Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea eta erdialdea, Ager eremua, du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Hizkuntzak egiten gaituen bezala, kontsumitzeko erak ere egiten gaitu herri. Gure kontsumo hautuek eredu eraldatzaile bat indartu dezakete, eta hori herria egitea da. Herria hizkuntza da, lurra da baina baita ekoizle eta kontsumitzaileak ere, eta euren arteko harremanen nolakotasuna. Herritarrek ere badugulako erabakimena eta gure eguneroko hautuek badute zerresana eraldaketa horretan. Kontsumo-ohiturak aldatzea beharrezkoa da herriaren alde egiteko. Indartzeko edo izaera emateko. Izateko edo ez izateko.
Errigoraren Eskutik Eskura kanpainak beste gisara kontsumitzeko aukera bat eskaintzen digu. Euskal Herri osoa biltzen duen proiektu amankomun baten alde ekoizleak eta kontsumitzaileak biltzen ditu. Balioetan oinarritutako ekoizpen eraldatzaile bat (parte-hartzailea, bertakoa, euskalzalea eta bidezkoa) bultzatzeaz gain, Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuak gure etxeetaraino jatorrizko prezioan ekartzeko bide bat eskaintzen digu. Gure lurrak emandako produktuak kontsumitzeko, eta beraz, herria egiteko aukera bat da.
Eskutik Eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara ekarri nahi dituena. Eguneroko kontsumo-ohituretan eragiteko modu bat da, beste askoren artean. Kontsumitzeko modua aldatuz, ekoizteko eretan eragiteko bide bat.
Praktikan, oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak eskaintzen dira, urte guztirako besteko eskaera egiteko gonbidapena luzatuz, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Eta hau guztia, nola ez, auzolanean egiten dugu, 200 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntario nekaezinen lanari esker.
Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte- eta kontzientzia-hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren (ekoizle zein kontsumitzaileen) zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak. Bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denontzat.
Aipagarriak dira Errigoraren ibilbideak utzi dizkigun lorpenak, kontsumitzaileen bestelako hautuek eraginaren ondorio zuzena direnak. Hala nola, 2022an Nafarroako oliba-olio ekoizpen ekologikoaren %11 Errigoraren bidez merkaturatu zen, eta txitxirio ekologikoen kasuna %65. Honek argi erakusten du kontsumitzaile-ardatsuen sare honek baduela zerresana sektorean.
Egiari zor, Errigoraren komunitateak sortzen duen inpaktua neurtzea zaila da askotan, baina badira zenbait datu esanguratsu. Horietako bat da Errigorak merkaturatzen duen produktuen lehengaien atzean 900dik gora nekazariren lana dagoela.
Eta bukatzeko, denetan esanguratsuena; Eskutik Eskura kanpaina batetik bestera kontsumitzaileen kopurua handitzen doala, eta beti eskas geratzen direla eskaini ahal ditugun produktuak dagoen eskaria asetzeko. A priori “gabezia” dirudien horrek erronka berriak ez ezik, baldintzak ere eragiten ditu ekoizpen-alorrean aurrerapausoak emateko.
Berrikuntzak
Azken urteetako eskema errepikatuko dugu aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen duguna eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dugu eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan. Salbuespena dira arroz ekologikoa, ardo-sortak eta arbendolak 6ko lotetan banatuko dena. Ohikoa denez, hainbat berrikuntza izango dira aurtengoan:
» Ardoa sortetan (6 botilekoak) banatuko bada ere, ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza landuko du (erdi-ondua Azpeak, ondua Lezaunek eta ondu naturala Aristuk). Horietaz gain, formatu aldetik aurtengo berrikuntza Mendikoren bag-in-boxa da, 5 litrokoa.
» Babarrun zuri ekologikoak eskainiko dugu aurten lehen aldiz.
» Pikillo piper zati ekologikoak ere txertatu ditugu katalogoan.
» Arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko ditugu 200g-ko 6 paketeko loteetan: batetik, txigortuak gatzarekin eta naturalak bestetik.
» Pasta loteak ere izango ditugu, 400 g-ko paketeetan ohiko albahaka fussiliaria eta belar probentzal zaporedun fussiliaei, kotxa txuriak gehitu zaizkie.
Eskutik Eskura 2026
EGUTEGIA
ESKAERAK
• Online: errigora.eus webgunean.
Gure webguneak eskaintzen du eskaerak jasotzeko bide eraginkorrena eta sinpleena. Beraz, azken urteetan egin bezala, lehentasunez bide hau sustatzen saiatuko gara.
• Telefonoz: Hego Euskal Herritik (+34) 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik (+33) 532 09 35 45 zenbakietara deituz.
KANPAINAREN FUNTZIONAMENDUA
Eskaerak egiteko epea: Martxoaren 18a.
Eskaerak jasotzeko: Apirilaren bukaera eta maiatzeko hilean zehar.