Euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoa hartu zuten atzo 30 gizarte eragilek, AEK-k eta Korrikak sustatutako Aro berriari, klika ekimenaren baitan. Pasai San Pedroko Albaolan egindako ekitaldian esanetatik konpromiso zehatzetara jauzi egiteko lana egingo dutela hitz eman zuten: arloz arloko konpromiso-bilduma jasotzen du proposamenak, euskararen normalizazioan aurrerapauso berriak emateko.

Besteak beste, unibertsitateak (UPV/EHU, Mondragon, Deustu eta UEU), alderdi politikoak (EAJ eta EH Bildu), sindikatuak (ELA, LAB, ESK, Steilas eta CCOO), erakundeak (Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua) eta bestelako eragileak (Emakunde, Save the children, Etxepare, Euskal Herriko Bilgune Feminista) batu dira Korrikaren egitasmo honetara. Momentuz 30 dira jada konpromisoa sinatu dutenak, baina proposamenak zabalik jarraituko du haien atxikimendua adierazi nahi dutenentzat (webgunean atal berezi bat jarri dute horretarako).

Guztiak ez, baina 30 eragile horietatik 24 izan ziren atzo Albaolako ekitaldian eta bertan Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikako arduradunak egin zieten ongietorria. Euskalgintzak elkarlan-esparru berriak zabaldu dituela esan zuten eta Euskaraldian izandako parte-hartzea nabarmendu zuten, baina hori ez dela nahikoa gaineratu zuten: “Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta”.

“Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko”, gaineratu zuten. Horreterako, dena den, elkarlanaren beharra aldarrikatu zuten, “ameskeriak baino ez ziruditenak egia bihurtzeko bidean”.

Euskaraldiak egin zuen moduan, aurtengo Korrikak ere aktibatzeko deia egingo die herritarrei, euskararen alde egotetik klika egin eta ekin-tzara pasatzeko deia, hain zuzen ere. “Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera, hautu hori egitea; Klika egitea da herritar guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea”. Eta “aktibazio-garai” horretan sartzeko konpromisoa da aipatutako eragileek hartu dutena, euskararen alde egote hutsak ez baitu ekarriko normalizazioa, haiek esan zutenez.

jatorria Aro berriari, klika ekimenaren jatorria Korrika aurkezteko eragileekin egindako aldebiko ba-tzarretan dago, atzo azaldu zutenez: Aurtengo lelotzat aukeratu duten Klika kontzeptua azaltzen aritu dira Mugika eta Amondo azken hilabeteotan, eta oso jarrera onarekin egin dute topo: “Guztiek erakutsi digute euskararen aldeko konpromisoak hartzeko prest daudela”.

“Esparru indibidualetik kolektibora jauzia egin dugu, eta euskararen geroa bermatzeko lagungarriak izango diren konpromisoak hartu eta jendartearekin partekatu nahi ditugu”, adierazi zuten. - D.N.

UPV/EHU

UEU

Udalbiltza

Steilas

Sortzen

Save the Children

Ongi Etorri Errefuxiatuak

Nafarroako Parlamentua

Mondragon Unibertsitatea

LAB

Ikastolen Elkartea

Hik Hasi

Gure Esku Dago

Garabide

Eusko Legebiltzarra

Euskal moneta

Euskal Herriko Bilgune Feminista

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Etxerat

Etxepare Euskal Institutua

ESK

ERKIDE

EMAKUNDE

ELA

EHIGE

EH Bildu

EAJ-PNV

Deustuko Unibertsitatea

CCOO

BIGA BAI

AEK