Ikastolen izatean dago herritik eta herriarentzako ikuspegia beraien hasieretatik gaur egun bitarte. Honela, Iñigo Aritza Ikastolak konpromiso hori du Burunda eta Sakanarekiko: herriari egiten dion eskaintza. Gure hizkuntza eta hezkuntza proiektuaren oinarri euskara eta euskal kultura izaki, geure geureak dira ikastola barruan ezezik, ikastolatik kanpo ere euskaraz bizi eta euskararen erabilera sustatzea. Geure oinarri horrek bat egiten du egun geure ikasleentzat definitua dugun irteera profilarekin, zeinetan euskaldun konprometituak eta herrikoiak nahi ditugula adostua dugun, besteak beste.

Oinarri eta azken irteera profil horri begira, elkarlanean adosten eta diseinatzen ditugu plangintzak. Honela, komunitate mailan hainbat ekintza bideratzen eta antolatzen gabiltza gelaz kanpoko horretan urtean zehar eragile aktibo izateko, eta gure ikasleek, seme-alabek ikastolatik kanpo euskarazko ekintza erreal eta gozagarriak izateko. Ekintza horietako bat dugu Gau Beltza eguna bera.

Badira urte batzuk Gau Beltza ikastola barruan ezezik, herrian berreskuratu eta berbideratu nahian gabiltzala geure balio, ohitura eta hizkuntzara berriro ere ekartzeko. Horretarako, lanketa bi mailatan egiten dugu: Gela barruan eta gelatik kanpo. Gure ikasle eta seme-alabentzat ezinbestekoa baita euskara eta euskal kultura alde bietatik edatea. Honela, ikasgela barruan modu kolektiboan bideratu dira lanketa orokorrak gure Hizkuntza Proiektu Lan-taldetik bideratuta. Lehenik, festaren balioak, jatorriak esamoldeak…arakatu eta landu ditugu tutoritzetan, teoriatik praktikara jauzi egiteko ondoren. Izan ere, hasierako horren ondoren, etapa bakoitzaren bereizgarriak oinarri, apainketak, tailerrak… egin baititugu.

Lanketa horietan guztietan hizkuntzaren trataera integrala izan dugu helburu hizkuntza komunikazioari etengabe erreparatuz gela barruan nahiz gela arteko kidetzeetan. Azken horretan, gainera, toki berezia eman nahi diegu geure gazteei, horiek hizkuntza, ohitura eta balioetan eredu bilakatuz.

Ikastola mailako lanketaren amaiera gisa, egun berezia antolatu ohi dugu komunitate moduan gaztain erretze eta jatearekin. Bertan, familiek, ikasleek eta langileek parte hartzen dugu komunitate izaera indartuz.

Aitzitik, hasieran esan bezala, lanketa haratago eraman dugu, eta arratsaldean, herrian euskal kultura sustatzeko asmoz eta haur eta gazteentzako euskal eskaintza zabaltzeko helburuarekin, plazatik abiatutako kale-erronda misteriotsua antolatu dugu.

Ikastolako irakasle eta gurasoen arteko elkarlanaren ondoren, auzolanean guraso bolondresen artean antolatutako ekintza izan da. Ekintzak berak herriko hainbat eragile, pertsona erreferente eta bestelako bolondresekin harremanetan jartzea eskatu du, ikastola herritik herrirako filosofia hori agerian utziz.

Hiru bilera egin ziren, eta emaitza: Herriko kale erronda misteriotsua. Geure aiton-amonen ohiturak berreskuratzearekin batera, festa geure egiten ahalegindu gara ikastolaren filosofia horretan txertatuz eta egungo gizartearen ezaugarrietara sormenez egokituz hizkuntza erdigunean jarriz. Honela, geure beldurrei elkarrekin izena jarri genien, elkarrekin jatekoak bildu, elkarrekin beldurrak erre eta elkarrekin euskaraz bizitzeko aukerak sortu genituen.

“Saria eta ziria” edo “Truko-trato” hautagai ditugun gizarte honetan, euskara eta euskal kultura geure benetako saria izango direla argi dugulako: “Xanduli Manduli, kirrikiki…eman euskara eta euskal kultura ikastolatik herriari!”.