Atakondoan emozioak ikastetxeko dinamikaren ardatz

haurrek ikasi behar dituzten konpetentziak ahalik eta modu esanguratsuenean bereganatzea oinarrizkoa da

08.02.2020 | 14:47
Garrantzizkoa da emozioak identifikatzea eta izendatzea.

etxeko berriak

Eskolak haurraren bidelagun izan behar du bere bizitzarako gaitasunen bereganatze eta garatzean. Hala ulertu eta sinesten dugulako, emozioak gure eguneroko jardunaren ardatz bihurtzeko ahaleginetan gabiltza Irurtzungo Atakondoa ikastetxean.

Matematika, Gizarte, Hizkuntzak, froga diagnostikoa, ikasleen jarrera, boletinak.... ikasle, irakasle eta familien pentsamendu eta kezka izan dira beti. Haurrek bereganatu behar dituzten konpetentziak ahalik eta modu esanguratsu eta motibagarrienean bereganatu di-tzaten hausnarketak eta formakuntzak egin izan ditu irakasleriak, ikasgelako metodologian aldaketak eginez.

Hausnarketa bideak sortzen duen zalantza eta emozio zurrunbiloaren erdian haurren garapenean laguntzeko ezinbestekoa den oinarria aurkitu dugu: haurraren ongizatea eta horretarako ezinbestekoa den emozioen kudeaketa; identifikazioa, erregulazioa eta adierazpena.

Ikasgelan biltzen garenak pertsonak gara, ikasleak eta irakasleak, nork bere izaera, ezaugarri, familia, inguru eta egoera dugu, eta hauek norberaren emozioetan eragin zuzena dute. Atakondoa eskolan emozioak eta hauen kudeaketa ikastetxeko dinamikaren ardatz izatea nahi dugu: txikien emozioak, gaztetxoenak, familienak, irakasleenak eta eskola komunitatea osatzen dugun guztionak.

Gure eskola Nafarroako ikastetxeetako Sare Sozioemozianalaren barruan dago 2016/2017 ikasturtetik. Proiektua definitzea erraza izan ez den arren kezka, zalan-tza, ardura eta borondatea nabariak dira. Urtetik urtera bidean argia ikusiz goaz, ikasgeletan dinamikak txertatuz eta batez ere, haurrekiko eta eskola komunitatea osatzen dugunekiko begirada irekiz eta goxatuz.

Azken bi ikasturteetan "Emozioenartean" proiektua egin dugu, eskolako sarreran hormairudi handi bat sortu dugu ikasgeletan emozioen identifikazioaren inguruan egindako ekintzen irudiekin.

Ikasturte honetan, Sare Sozioemozionalak koordinatzaileei eskainitako formakuntza baten lagun-tzarekin, proiektua berdefinitu eta zehazten ari gara. 35 irakaslek formakuntza sozioemozionala jaso dugu eta urtarriletik aurrera ikasgeletan emozioen identifikazio-erregulaziorako ekintzak eta txokoak martxan jarriko ditugu.

Familiek gaiaren inguruko interesa adierazi dute, formakuntza eginez eta ikastetxeko ekintzetan euren alea jarriz, esate baterako, azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean (azaroak 23) antolatu zituzten ekintzetan.

Lan handia dugu oraindik egiteko, pertsonalki barrura begira eta ikastetxe mailan, baina benetan sinisten dugu hau dela gure txikiekin, etorkizuneko helduekin, egin beharreko bidea, emozioa baita bizitzaren motorra.