Gure egunerokotasunean normalizatuta dago: telefono mugikorra eskuetan hartu, pantailari begiratu, eta jakinarazpenen bat iritsi zaigun ala ez bilatu. Baina ia automatikoki edo ohartu gabe egiten dugun keinu inozo horrek uste baino gehiago baldintzatzen du gure arreta eta atsedena. Pasa den martxoaren 7an izan zen Deskonexio Digitalaren Munduko Egunaren harira Amazon Kindlek Estatu mailan egin duen azterketa batek fenomeno horren irismena agerian uzten du: Estatuko herritarren % 93k orduro begiratzen ditu gailuak jakinarazpen berrien bila eta, zenbaitek egunean 58 aldiz kontsultatzen ditu bere gailuak.
Neurozientzialariek ohartarazten dutenez, gure artean gero eta hedatuagoa dagoen jokabide hori mendekotasun bat bihurtzen ari da, eta estrategia argiak proposatzen dituzte estres digitaletik ihes egiteko.
“Jakinarazpen baten soinu edo dardara sentitzen dugunean, gure garunak berehalako arreta behar duen zerbait bezala interpretatzen du, etengabeko alerta egoeran mantenduz”, azaltzen du Oxfordeko Unibertsitateko psikologia klinikoko irakasle eta Wellcome Trust-eko ikertzaile nagusi Mark Williams doktoreak. Williamsek adierazten du jokabide horrek mendekotasun jokabide baten antzekotasunak dituela: “Jakinarazpenek dopamina askapenaren eragile izan daitezke, eta horrek pertsonak bultzatzen ditu beren telefonoak konpultsiboki begiratzera, jakinarazpen berrien zain”.
Mendekotasun horren atzean ezkutatzen dena kezkagarria da: neurriz gaineko informazio karga bat, etengabeko konexio beharra, eta presentzia digitalaren exijentzia. Teknologiarekin dugun harremana gero eta gehiago moldatzen dute sare sozialek eta komunikazio-aplikazio eta -zerbitzuek, etengabeko konexioa sustatuz eta erabiltzaileen arreta bereganatzeko borrokatuz.
Telefonoarekiko mendekotasun horren inguruan Censuswidek, aurten bertan, Estatuko 2.000 helduri egindako inkestaren arabera, etengabeko konexio horrek eragin nabarmena dauka gure eguneroko bizitzan. Izan ere, jakinarazpen batek gure arreta desbideratzen duen bakoitzean, 60-90 segundo behar ditugu hasieran egiten ari ginen zereginean berriz ere kontzentratzeko. Denbora-tarte labur gisa pentsa daitekeen arren, etengabeko etenaldiek eragin esanguratsua dute gure eraginkortasunean. Hain zuzen ere, inkestatuen % 71ek adierazten du maiz distraitzen dela bere gailuetako jakinarazpenengatik.
Hiperkonektibitatea oheratu arte
Inkesta horrek, gainera, beste datu kezkagarri bat utzi du agerian: espainiarren % 35ek oheratu arte jakinarazpenak jasotzen jarraitzen ditu. Azken orduko esposizio horrek zuzeneko eragina du loaren kalitatean eta, adibidez, inkestatuen % 41ek atseden hartzeko arazoak dituela adierazten du. Gailuak eta jakinarazpenak ohera eramatearen ondorioak argiak dira: inkestatuen hiru laurdenek baino gehiagok onartzen dute aurreikusitakoa baino beranduago lokartu direla gailuetako jakinarazpenei adi egoteagatik. Horrek lo-gabeziaren eta estres handiagoko gurpil zoro bat sortzen du, hurrengo egunean kontzentratzeko zailtasun handiagoak eraginez.
Izan ere, jakinarazpenen kultura horrek lan esparruan ere baditu ondorioak. Datuen arabera, europarren % 27k ezin du digitalki deskonektatu lan eguna amaitu ondoren. Gainera, % 20-25 artean ordaindu gabeko lanak egiten ditu ohiko ordutegitik kanpo, hala nola mezu elektronikoak erantzunez edo deiak jasoz, lanarekiko etengabeko konexioa indartuz.
Hezkuntza eta osasun sektoreetan eragina are nabariagoa da: irakasleen % 42 inguruk konektatuta jarraitzen du lan orduetatik kanpo zalantzak argitzeko edo materialak prestatzeko. Datu horiek herrialdean deskonexio digitalerako politikak indartzeko beharra azpimarratzen dute, Gobernuak 2025ean deskonexio digitalerako lege berriarekin egin duen bezala.
