Gaur egun teknologia berriek gure bizitza zenbat aldatu duten, aldatzen ari diren eta aldatuko duten hitz egiten dugu une oro. Baina, askotan, ez gara konturatzen gauzak beti aldatzen doazela eta lehen egiten ziren hainbat ekintza ez ditugula gogoratzen edo zuzenean ahaztu egin ditugula. Orain etxe guztietan aurki daiteke garbigailu bat, beste etxetresna elektriko batzuekin batera. Hala ere, duela ez hainbeste erreka edo iturrietara joan behar izaten zen arropa garbitzera, horrek suposatzen zuen lan eta esfortzuarekin. Eta, nola ez, lan hori ere emakumeen eskuetan geratzen zen. Aintzatespen handirik izan ez duten antzinako lan honetan inspiratuta Patas de Gansa kolektiboak arropa garbiketa eginbeharra zutenen bizipenak batu eta pieza artistiko batean bihurtu ditu Txatxara izenpean.
Leire Sanjurjok eta Iratxe Bilbaok osatzen dute kolektiboa. Beraien helburua transmisio espazio bat eskaintzea izan da lan honekin, bere garaian hainbeste pisu eduki zuen lana ez ahazteko. “Txatxara piezak ikusten ez diren lan guztien inguruan hitz egiten du, nolabait. Guri deigarri egiten zitzaigun kalean arropak garbitzen zituztenen lana, kalean egiten zena; baina, aldi berean, lan ikusezin horietako batzuk izan dira; emakumeen lanak zirelako ere. Kuriosoa da, beste lan asko etxean egiten dira eta ez dira ikusten, baina hau herriaren erdian egiten zen. Horregatik aukeratu genuen gai hau, pixka bat ikusten ez den lan horien guztien sinbolismo bezala” Leire Sanjurjok azaltzen duenaren arabera.
Dena hasi zen Iratxe Gonzalez argazkilariaren erakusketa batekin. Bertan liburuxka bat egin zuten eta Patas de Gansa taldearen eskuetan erori ondoren, argazki horien inguruko hausnarketa bat egiten hasi ziren, garrantzirik eman ez zaien lan askoren inguruan sakonduz. “Bai, Iratxek zein biok, oso urrun joan gabe, gurekin bizi izan diren amamekin hori ikusita daukagu. Hortaz, interesgarria iruditzen zitzaigun ikusi izan dugun horri guztiari ze garran-tzi gutxi eman diogun aztertzea, eta argazkilari batek lehen planoan jartzen zuena eta jaso-tzen zuen guztia barneratzea. Hor hasi ginen beste emakume batzuekin hitz egiten” Sanjurjo-k dioenez. Elkarketa horietan ikusi zuten garai haiek bizi izan zituzten emakume haientzat, lanaz gain, arropa garbitzera joaten ziren momentu haiek batzeko espazio bat ere suposatzen zutela. “Hortik hasi ginen tiratzen pixka bat. Nola gaur egun harmonizatzen diren espazio ez mistoak. Hala ere, lehen espazio ez misto horiek lanaren azpian ezkutatuta bilatu behar zituzten nolabait. Azkenean, kriston lanaren azpian, eta hotza eta pisua eta horren guztiaren azpian, bazegoen zaintza espazio bat, eta gizonik gabeko espazio bat, eta hori ere bazen beharrezkoa eta garrantzitsua bere garaian” kolektiboko partaidearen hitzetan.
JANZKERA BEREZIA
Lanak daukan aspektu deigarrienetariko bat, edo behintzat lehen momentuan ikusleari atentzioa dei dakiokeena, bi dan-tzariek taula gainean janzten duten arropa da. Hainbat izara desberdinek osatzen duten janzkera ia hamabost kilo pisatzera heltzen da, gorputzaren eta buruaren pisua batuz. “Emakumeek kontatzen ziguten berrogei kilo ere garbi-tzera iristen zirela. Guk gure errealitatea lotzen genuen metafora horrekin, lanaren karga eta abar. Lan hau sortzen hasi ginenean ez genuen, inondik inora, intentziorik munstro traje horiek eramateko; baina sorkuntzak horra eraman gaitu, eta azkenean sortu dira, eta polita izan da ere bai. Guretzat erronka bat izan da, metaforatik harago joatea eta fisikora eramatea. Ikasketa izan da pisu hori gainean jarrita dantzatzea. Haiek egiten zuten bezala, gu ez ginateke gai izango gaur egun errekaraino eramateko. Eta haiek egunero eramaten zituzten. Orduan, guk ikasi behar izan dugu nola dantzatu pisu horrekin” Sanjurjo-ren arabera. Lan hau aurrera eramateko beroketak bere garrantzia izaten du taulara irten aurretik. “Egunen batean jantzi izan dugu argazki pare bat egiteko berotu gabe eta gero kontrakturekin ibili gara kar, kar, kar. Ongi berotzea garrantzitsua da, baina bueno, behin jantzi eta ikasten duzunean pisua norantz mugitzen den, dantza egitea da mugimenduak kontrolatuz eta zure bidea ikastea”.
Txatxara pieza otsailean estreinatu zuten Gasteizen eta oso pozik geratu ziren izan zuten harrerarekin. “Oso ondo joan zen aurkezpena. Oso pozik amaitu genuen eta jasotako feed back-a ere oso polita izan zen. Sentitu dugu jendeak jaso duela pisu eta zaintza hori; horiek ziren guretzako bi erronka nagusiak” dantzariaren hitzetan. Beraien lengoaia berez dantza bada ere, eszenan daudela dantza, antzerkia, performancea edo beste lengoaia batzuen arteko marra hori pixka bat itxuragabetzen da. “Guk dantzatik egiten dugu lan eta dantzatik sortzen dugu, hori da ezagutzen duguna, baina egia da hitza ere sortu dela dantzaren lengoaiatik. Hitz egiten dugu egunez egun sortzen diren beharren inguruan. Guretzat piezak azkenean, Txatxara izena hartu du, hain zuzen ere ikusten genuelako, emakumeentzako harreman-tzeko espazio bat zela eta hori zela guretzat garrantzitsuena. Horren guztiaren azpian zeuden harremanak eta zaintza hori”. Oraindik ez dute lotuta data berririk, baina Patas de Gansa-ko partaideak espazio batzuekin hitz egiten dabiltza eta seguru daude pieza mugitu ahal izango dutela jendearengana hurbildu ahal izateko sormen berezi hau.