatzen duelako tabakoaren kontsumoak”. Hori ez ezik, Ziordiak arreta jarri nahi izan du “erakusleihoaren sindromea” ezizenarekin ezaguna den gaixotasun batean: “Tabakoarekin zerikusia duen gaixotasun baskularra da. Eritasun hori dutenek oinetan edo hanketan min etengabea izaten dute, eta distantzia laburretan ere gelditu behar dira, ezin baitute oinez jarraitu”. 

Adituak azaltzen dituen sintomei lotuta dago gaixotasun honek jaso duen ezizena: oinazea dela eta, pertsonak erakusleihoetan geratu behar dira, ezin dutelako jarraitu oinez eta disimulatzeko erakusleihoetan gelditzen dira. Gaixotasunaren benetako izena “aldizkako klaudikazioa” da. 

“Ezin dugu ahaztu tabakoak, arnas sistemari eragiteaz gain, triglizeridoei ere eragiten diela, edo HDL motako kolesterola murrizten duela, odola likatsu bihurtzen duela... Horrela, arriskuak areagotu egiten dira”, dio Ziordiak. Aipatzen dituen arrisku horiek, besteak beste, tronbo dira, “edota koaguluen sortzea”. Horiek bihotzerako eta burmuinerako odol-fluxua blokea dezakete, eta horrek ondorio larriak ditu: “Infartuek, besteak beste, lotura estua dute tabakoaren kontsumoarekin”.

Osakidetzaren tratamendu berria

Osakidetzak metodo ezberdinak ditu erretzeari uzteko prozesuan pazienteei laguntzeko. Hori bai, Ziordiak azaltzen duenez, “erretzeari uzteko erabakia borondatezkoa izan behar da, bestela, oso gutxitan funtzionatzen du”. Tratamenduen artean, Osakidetzak banakako eta taldeko terapia du, baita presentzialak edo birtualak ere.

Terapiez gain, erretzeari uzteko hainbat sendagai eskaini ditu Osakidetzak. Denbora batez “Champix” eta “Zyntabac” izeneko botikak izan ziren. Lehenengoa nitrosamina duelako kendu zen, Espainiako Medikamentu eta Santirario Produktuen Agentziak eskatzen duen mailaren gainetik. Bigarrena, berriz, kendu behar izan zuten distribuzio arazoak zirela eta.

Orain, Osakidetzak Todacitan izeneko botika bat eskaini du, landare-jatorriko printzipio aktiboa duena (zistizina), eta, une honetan, funts publikoekin itzulitako tratamendu bakarra dena.