Eguberrian murgildurik gabiltza kristauok, neguko solstiziokoetan beste batzuk, festa zoriontsuak opatuz gehienok. Eguberri on esaten dugunean, zinez esan nahi dugu egunen zahartzaroa amaitu dela, gure aroa erabat antzaldatu dela. Zeren eliztarron Jainkoak ñabardura hunkigarria dakarren: haurtxo jaio berria, etorkina, kanpokoa, ostatuan tarte izpirik gabea, eta kobazuloan nolabait kokatua. Jainko bat izatekotan, holakoa behar du izan?

Ateoek arrazoi osoz, giza bizitzaren etsaitzat hartu dute apezon mezua hainbestetan. Bitalismoaren haritik, fede katolikoan puntu nihilista eta ezkorra sumatu dute, beldurraren poderioz erabateko egia borobilak proposatzen zirelako. Hargatik, mundu ikusgarria landu dute, ikusezinaren kaltetan. Eta mundua interpretatu ordez, eraldatzera abiatu dira kementsu.

Betleemeko jaio berria ordea, kontzientziak esnatzera etorri da, ez logale eroso eta konplize bat eskaintzera. Ume honek, ume guztiek bezala, hunkipena dakar gure biho-tzetara, bere mugak eta ahultasuna nabarmenak direlako, gure esku dagoenez, inolako babes eta defentsarik gabe. Nazaretarraren jarraitzaileok entzun dugu laugarren ebanjelioan Hitza haragi egin zela, eta gure artean jarri zuela bere etxola.

Eguberriak hartaz, badu zer ikusirik gure haragiarekin, norberaren ezintasun eta gogo, muga eta ametsarekin. Espirituak argitutakoa baita gure gorputza, eta gorpu-tzaren bidez garatzen dena, gure espiritua. Jainkozkoa da gure senidea, eta Jainkoa, senideak bideratzen duena, aldrebes xamarra, egia esan.

Hargatik Eguberri on, eskura dugulako lagun urkoa nola Jainkoa, bata bestearen mesedetan. Jainko bat izatekotan, Maitasun hutsa behar du izan. Jainkozko lege bat izatekotan, askatzailea eta zinez eraldatzailea behar du. Hargatik bai, merezi zuen zeruko aintza utzirik, giza bazter eta txoko oro betetzera etortzea. Eta Emmanuel, (Jauna gurekin) izena hartu eta Jesus (salbatzailea) bezala aurkeztu.

Eguberri on, gizon emakumeok badugulako nori begira egon, nori adi entzun, egun bakoitzak oparituko digu bestea, eta senide dela konturatuko gara. Horrela Hitza ulergarri eta entzungarri izanen da edozein seniderengan. Eta gu ezagutuko gaitu Goikoak gure etxeko atea besteari irekiko diogun bakoitzean.

Egilea Euskal Pastoraltzako zuzendaria da