gizartea

Parte hartze arrakastatsua Gipuzkoako V. Bakailaozko Pintxo Txapelketan

Gipuzkoako 39 tabernek hartuko dute parte ekimen gastronomiko honetan

09.02.2020 | 02:06
Gipuzkoako V. Bakailaozko Pintxo Txapelketaren aurkezpena.

PASAIA. Martxoaren 25ean hasi eta apirilaren 7ra arte Gipuzkoak bakailao zaporea izango du berriz ere. Ekimena Pasaiako Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak sustatzen dute eta ekitaldi gastronomikoetan aditua den Baseclick enpresak antolatzen du. Gaur aurkeztu da Pasai Donibaneko kulturgunean Gipuzkoan bosgarren aldiz egiten den lehiaketa hau, lurraldeko ostalaritza sustatzeko balio duen ekitaldia.

Guztira 39 sukaldarik hartuko dute parte lehiaketan. Guztiek osagarri nagusia bakailaoa duen pintxo bat aurkeztu behar dute, aukerazko beste hainbat produktuz lagunduta.

Aurten berrikuntza garrantzitsua izango du lehiaketak. Finalak showcooking formatua edukiko du eta Pasai Donibaneko kulturgunean egingo da. Bertan, finalera iristen diren hamabi sukaldarik txapela lortzeko azken lehia egingo dute. Finala apirilaren 9an izango da 16:00etatik aurrera eta jendaurrera irekia egongo da.

Aurkezpenean, Izaskun Gómez Pasaiako alkateak azpimarratu duenez, Pasaia herriaren izena Itsaso-tradizioarekin eta bakailaoaren arrantzarekin elkartzea berri ona da eta "lehiaketa honek gure herriaren alderdi gastronomikoa nabarmentzen lagunduko duela" gehitu du.

Aurreko edizioetan parte hartzaileen maila benetan altua izan zen, eta hala espero da aurten ere, izan ere Gipuzkoak pintxo-sukaldari bikainak baititu, guztiak hain gurea den bakailaoa bezalako produktuekin lan egiten eskarmentua dutenak.

Bestalde, Baseclick enpresaren izenean aritu den Sonia García Olazabalek taberna parte hartzaileen kalitatea eta dibertsitate geografikoa goraipatu ditu, honek parte hartzean arrakasta handia suposatzen duelarik.Epaimahaia osatzen dutenak hauek dira: bakailao-enpresetako 2 kide, Mikel Corcuera eta Oraitz García kritiko gastronomikoak, Amaia Velasko blogaria; Patxi Álvarez, Carlos Gulin, Félix Manso, Gorka Cepeda eta Jose Ramón Elizondo sukaldariak; eta epaimahaiko buru "El Mercao"ko Jorge Otxoa, Euskal Herriko pintxo lehiaketako egungo irabazlea.

Lehiaketak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Rueda Jatorrizko Izendapenaren babesa dauka, eta baita hainbat enpresen laguntza: Eguillor, Bacalao Santymar, Berzosa, RJ, La Barajilla, Café Baque, Makro, Pago de Cirsus eta Cebanc.

Bakailaoaren jaia gaur, martxoak 25, hasi da eta apirilaren 7ra arte iraungo du. Apirilaren 9an Pasaian izango da finala showcooking formatuan eta baita sari banaketa ere. Pintxo bakoitzaren prezioa 4 eurotik beherakoa izango da, lehiaketaren oinarrietan adierazten den moduan.