Ikastola da geure etxea, teilatupean belaunaldi andana hazteko berotasuna biltzen duen etxea. Geure ikastolako zimenduak baina, ez dira hormigoizkoak, auzolanak dira, denon eskutik jositako sare batek eusten baitio gure proiektuari. Auzolana da gure oinarrizko hizkuntza isila: dena esaten duena, hitzik erabili gabe.

Aitzinetik datorkigun lankidetza forma bat da, auzotar, herritar eta bizilagunen arteko elkartasunean oinarritua, herriarentzako eta herritik sortua. Landa eremuetan bereziki errotua, lehen auzokoen artean herriko eta basoko toki komunetan egiten ziren lanak izendatzeko erabiltzen zen auzolan hitza; gaur egun ordea, lankidetzaren sinonimo bihurtu da gurean.

Partaide orok, modu batean edo bestean, bere harri-koskorra jarri izan du. Eta Andra Mari Ikastolaren kasuan ere, auzolana izan da, da eta izango da gure nortasunaren eta bidearen zutabe nagusietako bat. Elkarrekin egiten duguna gara, eta egiten dugun hori da gure ikastola. Horregatik, gure proiektua bizirik mantentzeko, ezinbestekoa da auzolana, elkarrekin eraikitzen jarraitzeko ardatz.

Auzolan mota ugari daude, eta helburuaren arabera sailkatu daitezke. Lehenik eta behin, gastua murrizteko egiten diren auzolanak aipatu behar ditugu. Horien adibide argienak dira mantenu eta konponketa lanak: Andra Mari Ikastolako bi eraikinen eguneroko egoeraz Mantenu Batzordea arduratzen da, eta horrek gastu ekonomikoak txikitzea dakar. Zenbaitetan lan hauek auzolan bidez egiten dira; beste kasu batzuetan, batzordeko kideek beren gain hartzen dituzte. Halaber, ikasturte hasieran egin beharreko garbiketa orokorrak ere auzolanean antolatzen dira, urtearen hasierako lan pilaketa arintzeko. Era berean, Oinez Basoaren mantenuan diharduen taldetxoaren lana ere aipatzekoa da, ikastolarentzat hain garrantzitsua den ingurune hori zaindu eta bizirik mantentzen duelako.

Bestalde, diru sarrerak lortzeko egiten diren auzolanak ere ezinbestekoak dira gure egunerokoan. Gure herrietako txozna klasikoak ez ezik, badaude bestelako ekimenak ere: talo postuak, sukalde taldea, loteria salmenta... Ekintza horien antolaketa Sustapen Batzordeak bideratzen du, eta Muntai Taldearekin elkarlanean prestatzen dira. Helburua argia da: ikastolarentzat diru sarrera osagarriak lortzea, komunitate osoaren inplikazioari esker.

Era berean, beste ikastolekin elkartasunean oinarritutako auzolanak ere gure egunerokoaren parte dira. Nafarroa Oinez dugu horren adibide garbia. Urtero ikastola batek antolatzen duen jaialdi erraldoi honetan, gure ikastolak ere parte hartzen du: bai Nafarroa Oinez egunean bertan, bai aurretik antolatzen den Oinez Txokoan. Gure txandak betetzea eta gure ekarpena egitea ezinbesteko bihurtzen da, ikastolen arteko sareari eusteko eta elkartasunaren haria ez eteteko.

Halaber, ikastolako bizitza osatzen duten bestelako auzolanak ere badira. Ikasturte bakoitzean antolatzen diren ospakizun eta ekitaldi askok —Olentzero, Santa Ageda, inauteriak...— auzolana eskatzen dute. Une berezi horiek gure kultur transmisioa eta komunitatearen kohesioa lantzeko aukera paregabeak dira. Bestalde, urtero egiten den binakako lasterketa ere auzolanaren bidez gauzatzen da: antolaketa lan talde batek prestatzen du eta egunean bertan familia askoren parte-hartzea beharrezkoa izaten da, ekimena arrakastatsua izan dadin.

Gaur egun, gure ikastolan, familia bakoitzak gutxienez bi auzolan egiten ditu ikasturte bakoitzean. Ezinbestekoa da auzolan hauetan parte hartzea, izan ere, auzolan bakoitzaren atzean prestaketa lan handia dago, eta horrek komunitatearen batasuna eta gure proiektuaren iraunkortasuna bermatzen ditu.

Auzolana ez da iraganeko ohitura bat, baizik eta gaur egungo ikastolen funtzionamendua bermatzen duen tresna eraginkorra. Ikastolen mugimendua jende askok herri askotan egindako borondatezko lanari esker jaio eta hazi zen. Andra Mari Ikastolan ere, egun, auzolanak funtsezkoa izaten jarraitzen du, elkarrekin eraikitzen dugun etxe horren hormak tinko mantentzen baititu.

NAFARROA OINEZ: AUZOLANAREN ADIBIDE

2023an antolatu genuen Etxarrin geure azkeneko Nafarroa Oinez, eta auzolan erraldoi haren bidez lortutako baliabideak DBHko eraikina zaharberritzeko erabiltzen ari gara. Hori dela eta, ura bere bidean doan bezala, Andra Mari Ikastolako berritze lanak ere aurrera doaz.

GALDARA BERRIA ETA ISOLAMENDU TERMIKOA

Gasolio depositua kenduta, galdara berria martxan da dagoeneko. Aerotermia eta gasa konbinatzen dituen sistema instalatu da. Honek, inguratzen gaituen airean bero moduan biltegiratutako energia aprobetxatzen du eta ikastolako berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren beharrak asetzen lagunduko digu. Energia berriztagarria erabiliz, garbiagoa da eta aurrezpen energetikoa ziurtatzen du.

Isolamendu termikoaren lanak ere abian dira. Isolamenduari esker, berriz ere eraginkortasun energetikoa hobetuko dugu, eraikuntza barruko beroa hobeto gordez, eta ziurtatuz, hormetako zirrikituetatik kanpoko hotza sartzen ez dela negu gorrian. Ingurunearekiko errespetuan, beste urrats garrantzitsu bat izango da.

Geure helburuetako bat, ikastolako eraginkortasun energetikoa bermatzea izanik, bai lan hauek, nola etorkizunean etorriko direnek ere ingurunearekiko errespetuan sakontzen lagunduko digute.

Amaitzeko, gogoratu etxe bat hormigoiz eta adreiluz eraikitzen bada, ikastola, konfiantzaz, elkartasunez eta auzolanez eraikitzen dela. Azken batean, gehiago balio duela milaka lagunek egindako apur batek, pertsona bakar batek egindako milak baino.