tafalla - Gure Ikastolako Haur Hezkuntzako etapan SUSTRAI proiektua garatzen jarraitzen dugu, haurrari protagonismo gehiago eman nahian eta pedagogia aktiboago baten aldeko apustua eginez.

Gure hezkuntza eredu honek espazio berrien diseinua behar zuen XX. mendeko geletatik XXI. mendeko guneetara pasatzeko. Espazio aldaketa honi buruz hitz egingo da azaroaren 28an Tafallako Kultur gunean eskainiko dugun hitzaldian.

Udan zehar gurasoen laguntzarekin egindako obran ingurugiro goxo, ireki eta motibagarria eraikitzen saiatu gara, haurrak eta bere ideiak gatibaturik gera ez daitezen. Izan ere, ingurugiroak ikasleen eta hezitzaileen emozio eta jarreran eragiten duela ukaezina baita. Gure ikastolan gune hauek eraiki ditugu:

Mugimendu gunea: Mugimendua da haurren garapenaren ardatz nagusia.

Gune sinbolikoa: Espazio honetan ikasleek beren barnea proiektatzen dute jolasaren bitartez. Rol desberdinak hartzen dituzte; alde batetik, omnipotentzia beren beldurrak gainditzen joateko eta, bestetik, bizitzako eguneroko bizipenak, erosketak, etxea, medikua eta abarren rolak an-tzezteko.

Eraikuntza eta logika gunea: Haurrak garatzen doazen bitartean, eraikitzeko trebetasuna erakusten dute eta berau gauzatzeko hainbat material eman behar zaie. Espazio hau lasaia da eta jolas kognitiboak daude. Esate baterako: Montessori erretiluak, mini arkua, puzzleak?

Esperimentazio eta sormen gunea: Haurrek berezkoa dute esperimenta-tzeko sena, hortaz, esperimentatzen, margotzen, euren gorputzarekin sor-tzen ikasten dute.

Kanpo gunea: Honi garrantzi handia ematen diogu. Espazio honetan ere beren senak piztu eta beren gaitasunak eta konpetentziak gara ditzakete. Gainera, ingurumena nola erabili eta zaindu ikasteko ardura eskaintzen du.

Familientzako gunea: Atxikimendua lantzeko espazioa da, haurrak ziurtasuna irabazi eta honela beste guneak arakatzeko. Familien arteko harremanetan asko laguntzeaz gain, Ikastolako hezkuntza asko aberasten du.

Gure nahia da, ikasteko testuinguru egokia sortzea haur bakoitzak bere talentu osoa gara eta aska dezan. Horretarako, haurren beharrak behatu eta ezagutu behar ditugu.

Orain, Haur Hezkuntzako ikasle txiki eta handiak guneetatik nahasten dira, interesen arabera. Horrela, euren denbora autoerregulatu eta kudeatu dezakete. Gainera, beraien senei (zaindu, erakutsi, arakatu, erlazionatu?) erantzuna emanez eta gaitasunak garatuz, txikiek ere imitazioz ikasi dezakete.