BILBO. 2030erako energiaren kontsumoa %35 murriztea dute helburu Herri administrazioek. Administrazioei laguntzeko 100 milioi euroko finantza tresna jarriko da martxan.

Energia politikaren orientazioari jarraikiz, euskal administrazio publikoen eremuan energia jasangarritasunerako oinarrizko arauak ezartzeko eta administrazio horiek bete beharreko eginkizunak eta betebeharrak zehazteko lege proiektua landu zuen Jaurlaritzak joan den legealdian.

Bada, legea ostegun honetan onartu du Eusko Legebiltzarrak, eta administrazio publikoaren maila guztiak hartuko ditu eraginpean. Zehazki, eraikinei, etxebizitzei eta garraio erregulazioei lotutako betebeharrak ezartzen ditu, eta, eremu pribatuan, industria, zerbitzuak eta merkataritza, bizitegi sektorea eta garraio publikoak hartzen ditu eraginpean.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak akordioaren inguruko balorazio positiboa egin du: "Euskadik energia trantsizioa egiteko behar duen herrialde itunerako oinarriak ezarri dira adostasunez".

Energiaren etorkizuneko hornidurak erronka handiak dakartza euskal gizartearentzat, Euskadiko energia matrizea jatorri fosileko erregaien mende baitago neurri handi batean (energiaren kontsumoaren %80tik gora). Horrela, Tapiak adierazi duenez, legearen bidez aurre egin beharreko erronka garbia da: berotegi efektuko gasen emisioak eta osasunerako kaltegarriak diren kutsatzaile atmosferikoak murriztea. Hori dela eta, "jarrerari, konpromisoari, errealismoari, orekari eta erantzukizunari lotutako iraultza bat eskatu dio" Legebiltzarrari.

Nolanahi ere, Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legeak energiaren aurrezpenean eta energia berriztagarrien eta energia eraginkortasuneko neurrien sustapenean eta ezarpenean oinarritutako trantsizio eredu baten premiari erantzuten dio.

EKINTZAK SEKTORE PUBLIKOAN

Horrela, legeak sektore publikorako ezarritako helburu eta ekintzen artean daude energiaren kontsumoa 2030erako %35 eta 2050rako %60 murriztea, eta urtebeteko epean eraikin, ibilgailu eta argiteria instalazioen inbentarioa egitea.

Gainera, abiarazi beharreko estrategiak finkatuko dituzten energia arloko jarduketa planak diseinatu beharko dituzte, eta, energia erosteko lizitazioetan, beharrezkoa izango da eskuratutako energiaren %100 energia berriztagarria izatea.

Eraikin publiko guztiek dagokien energia ziurtagiria eduki beharko dute, EAEko Energia Eraginkortasunaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatua, eta 2020. urtetik aurrera, erosten diren ibilgailuen %100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituzte.

Bidaiarien errepideko garraioko zerbitzu publikoa erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen bidez egin beharko da, eta lizentziak emateko edo berritzeko agirietan, kontuan hartu beharko da berritutako ibilgailuen %100ek erregai alternatiboak erabili beharko dituela 2020tik aurrera.

Halaber, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek hiri mugikortasuneko plan bat eduki beharko dute, eta foru aldundiek hiriarteko mugikortasunari erantzuteko planak onartuko dituzte. Azkenik, administrazioek plan bat onartu beharko dute langileak aurrezpena eta eraginkortasuna areagotzeko tekniken inguruan prestatzeko.

SEKTORE PRIBATUA

Bestalde, sektore pribaturako ezarritako helburu eta ekintzei dagokienez, industria, zerbitzu pribatu eta merkataritza alorretan, ekipamenduen, instalazioen, eraikinen, berokuntza eta hozte sistemen, ibilgailuen eta argiteriaren energia auditoretzak egin beharko dituzte enpresek, aurrezpenari eta energia eraginkortasunari lotutako eta instalazio berriztagarriak egiteko neurriak har daitezen.

Gainera, 100 pertsonak baino gehiagok txandaka lan egiten duten lantokietara joateko garraio plan bat eduki beharko dute. Plan horrek garraiobide publikoen edo titulartasun pribatuko ibilgailu alternatiboen erabilera ahalbidetzeko neurriak jaso beharko ditu. Halaber, eraikinaren energia eraginkortgasunaren ziurtagiria eduki beharko dute.

Hidrokarburo likidoen kontsumoa pixkanaka murriztu beharko da 2030ko abenduaren 31ra arte, industria sektoreko energia iturri gisa, data horretatik aurrera gutxiago kutsatzen duten energia iturriekin erabat ordeztu ahal izateko.

Bizitegi sektoreari eta hirigintza garapen berriei dagokienez, berokuntza, etxeko ur beroa edo hoztea produzitzeko instalazioa duten eraikinek kontsumo indibidualak kontabilizatzeko sistemak eduki beharko dituzte.

Gainera, gutxieneko etxebizitza kopuru bat duten bizitegi eraikinetan erreforma garrantzitsu bat egin nahi denean, aldez aurreko energia auditoretza bat egin beharko da, aurrezpena eta energia eraginkortasuna hobetzeko har daitezkeen neurri gehigarriak eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko dauden aukerak finkatzeko.

Halaber, bizitegi eraikin guztietan energia eraginkortasunaren ziurtagiria eduki beharko da 2022ko abenduaren 31 baino lehen, ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezarri beharko dira, eta, eraikin berrietan, aparkaleku komunitarioak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen aurresistemez eta bizikletak erabili eta aparkatzeko guneez hornitu beharko dira.

Garraio pribatuari dagokionez, ezartzen diren irizpideak betetzen dituzten T1 eta T2 motako garraioen kasuan, egungo egoeraren eta garraio sistema alternatibo eraginkorragoak eta jasangarriagoak erabiltzeko aukeren konparaketa azterlan bat egin beharko da.

Azkenik, energia banatzen duten enpresek energia produktuen kontsumoei buruzko informazioa eman beharko diete administrazio publikoei, eta enpresa horiek edota neurtzeaz arduratutako enpresek sortutako datuetarako doako eta denbora errealeko sarbide telematikoa eta kontagailuaren beraren datuetarako zuzeneko sarbidea ahalbidetu beharko diete horniduraren titularrak diren azken kontsumitzaileei.