Herri txiki bat gara, eta izaten jarraitu nahi dugun borondatearen eta nortasunaren defentsa aktibo historikoan, adimena, maltzurkeria, jakinduria, ituna eta negoziazioa behar izan ditugu. Europako herrien multzoan nortasun propioa duen Herria gara, ondare historiko, sozial eta kultural berezi baten gordailua, geografikoki, gaur egun, bi estatutan kokatutako hiru esparru juridiko-politiko ezberdinetan artikulatutako zazpi lurraldetan oinarritzen dena. Izaten jarraitzeko gogoa duen Herria.

Irmoki sinesten dut gure aberria den Euskadik baduela bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea, 1990eko otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutakoaren arabera, eta nazioartean aitortutako herrien autodeterminazio eskubidearen arabera, besteak beste eta baita ere Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren arabera. Eta gaur erabaki horrek akordio berri bat, etapa berri bat, jauzi kualitatiboa dakarkie Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari dagozkion eskumen juridiko-politiko-legegileen alorrean. Estatus juridiko-politiko berri bat, “Burujabetzara” hurbiltzen gaituena, agintari juridikoekin eta goi-esparru politikoekin negoziatu eta adostuko litzatekeena. Lehenik «hemen» atxikimendu askean akordio politiko indartsu eta zabal bat lortuz eta gero «han» akordioa lortuz. Erabakitzeko eskubidean, negoziatzeko dugun gaitasun adimentsuan, adosteko beharrean eta integratzeko abilezian sinesten dut. Eta jarrera hau klaudikazioaren eta sumisioaren aurkakoa da. Eta horregatik, hain zuzen, gaur eta hemen, 2022ko Europan, ezin dugu utzi nahasten errealitatea eta ideala dena. Ziur nago euskal gizartearen barneko ituna -zeharkakoa eta lehen bildutakoen gainetik- eta ondorengo Espainiarekiko ituna direla gaur egun “Burujabetzara” hurbiltzeko bide politiko posibleak, hau da, Euskadi, nazioa, gero eta autogobernuagoa izateko helburua. Horretan sinesten dut. Izan zirelako. Eta garelako. Kimuak. Bedi.