3,7 milioi euroko aurrekontua

Spriren bekak eskatzeko epea maiatzaren 16an bukatuko da

09.02.2020 | 05:00
Iazko bekadunak.

BILBO. Spriren bekak eskatzeko epea maiatzaren 16an  bukatuko da basquetrade.spri.eus web orrian. Spriren programak  3,7 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2019tik 2021era.  Bekak unibertsitateko goi  mailako tituludun gazteei zuzenduriko nazioartekotzeari eta kanpo merkataritzari zuzenduta daude.

Spriren arabera, abiarazi zenetik 34 urte igaro direnean, "talentu berrientzako nazioartekotze tresna honen enplegagarritasun indizeak ia erabatekoak dira". "BEINT bekak aukera paregabea dira unibertsitateko goi mailako tituludun gazteei nazioartekotzeari eta kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza emateko", adierazi du.

Programako parte hartzaileek erreferentziazko titulu bat lortuko dute, prestakuntza praktikoa jasoko dute eta zortzi hilabeteko egonaldia egingo dute munduan barrena kokatutako euskal enpresetan. Horrela, beken helburua da prestakuntza ematea nazioartekotzearen arloko talentu berriei, erantzuna eman diezaieten euskal enpresa eta erakundeen premiei. Guztira, 30 urtetik beherako ehun gaztek eskura ditzakete bekak.

SPRI Taldean integratutako Basque Trade & Investment - Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiten du deialdia urtero eta hiru fase ditu. Gazte parte hartzaileek 300 orduko ikastaro bat egingo dute lehen fasean, Nazioartekotze arloko Unibertsitateko Espezialistaren Graduondoko Titulua eskuratzeko. Prestakuntza presentzial horretan, ikasleek sakon landuko dituzte nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia ehuna eta enpresa multikokatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak. Graduondoko ziurtagiria lortzen duten bekadunak bigarren fasera igaroko dira, eta 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasoko dute nazioartekotzeari laguntza emateko erakundeetan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego sarean eta Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan egingo dituzte praktikak. Hala, gazte parte hartzaileek beren ezagutzak zabalduko dituzte kontinente desberdinetako 40tik gora herrialdetako jomugetan.

AZKEN FASEA

BEINT beken azken fasean praktika profesionalak egiten dira nazioartekotutako euskal enpresetan. Programaren fase honetara iristen diren gazte bekadunek kanpo merkataritzari buruzko gaitasunak eta ezagutzak hobetuko dituzte benetako enpresa ingurune batean.

Praktika horiek aukera paregabea dira atzerrian lan aukerak aurkitzeko, eta horren erakusgarri da aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdia inguru lanean ari direla praktikak egin zituzten konpainietan.

BEINT bekak bereziki zuzenduta daude 30 urtetik beherako gazteei, Euskadin bizi direnei eta unibertsitateko titulazioa eta ingeles maila altua dutenei. Programak 34 urteko ibilbidea du dagoeneko eta, denbora horretan, 800 gaztek baino gehiagok jaso dute nazioartekotzeari eta kanpo merkataritzari buruzko prestakuntza. Unibertsitateko edozein gradutako ikaslek parte har dezakeen arren, Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzako, Ingeniaritzetako eta Zuzenbideko ikasleak dira ohikoenak.