Gaueko 11:30ak inguru. Carabanchel kartzelako O.P.-ko 6. galeriako 205 zelda. Ez dut gogoan eguna, ezta hilabetea ere. Urtea bai, 1977, Amnistia Legea. Hasiak ziren presoak kaleratzen poliki poliki. Entzuten genituen gauaren isiltasuna hautsiaz lagunak “Agur, laster arte” oihukatzen. Ezin jakin nor noiz irtengo gau-erdi partetan. Zerrenda ezezaguna baita senideentzat ere. Gau-erdia iristear, urduritasuna nagusi gutako bakoitzean. Halako batean 205ko atea ireki: “José Manuel Bujanda Arizmendi, recoja sus cosas, sale usted a la calle”. Dena prest aste pare bat, ondo bilduta, txukun. Nik ere oihu bakarra, ozen: “Agur, laster arte”. Iluna. Itzalitako pasillo luzeen isiltasuna zeharka. Kartzela sarrerako argitasunerantz iritsi eta mundu berri bat. Polizi multzo handia, haien artean igaro behar. Urrutira txalo hotsak, oihuak, garrasiak, txistulariak aurrez aurreko espaloian (“Aupa gizona, jaiki mutil”). Ama Xixili han aurrean nigana korrika errepidea zeharkatuz. Ama Xixili, emakume lodikotea, niregana ziztu bizian atleta-korrikalari trebea bailitzan. Besarkada estua, zintzoa, beroa, leiala, ama eta semearen arteko amestutakoa.

Ama Xixilik astebete zeraman gaueko ordu txiki horietan semearen zain, noiz ikusiko Carabancheleko ate ireki berritik irteten poltsa bizkarrean. Astebete. Gaixoa. Ama haserre nirekin, “nola atera haiz arropa zahar horrekin?... eta erositako berria non?”. Barruan. Behar gorritan zeudenei utzita. Inguruko taberna batetan garagardo pare bat telefonoz hiruzpalau dei bitartean. Lotara. Goiz esna. Goizago kalera, arropa berria erostera Donostiara habiatuko den Talgo trena hartu aurretik. Gasteizeko geltokian lagunak trenera igo, besarkadak. Une hunkigarriak. Gaueko 10retan Talgoa iritsi da Donostiako Norte geltokira. Geratu da. Atea ireki. Jendea erruz, irrintziak, agurrak, abestiak. Ezezagunen tartean ondoren emazte Patrizia dena. Eta aurrez aurre (bizitzaren kasualitateak) aitatxo Inosen. Aita-semearen besarkada. Negar isilak.