lizarra - Zer da Brinka?

-Brinka Lizarrako Udalak Ikastetxeekin batera martxan jarri duen proiektu berria da. Proiektu honek jarduera-fisiko osasuntsua bultza-tzea du helburu; baita gaur egun edozein kiroletan ikus daitekeen espezializazio goiztiarra saihestea ere.

Zer egiten da saio horietan?

-Saio horiek duten helburu nagusiena jolasten ondo pasatzea da. Horretaz gain, badira hainbat jolas edota ariketa bidez lantzen saiatzen garen beste hainbat helburu ere, hala nola, beraien arteko konfiantza nahiz harremanak garatzea, koordinazio-garapena (korrika egin, saltoak, indarra, jaurtiketak, harrerak, botea, kolpeak...), gorputz-adierazpenarekin zerikusia duten saioak, erronka mota ezberdinak gainditzeko estrategiak sortzea...

Nork hartzen du parte ekimen horretan?

-Lizarra ikastolan gutxi gora behera 30 haurrek eman dute izena. Hasieran gutxiago zeuden, baina saioen arrakasta dela-eta, haur gehiago animatu ziren ikasturtean zehar. Jarduera hau 5 urte (HH.3) eta 8 urteko (LH. 3) haurrei bideratua dago. Bi taldetan banaturik daude: alde batetik, 5 (HH.3) eta 6 urteko (LH. 1) haurrak eta, bestetik, 7 (LH. 2) eta 8 urtekoak (LH.3).

Zein da Brinkaren bertute nagusiena?

-Nire ustez, jarduera horrek duen bertuteetako bat gurasoen parte-hartze aktiboa da. Ez du kirol federatuek duten lehiaketa-eskema eta asteburuetan ez dago partidarik; baina, hilabetean behin, topaketa bat antolatzen da parte hartzen duten ikastetxe guztien artean. Gurasoek parte hartzen dute beraien seme-alabekin eta normalean sortzen den giroa oso polita izaten da.

Nolakoak dira hilabetean behin egiten diren topaketak? Zer egin da orain arte?

-Topaketa batzuk ikastetxeetan gauzatu dira, gorputz adierazpenarekin zerikusia duten hainbat jolas eta herri-kirolen ingurukoak: “hamaiketako osasuntsua”-janari osasuntsuari buruz gurasoei zuzendutako hitzalditxoa izan zuena-, ostiko beisbola, slak line,... eta azkenengoak, berriz, natur-gunean izan dira: orientazio-jolasa Lizarran barna-“C.D. De Norte a Sur” taldeak antolatua-, Zumake ibilbidea -gidari baten laguntzaz- eta bizikleta-martxa Valdelobosetik Zubielkiraino. Gainera, esan beharra dago Tederren arduradunek ibaietako kutsadurari buruzko informazioa eman dietela hantxe bertan haurrei.

Zertan laguntzen dio ekimen honek Lizarra Ikastolari?

-Nire ustez, Ikastolak duen beharretako bat asetzen saiatzen da, aurren garapen integrala gauzatzen eta errazten laguntzen duen jarduera baita. Lehenengo urteetan kirol-aniztasunaren ildoa espezializazio goiztiarra saihestuz jorratu nahi izan zen eta aurrerago, aldiz, kirol ezberdinetan aritzeko oinarrizko trebetasunak garatuz.