Lailaren 25ean izan genuen Bergaran Ikastolen ikasturte irekiera ofiziala. Bertan aipatu genuen aro berri bat markatzera gatozela. Gure gizarteak erronka berriak dituela eta ikastolak bagatozela erronka horiei erantzutera. Sortu ginenetik garai bakoitzak ekarri dizkigun desafioei ahalik eta ondoen erantzuteko ahalegina egin dugu, horretarako gogoetak eta egitasmoak landuz. Paz de Ziganda Ikastola horren lekuko da, 60 urte daramatza Iruñerrian pertsonak hezkuntzaren erdian jartzen, pertsona bakoitza bere osotasunean hartzen eta Ikastolako komunitatearen ongizatea zaintzen, bereziki ikasleena.

Haurrak dira gizarte bateko talderik zaurgarriena eta herri batek daukan altxorrik handiena. Haurrak etorkizuna dira, bai Nafarroan, bai Euskal Herrian eta baita Palestinan ere. Haiek ere merezi dute, bizitzea, ikastea, jolastea, zoriontsuak izatea eta etorkizun bat eraikitzea. Palestinako haurrak gureak ere badira. Ikastolak bagatoz, munduko haur guztiak errespetuz eta maitasunez haziko dituen mundu bat eraikitzera! 

Bagatoz diogu, eta bagatoz horretan denok kabitzen gara, gurekin batera bidea egin nahi duen pertsona eta proiektu oro. Elkarlanean sinesten dugu, besteen iritziak entzutea gustatzen zaigu, adostasunak bilatzeko lan egiten dugu. Uste dugulako denon arteko adostasuna lortzen dugunean, urrunago heltzen garela, errazago lortzen ditugula helburu partekatuak. Aurtengo Nafarroa Oinezen leloak dioen moduan eginen dugu: Buruz, Bihotzez, Oinez!

Ikastolak komunitate herrikoiak, kooperatiboak, prestatuak eta konprometituak gara: ikasleek, familiek, langileek eta ikastola zaleek osatzen duguna. Ikastolena herri proiektua da, herritarra eta herrikoia. Euskaraz biziko den herri euskalduna ari gara eraikitzen, eta herri honetan eragile izango diren pertsonak ari gara hezten. Auzolana, elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen hezkuntza mugimendu kooperatiboa da gurea, hezkuntza, hizkuntza eta kultur eragileei irekia eta haiekin elkarlanean diharduena. 

Egungo erronkei komunitate gisa erantzungo diegu, auto-eraketaren bidez Ikastolak atzo, gaur eta biharkoak gara: lurraldean errotuta dagoen eskola laiko, plural, solidario, aktibo, berritzaile eta parte-hartzaileak, modu demokratikoan parte hartzen eta partekatzen ikasten duena eta sareko lanari garrantzi handia ematen diona. Joan den mendean sortu ginen, euskara debekatua zegoenean, gaurko euskal herritarrak hezteko. Eta euskara ofiziala den zein ez den lurraldeetan ari gara lanean gaur, gure garaiko erronkei helduz: pertsonen aniztasuna eta berdintasuna, kulturen arteko harremanak, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, denon lurraren geroa, lurraldeen arteko lotura eta sareak, garapen pertsonala eta elkarren zaintza, euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena, lan mundua eta gizarte onura... horiek guztiak eta gehiago dauzkagu gogoan. Horregatik, bagatoz, betiko balioekin eta proiektu berriekin. Eta bagatoz zuekin, orain arteko gure bidelagun izan zaretenokin eta bidelagun berriekin. Erronka hauei modu kolektiboan heltzeak bidea xamurtzen duelako.

Ikastolak ez dira eskolak bakarrik; erresistentzia eta sorkuntzarako benetako guneak dira, hizkuntza eta kultura berreskuratzeko prozesu baten motorrak, eta horri esker euskarak hiztun berriak irabazi ditu, belaunaldien arteko transmisioa bermatu du eta, batez ere, hitz egiten dutenei harrotasuna eman die. Horietan, ikaskuntza ez da hizkuntza-kode bat menderatzera mugatzen, pertsonaren ikuspegi integral batean txertatzen da: balioetan, identitatean eta mundura irekitzean heztea. Ikastoletan hizkuntza gutxitu bat, euskara, defendatzen dugu. Honek ez dakar harresiak altxatzea, leihoak irekitzea baizik. Ikastolan hazten ari diren ikasleek euskara ikasten dute eta honekin, aniztasunean komunikatzea balio bat dela ikasten dute, ez dagoela kontraesanik norberarena zaintzearen eta besterena errespetatzearen artean. Hain zuzen ere, aniztasun horrek ahalbidetzen du beste leku batzuetatik datozenei sentikortasun handiagoz harrera egitea, komunitatean integratzeko aukera eskainiz eta, aldi berean, jatorrizko hizkuntza eta kultura errespetatuz.

* Nafarroako Ikastolen lehendakaria