Síguenos en redes sociales:

Omenaldia eta esker ona ikastolako sortzaileei

Eguneko ekitaldi hunkigarriena, omenaldia, Zangozako Ikastola sortu zen lekuan bertan egin zen, Karmengo komentua izandakoan

Ikastolako lehenengo juntakideak eta hauen ordezkariak, Karmen entzutegiko oholtzan.Javier Bergasa

189

Eguerdian, 12:30ean Zangozako entzutegian egin den omenaldien ekitaldia Zangozako Ikastolaren historia berpizteko unea izan da. Lekua bera horretarako aproposena izan da, entzutegia izan aurretik Karmengo komentua izandakoaren sukaldean bertan hasi baitzen ikastolaren proiektua egosten. Rincón del Carmen kooperatiba sortu zuten ekintzaile horiek, ikastolako lehenengo familiek, jaso zuten merezitako omenaldia: “Beraiek garai horretan ez zekiten”, nabarmendu du aurkezleak, “baina ipuin luze baten istorioa hasi zuten. Batzuk, ikastolako lehenengo junta eratu zuten; beste batzuk, ordea, etxea administratzen eta seme-alabak zaintzen geratu behar ziren; baina guztien artean eta auzolanean Zangozako Ikastola sortu zuten”.

Aretoa lepo bete duten gonbidatuen txalo zaparradak babestuta eta ikastolaren historiako argazki zaharrak pantailan erakutsi ondoren, omenduak eszenatokira igo dira: Maria Altube Gazetabeitia eta José Javier Abadia Espila, Ana Landa Lorés eta Juan Pedro Aramendia Garcia, Angelines Armendariz Perez eta José Miguel Arraiza Pagola, Leire Bandrés (Carmentxu Vital Sevillano eta José María Bandrés Perezen izenean), Mertxe Elizalde Otin eta Fernando Erdozain Prieto, Josefina Jiménez Muniain eta Andrés Ibañez Goñi, Laura eta Keta Jugand Mugueta (Maria Angeles Mugueta eta Enrique Jugand Monevaren izenean), Miren Xabier Vital (María Rosa Campos Gallizo eta Francisco Javier Vital Sevillanoren izenean), Milagros Amuchastegui Cordeu eta Luis María Vital Sevillano, Pili Nicuesa Artozqui eta Antonio Carlos Garralda, eta Marifé Covarrubias Arriazu eta Francisco Javier Lasa Alfaro. Ekitaldiko aurkezleak atzeman bezala, “batzuk, ikastolako lehenengo junta eratu zuten; beste batzuk, ordea, etxea administratzen eta seme-alabak zaintzen geratu behar ziren; baina guztien artean eta auzolanean Zangozako Ikastola sortu zuten”.

Duela 46 urte abiatu zuten ikastolaren historia eta hori ere nabarmendu nahi izan dute aurtengo Nafarroa Oinezeko antolatzaileek. Izan ere, “haien seme-alabak euskaraz hazteko apostua egiteagatik, harresiak apurtzeagatik eta, batez ere, Zangozaldean euskara sustatzeagatik” eskaini diete omenaldia, egokiagoa izan ezin zitekeen lekuan, Zangozako Ikastolaren historia hasi zen horretan bertan.

Publiko artean ezkutatuta egon zen Nora abesbatzaren emanaldia.

Emanaldi hunkigarria borobiltze aldera, Karmengo entzutegiko argiak itzalita, publiko artean “kamuflatuta” zeuden Nora abesbatzako kideek euren emanaldia eskaini dute eta, ondoren, ikastolako ikasleek Arantxa Villanueva koreografoaren dantza oholtzaratu dute.