Ainhoa Etxegarai Elgorriaga eta Irantzu Goienetxe Batizekin elkartu ginen lehengo astean Berako Labiaga Ikastolan. Ikasle artean aritu ziren kontu kontari, ttikienetik hasita, DBHra bitarte. Biak Labiaga Ikastolako ikasle ohiak dira eta biak irakasle lanetan dabiltza orain Labiagan; bata Gorputz Hezkuntzan praktikak egiten dabil, orientatzaile gisa lanean bertzea. Baina ez ditugu horregatik elkarrizketatu soilik. Horregatik, eta munduko txapeldun bihurtu direlako ere bai. Beti Gazte Sokatira taldeko kideak dira eta oraindik ere emozioari ezin eutsi daude. Munduko txapeldun hainbat kategoriatan. Zorionak, neskak! Eurei eman diegu hitza, eta euren ahotik jakinen ditugu hainbat kontu. DBHko ikasleek elkarrizketatu dituzte.

Aurkeztu ezazue zuen burua.

Ainhoa (A)– Ni Ainhoa naiz eta 21 urte ditut. Beratarra naiz eta duela 3 urte hasi nintzen Beti Gazte sokatira taldean.

Irantzu (I)–Ni Irantzu naiz eta 23 urte ditut. Lesakarra naiz eta ni duela 6-7 urte hasi nintzen Beti Gazte sokatira taldean.

Nondik ailegatu berri zarete?

(I)–Astelehenean, ailegatu ginen Suediatik, bertan ospatutako munduko sokatira txapelketan parte hartu genuen. Astebete igaro genuen bertan.

Ez zarete esku hutsik etorri. Zenbat domina lortu dituzue?

(A)–Talde bezala 11 domina lortu ditugu, 6 klub mailan eta selekzio mailan bertze 5. Horien artean 6 urrezko, 3 brontzezko eta 2 zilarrezko.

(I)–Kamiseta berde argiarekin aritu garenean Beti Gazte taldea ordezkatzen aritu gara. Kamiseta berde ilunarekin geundenean, berriz, Euskal Herriko Selekzio gisa. Gorriz agertzen garenean, Euskal Selekzioko uniformea goenuelako zen.

Zer sentitu zenuten lehendabiziko mundiala irabaztean?

(I)–Aurten lehendabiziko aldiz irabazi dugu Beti Gazteko emakumezkook urrezko domina, mutilek jada irabazia zuten. Hori guretzat poztasun handia izan zen eta gauza aunitz sentitu genituen aldi berean: harrotasuna, nekea, denetik, baina batez ere sekulako poztasuna. Poztasun handia.

Mundialak alde batera utzita, zein izan da izan duzuen aurkaririk errazena?

(A)–Ez da erraza galdera honi erantzutea, Euskal Herri mailan maila aunitzetakoak baitaude, adibidez, Antsoain, tiralari berri aunitz sartzen dituen taldea da eta esperientzia falta sumatzen da. Hori izan da talderik errazena agian.

Eta zailena?

(I)–Mundu mailan Txina Taipei izan da aurkaririk zailena, azken finean, horretara dedikatzen dira eta nabaritzen da aunitz entrenatzen dutela. Euskal Herri mailan, berriz, Ibarra da talderik gogorrena eta gurekin lehia gehiena izan duena.

Gomendatuko zenigukete sokatiran hastea?

(A)– Bai, nik edozeini gomendatuko nioke sokatiran hastea, deskubrimendu bat izan zen niretzat. Beti Gazten gutxienean giro hagitz erosoa dugu, errespetua, bromak, beti dago norbait irribarre bat ateratzeko prest… Sokatiraz gain, talde-giroagatik animatuko nuke jendea.

Sokatiran aritzeko sekretu edo trukoren bat erranen zenigukete?

(I)–Sekreturik handienak, entrenamendua, konstantzia eta gogoa dira. Entrenatu beharra da kirol guztietan bezala eta denbora dedikatu behar zaio. Baina gogoa da ezinbertzekoa dena.

Denen artean zenbat pisatu behar duzue?

(A)–Badaude kategoria desberdinak. Emakumeen kasuan bi kategoria daude, 8 lagunen artean 500 kilo ala 540 kilo pisatu behar ditugu, edo gutxiago. Gizonezkoen kasuan, berriz, lau kategoria daude; 560, 600, 640 eta 680 kilokoak. Azkenik, kategoria misto bakarra dago, 580 kilokoa dena.

Beti Gazte taldeko neska eta mutilek zer harremana duzue zuen artean?

(A)–Harreman hagitz ona dugu Beti Gazten, talde giro bikaina. Egia da guk zorte handia dugula mutikoek duten esperientziagatik, duela 25 urte lortu baitzuen Beti Gazte gizonezko sokatira taldeak bere lehenengo urrezko domina. Horregatik, izugarrizko zortea dugu eurek erakutsi digutelako dakigun guztia.

Galdera pertsonal bat eginen dizuegu oraingoan. Sokatiralariak, lehendik zineten lagunak, edo sokatiran ezagutu duzue elkar?

(I)–Bi gauzak. Nesken kasuan, taldean hiru neska daude koadrilakoak direnak baina orokorrean sokatiran egin gara lagunak, azkenean adin desberdinekoak gara, gazteenak 19 urte ditu eta zaharrenak 54. Eta harremana sokatiran egin dugu.

Eskerrik asko Ainhoa eta Irantzu! Mundialak zarete!