Niri ere gustatzen zaizkit orain edonon agertzen zaizkigun argazki zahar horiek. Azken-azken berria Arabako Artxiboak abian jarri duen Photo-Araba da (ph eta guzti), oraindik gaztelaniaz bakarrik dagoena: 50.000 argazki dago bertan, eta edonork ikus ditzake webgunean, historialarientzat tresna ezinbestekoa. Niri ere gustatzen zaizkit argazki zahar horiek: nire kalea dena makalen arteko errekastoa eta bidezidorra izan zela behin; kale-kantoi horretan zegoen burdindegia desagertu dela, gero banketxea izan zela eta gaur egun ezer ez; orube desolatua zena gaur plaza gogor moderno desolatu horietako bat dela; orain lantegiak dauden lekuetan baratzak zeudela lehen. Niri ere gustatzen zait asmatzea non dagoen argazki zuri-beltz lauso horretan agertzen den kalea, zer izan zen erortzear dagoen arku hori, nondik nora zihoan trenbide estu hura.

Aztoragarria da, baina, konprobatzea desagertu diren leku horiek ezagutzeko gai naizela ez ahalmen bereziak garatu ditudalako, nik neuk txikitan leku horiek ikusi eta zapaldu nituelako baizik. Ez naiz nostalgia-zalea baina denboraren ausikia horren gordin sentitzea gogaikarria da batzuetan. Are aztoragarriagoa da niretzat argazki horietan agertzen den jendea ikustea: iruditzen zait hotz egiten duela beti eta den-dena dela gose, triste eta pobre; irribarretsu agertzen direnean ere (argazkietan denok atera nahi dugu irribarretsu edo interesgarri, baita instagram aurreko garaietan ere), ezin diot pentsa-tzeari utzi pertsona horiek neke handiak zituztela, oso bizitza latzak, batez ere argazkiaren datak zuzenean frankismora eramaten duenean zuzenean. Jenderik gabeko argazkiak lasaiagoak dira.

Zer pentsatuko dute 70 urte barru Melillako argazki berri horretaz? Ikusleak ez du jakingo hor lurrean agertzen den jendea, edonola pilatuta, gorputza den edo gorpua (nik zalantza egiten dut argazkia ikusten dudan bakoitzean). Zer pentsatuko dute gure garaiaz? Ankerkeria zabaldu eta onartu zela? Jenderik gabeko argazkiak lasaiagoak direla, ziur aski. Agian, hurrengo 70 urteetan argazki izugarriagoak egongo dira.