“Ez da lehenengo aldia izan Nafarroa Oinez antolatzen dugula eta ez da azkena izango ere”. Hartara, eskerrak ematen abiatu zuen atzokoan Tafallako ikastolak eguerdiko 12etan Kulturgunean ospatu zen ekitaldia: “Eskerrak lagundu duenari, ahal duena egin duenari, bere gogoak jarri dituenari, bere gogoak jarri dituenari, bere denbora eskaini duenari”. Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolaren egun handiaz gozatzera eta euren babesa adieraztera bertaratu ziren Nafarroako Gobernuko ordezkari, eragile sozial eta ikastolen komunitateko ordezkariak bildu zituen ekitaldi hunkigarrian, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) urtero ematen duen saria iragartzeko baliatu zuen parada. Aurten, bere eskerrik beroenak urtero gonbidatuen otamena prestatzen duen Iparla Elkarteari eman nahi izan dio NIE-k, hain zuzen er: Iparla Elkarteari.

Josu Reparaz (NIEko zuzendaria), Tafallako Ikastolako lehendakari Aritz Azcarateri oroigarria ematen, Iparla Elkarteko lehendakari Orreaga Yabeni eman aurretik (atzean).

LAU HAMARKADA EUSKARAREN ALDE JARDUTEN

NIEko zuzendari Josu Reparazek aditzera eman bezala, “Oinezen baitan egiten duen ekarpen ugariengatik” eman diote saria elkarte iruindarrari. 1979An sortu abiatu zen Iparla Jolas eta Kultur elkartea 1979an Iruñeko Descalzos kaleko 71 zenbakia, euskaltzale talde baten ekimenez. Ordutik 40 urte luze igaro ditu herri ekimenean jarduten. Reparazek gogoratu moduan, “euskararen zentralidadean oinarri izanda, mendizaletasunari, ikastolari, kantuari, alfabetatzeari, hasiera eta oinarri eman dion elkartea”.

Sury Belloso dantzariak aurreskuaren bertsio klasiko bat eskaini zuen.

Abiatu zenetik, elkartearen eginkizun nagusia aisialdia lantzea izan da, euskal kultura defendatzea, mendizaletasuna eta Pirinioez bestaldearekin loturak mantentzea. “Tradizioak baloratzea da bere berezitasunetako bat, aurrerapen sozialak ahaztu gabe”, gogoratu zuen Reparazek.

“Elkarte honetatik kultura, zien-tzia, politikoa eta kirol munduko pertsona ospetsuak igaro izan dira”, gehitu zuen zuzendariak atzo. “Izan ere, elkarte honek ohiko tabu matxista zaharrak erbesteratu zituen, ateak beldurrik gabe irekiz, behin betiko urrunduz sexuagatiko diskriminazioa, sexu kondizioa, jatorri edo erlijioaren araberako diskriminazioa”. Guzti horrez gain, eta elkarteak egiten dituen urteroko egitarau finkoaren baitan, duela 20 urte baino gehiago Nafarroa oinezeko egunean gonbidatuentzako otamendua antolatzen du, Reparazek nabarmendu bezala, “oso otamendu ospetsua bere kalitate eta aurkezpen paregabeagatik”.

NIEko lehendakari Elena Zabaletak eta Aritz AzcarateTafallako Ikastolako lehendakari Elena Zabaletak eman zioten saria Orreaga Yaben Iparla Elkarteko lehendakariari eta Koldo Ayestaran elkarteko kideari. Artaxoako artisau eta Tafallako ikastolako guraso den Ttikin Bañalesek egindako oroigarria jaso zuten, hain zuzen ere. “Pozez jaso-tzen dugu sari hau”, erran zuen Yabenek, “baina baita apaltasunez ere. Izan ere 1979an sortu zen Iparla eta bazkideen artean Nafarroako Ikastoletako gurasoak zeuden. Beraz, haiek hasitako lana guk segitu eta mantendu dugu: guretzat ez da lana izan, auzolana baizik”.

Halaber, elkarteko lehendakariak Iparla Elkarteak prestatzen duen Nafarroa Oinezeko otamenean euren laguntza eskaintzen duten pertsona guztien “ekarpen desinteresatua” eskertu zuen, baita “urtero, doan eta isilik” laguntzen duten enpresena ere.