Nago Txiripaz jaio nintzela mundu, ingurune, herri eta familia honetan, Txiripaz donostiar ama Xixili eta aita Inosen nituela. Bide-batez Txiripaz nituela Arantxa arreba eta Juan Ramon anai gaztea. Nago Txiripaz bizirik irten nintzela frankismoaren garai latzetan klandestinitate, arma/tiro/pum, lagun hil/fusilatu/desagertu, komisaldegi, polizi/etxe, itaunketa/tortura, espetxe, gose greba eta espetxe/matxinadetatik. Aita Inosenek bizirik ateratzea lortu bezalaxe kalapita politiko latz, guda, diktadura e.abarretatik. Txiripa omen alboan. Nago Txiripaz ezagutu nuela Patrizia nire emaztea orain 44 urte luze/zabal. Nago Txiripaz ere jaio zitzaizkigula bi alabak, Leire eta Enara izena dutenak hain zuzen. Nago Txiripaz ditudala hiru biloba, Noa, Natale eta Eki, laster laugarrena.

Txiripaz garaiz aurkitu zidatela esteetan minbizi makurra, eta Txiripazko garaiz horretatik sendatu osatuz. Txiripa zuen izena etxean izan genuen katu eme txiki felinoetan felinoena, Txiripa katuaren aurrean negar egin nuen inolako lotsarik gabe albaiteroaren bulegoko metalezko mahai hotzaren gainean bere azken hatsa eman zuenean bere ezker atzapartxoa amultsuki eta guztiz adeitsu heltzen nion bitartean irekiak zituen bere begietara so. Nago Txiripaz aurkitu didatela ia 70 urte dituen nire bihotzean akats txikiren bat. Kuriosoa pentsatzea eta hausnartzea zenbat zor diogun Txiripa izena duen bizitzako gertaera hori. Inork ez daki non dagoen, ezin asmatu dagoen leku edo esparrutik noiz eta nola irtengo den.

Ezin asmatu Txiripa gabe izango ote ginatekeen, ala ez. Fede, ideologi, aukera, esfortzu, borondate, ahalegin, zorte, sasi guztien gainetik eta laino eta fortuna guztien azpitik, Txiripa epai/patu erabakigarria. Txiripak aginduko noiz arte gaitezken mundu eta dimentsio hauetan. Txiripak, agian, erabakiko bigarren bizitzaren ezaugarri, kokapen, irrika, malko eta irriak. Txiriparen eskutan, halabeharrez, ezinbestez. Onerako/txarrerako Txiripa jaun/jabe. Bai. Bedi bada. Zaindu Txiripak!