Julio Iglesias salatu duten emakumeen testigantzak beldurgarriak dira, baina abeslaria defendatzera irten direnen erreakzioek are nazkagarriagoa bihurtu dute kasua. Erasotuak izan baziren, zergatik ez ziren bada haren etxetik joan? Behin baino gehiagotan bortxatzen bazaituzte, hori jada ez da bortxaketa… Eta halako txotxolokeriak eta gaiztakeriak esan dituzte abeslariaren defendatzaileek.

Iglesiasek, bere aldetik, esan du ezin duela sinetsi munduan hainbesteko gaiztakeria egon daitekeenik. Eta horretan ados nago berarekin. Baina susmoa dut berak eta nik gaiztakeriatzat jotzen duguna ez dela gauza bera.Izan ere, niri gaiztakeria iruditzen zait kasua baloratzea kontuan izan gabe emakume hauek Julio Iglesiasekin bizi zuten botere-harremana, pentsatu gabe testuinguru horretan sexu-erasoak edo botere-abusuak salatzea ia ekintza heroikoa dela.

Emakume isolatuak, sarerik gabekoak, egoera ekonomiko zaurgarrian bizi direnak… Eta haien aurrean munduko gizon boteretsuenetako bat. Gizarteak frogak eta koherentzia eskatzen die salatzaileei, ahaztuta salatzaileak eta salatua ez daudela maila berean. “Inork ez dizue sinetsiko” esaten omen zien Iglesiasek emakumeoi, haien salaketaren arabera. Eta hori izaten da askotan oztopo nagusienetako bat emakume batek jasan duen erasoa salatzeko lekukoak ez dituenean: ekosistema oso bat bere kontra.

Epaileek esan beharko dute, bai, zer gertatu den “Izuaren etxea” deitzen zioten luxuzko jauregi horretan, baina ez dezagun ahaztu testuingurua: urtetan Julio Iglesiasek emakumeekin izan duen nagusitasun eta errespetu gutxiko jarrera mirespenez eta irribarre batekin onartu duen gizartea.

Iglesiasen kontra salaketa aurkeztu duten emakume horiek bezalako asko daude munduan, eta haien zaurgarritasuna eta mendekotasun egoera ez da ezaugarri pertsonal bat, baizik eta mendeetan eraikitako ekosistema baten ondorioa.