Aipatutako lege berriaren arabera, langileek eskubidea dute lan ordutegitik kanpo lokalizatuak ez izateko. Enpresek betebehar argia dute langileei deskonexio digitalerako eskubidea bermatzeko, eta neurriak ezarri beharko dituzte horretarako. Legeak aurtengo abenduaren 31ra arteko epea ezartzen du enpresek neurri horiek aplika ditzaten, eta zigorrak aurreikusten ditu horiek betetzen ez badira.
Estatuari dagokionez, badirudi telelanak joera hori areagotu egin duela, bereziki pandemiaren ondoren. Azken ikerketek adierazten dute urrutiko langileen % 39k deskonektatzeko zailtasunak dituela, lan- eta norberaren gailuak integratzearen ondorioz. Fenomeno horrek bereziki eragiten die teknologia eta zerbitzu sektoreei, non ordutegiz kanpoko prestasun altua espero den.
Estresaren eragina eta deskonexiorako estrategiak
Amazon Kindleren azterketa honek erakusten du jakinarazpenek ondorio sakonak dituztela pertsonengan. Gailu digitaletan etengabeko konexioan egotea gaueko estres eragile nagusietako bat izan daiteke. Datu esanguratsu gisa, espainiarren % 89 estresatuta sentitzen da gauero, eta bostetik bik (% 41) zailtasunak dituzte erlaxatzeko.
Estres hori arintzeko, herritarrak hainbat estrategia erabiltzen saiatzen dira, hala nola telebista ikusi (% 71), musika entzun (% 61) edo liburuak irakurri (% 28). Hala ere, deskonexio momentu horiek ez daude etenaldietatik libre, inkestatuen erdiak (% 54) sarritan distraitzen baitira. Hortaz, zer egin egunaren amaieran deskonektatzeko eta erlaxatzeko? Adituen ustetan neurririk eraginkorrenetako bat oheratu baino ordubete lehenago pantaila guztiak itzali, telefonoa hegaldi moduan jarri eta begi-bistatik kanpo uztea da. Modu horretan, logelan gauden bitartean, jakinarazpenak jasotzeko aukerak mugatuko ditugu.
Okerrera joan daiteke
Ikerketa hau hiperkonektibitatea eta gailu elektronikoen mendekotasuna gero eta kezka handiagoa den testuinguru batean kokatzen da. Adituek ohartarazten dute jakinarazpenen epidemia hau hazten jarraitu dezakeela teknologia berrien garapenarekin, bereziki errealitate areagotua, adimen artifiziala eta etengabeko konektagarritasuna sustatzen duten gailuekin.
Hala ere, deskonexio digitalaren aldeko gizarte-kontzientzia ere hazten ari da. Gero eta gehiago dira “detox digital” programak, deskonexio mentalerako aplikazioak, eta arreta osoa sustatzen duten ekimenak. Erronka handia dago aurrean: ongizate digitala eta konektagarritasun baliagarria uztartzea, baina gure arreta, eraginkortasuna eta osasun mentala kaltetu gabe.
Adituek gogorarazten dute teknologia ona dela, baina mugak ezartzea gure esku dagoela. Kontsumitzaileek neurri sinpleak har ditzakete, hala nola jakinarazpenak pertsonalizatzea, “ez molestatu” modua konfiguratzea, edo pantaila-denbora mugatzeko aplikazioak erabiltzea. Azken finean, gailu modernoek gero eta aukera gehiago eskaintzen dituzte erabiltzaileak berak kudea dezan nola eta noiz nahi duen konektatuta egotea. Williamsek berak azpimarratzen du “gailu digitalekiko dugun harremana guk geuk kontrolatu behar dugula, eta ez alderantziz. Azken finean, arreta gure baliabiderik baliotsuena da, eta hori nori eta zeri ematen diogun erabakitzen jakin behar dugu”. Orekan dago gakoa: teknologiaren abantailak aprobetxatu, baina gure ongizate fisiko eta mentalari lehentasuna emanez. Agian, deskonexio digitalaren aldeko kontzientziazio handiagoa izango da ondorengo urteetako joera nagusietako bat, hiperkonektibitatearen ondorio kaltegarriei aurre egiteko.