Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, ostiral honetan Baluarten parte hartu du ‘Naveac Days-en’ lehen edizioan; hots, Nafarroako mugikortasun elektriko, autonomo eta konektatuaren ekitaldian. Topaketa NAVEAC-ek sustatu du, Sodenak kudeatzen duen plataformak; bertan, 70 erakunde publiko eta pribatu baino gehiago biltzen dira. Ekitaldiaren xedea da zero emisioko ibilgailuak gerturatzea mugikortasunaren sektore profesionalera nahiz herritarrengana. Jardunaldietan nazioarteko hizlariek hartuko dute parte, etorkizuneko mugikortasun iraunkorraren inguruko ikuspegia emateko. Era berean, mugikortasun elektrikoari buruzko aretoa egongo da, eta gidatzeko probak egin ahal izango ditu publikoak. Erakusketa gaur eta bihar (larunbata) egongo da irekita, eta ibilgailu garbiak gidatzeko probak egin ahal izango dira.

Ekitaldia honako hauek babestu dute: Audi, BMW, Elektra, Iberdrola, KIA, NTDD (New Digital Diesel Technology), Vectia eta Hyunday. Ordutegi honetan egongo da irekita: 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara ostiral honetan eta 10:30etik 14:00etara bihar, larunbatean.

Irekiera instituzionalean, Barkos Lehendakariak baieztatu du garapen iraunkorraren aldeko kezka mugikortasunean paradigmak eta teknologia aldatzeko motorra dela, garraioak sortzen baitu berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen %25a. Halaber, Barkosek honela adierazi du: “etorkizuneko mugikortasuna jada hemen dago, eta jakin badakit Nafarroak potentziala duela arlo horretan". Lehendakariak gogoratu du Nafarroak automozioan eta energian duen industria-ibilbide luzeari gehituko zaiola “industria laguntzailearen ehun aberatsa eta sentsorika mailako espezializazioa; baita, ekosistema industrial eta enpresa-gaitasun handia osatzen duten konpainia txikiak nahiz I+G+b arloko eta ezagutzako azpiegiturak ere".

Bestalde, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria den Aritz Ayesak Eskualdeko Hiri Garraioaren lehen linea aipatu nahi izan du, ehuneko ehun elektrikoa, eta gaur zerbitzua ematen hasi dena 9. linean (Renfe - Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Ayesak adierazi duenez, "linea elektriko hori abian jartzea etorkizunean Iruñeko Eskualdeko hiri-garraioa izango denaren bidea markatzen duen berrikuntzako proiektu handian beste urrats bat ematea da, Iruñerriko Mankomunitateak plan estrategiko bat baitu, karbonoan neutroa izan beharko duena 2030. urtean, modu horretan Klimaren aldeko Hirien munduko mugimendura batuaz".

Bi hitzaldien ondoren, CAF Taldeko lehendakariak, Andres Arizkorretak, jarraitu du, eta mugikortasun kolektibo iraunkorraren egungo egoera, jarraitutako bilakaera nahiz etorkizunean aurre egin beharreko erronka nagusiak aztertu ditu.

Ondoren, bestelako gai interesgarriak ere jorratu dituzte; hala nola, hiri adimentsuetan edo Smart City-etan garatuko diren mugikortasun-modu berriak, Foru Komunitatearen egoera mugikortasun iraunkorraren fenomenoaren aurrean, fabrikatzaile handiek mugikortasun elektrikoaren aldetik jorratzen duten estrategia ?Volkswagen Navarra, Hyundai edo Nissan bezalako enpresek hartu dute parte?, edo zeintzuk diren etorkizuneko zenbait joera. Azken horren inguruan, Kjell-Arne Wold bezalako adituak hartu du parte, Audi e-tron-en egungo Project Managerra, azken 7 urtetan Teslan lan egin duena, Europako eragiketen arduradun gisa.

Gidatzeko probak

Jardunaldiaren osagarri gisa, Mugikortasun Elektrikoaren Aretoa eta gidatzeko probak sustatu dira (test drives); hortaz, aurrean aipaturiko ordutegian Baluartera hurbiltzen direnek sarrera librea eta doakoa izango dute barrutiaren barruan egongo den erakusketara sartzeko edota babesleek kanpoan probatzeko jarriko dituzten modelo elektrikoak eta azken generaziokoak probatzeko.

Modu horretan, adibidez, Vectia-CAFen autobus elektrikoa ezagutu ahal izango da, laster Iruñerriko Mankomunitateko 9. linearen ibilbidea egingo duena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako hiriburuko tren-geltokiaren artean.

Bestalde, kanpoaldean, azken generazioko ibilgailuekin probak egin ahal izango dira; hala nola, Audiren e-Trona edo BMWren I3a, Hyundairen Kona elektrikoa, KIAren Optima PHEV, Nissan Leaf, Renaulten Zoe, Volskwagen Golfa edo Northgate-k egokitutako Peugeot Partnerra, Espainian matrikulatutako hidrogenozko ibilgailu bakarraz gain. Eskaintza horretara batuko dira, azkenik, NTDDk (New Digital Diesel Technology), LGM-k(Light Green Mobility) edo jada aipaturiko Iruñerriko Mankomunitateak jarritako hainbat ibilgailu elektriko.