Zarauzko Basalore Baserrian 1930 urte inguruan hasi ziren txakolina ekoizten. Nerea Lazkanoren aitaren aitona izan zen baserria erosi zuena eta mahastiak zabaltzen hasi zena. Belaunaldiz belaunaldi pasatako tradizioa da hortaz eta badirudi hurrengoek ere lan honetan jarraituko dutela: "Ideia hori da", dio Nereak.

Nolakoa da txakolinaren ekoizpen prozesua?

Abendutik martxora bitartean inausketa egiten dugu. Apirila bukaeran eta maiatza hasieran, tratamendu fitosanitarioarekin hasten gara, abuztu bukaera arte. Gero, iraila bukaeran eta urria hasieran, mahatsa biltzen dugu, mahastitik upelera. Upelean dagoenean, 48 ordura upel batetik bestera aldatzen da txakolina, zikina kenduz, eta bigarren upel horretan fermentatu arte egoten da. Gero, fermentatzen duenean, berriro upelez aldatzen dugu. Eta azkenik, abendua bukaeran eta urtarrila hasieran, txakolin berria ateratzen dugu.

Prozesu horretan teknologia aldetik aldaketarik izan al da?

Bai, ni txikia nintzenean dena eskuz egiten zen. Botilak betetzeko botilaratzaile txiki bat genuen, sei botilakoa, baina bonba gabe. Kortxoztatu ere, kortxoa eskuz ipintzen zen. Gero pixkanaka pixkanaka botilaratzeko makina eta etiketatzailea erosi genituen. Aldaketa dezentea da.

Eta mahats bilketa nola egiten duzue?

Esku lana da gehienbat. Orain inausketarako badaude guraize elektrikoak, baina gehiena eskulana da behintzat. Mahatsa eskuz biltzen dugu 20 kiloko kaxetan eta aldapan dagoenez, ezin dugu makinarik sartu.

Zenbat kilo mahats jasotzen duzue urtean?

Urtearen arabera, baina gutxi gorabehera 60 mila litro inguru egiten baditugu, 80 mila kilo inguru. Hor nonbait, 80-90 mila.

Zein ezaugarri ditu zuen txakolinak?

Tradizionala esango nuke nik, betiko txakolina. Gaur egun enologoaren laguntzarekin edan daitekeen txakolin bat. Lehen, garai batean, txakolina barrikan sartu eta zuzenean botilaratu egiten zuten, orduan garraztasun oso altua izaten zuen txakolinak, fuertea zen. Orain hori dena kontrolatuta dago enologoaren bidez eta edateko errazagoa den txakolina lortzen dugu.

Azken urteetan geroz eta onarpen handiagoa du. Horregatik da? Kalitatean irabazi du?

Ez da edangarriagoa dela orain dela 10 urtetik hona. Nik uste Getariako Txakolina jatorri-izena sortu zenean eta enologoarekin lanean hasi ginenean izan zela, nik uste dut hor egon zela aldaketa dezente. Kalitatea aldatu eta edangarriagoa egin zen. Erraz edateko zerbait sortu zen.

Euskal Herriko mugak ere zeharkatu ditu.

Bai. Lehen gehiena Euskal Herrian edaten zen, baina gaur egun munduan zabalduta dago, eta pixkanaka gehiago ari gara zabaltzen. Lehen dena hemen saltzen genuen, baina orain txakolin asko daude eta orduan konpetentzia piloa dago. Produkzioa ere handitu egin da, ez da dena hemen saltzeko.

Banaketa nola egiten duzue?

Banatzaileak ditugu. Gero bodegatik ere zuzenean zerbait banatzen dugu. Eta eskaera batzuk online ere egiten ditugu.

Atzerrira ere saltzen duzue?

Atzerrira bidaltzen dugu eta zabaldu nahian gabiltza. Hainbat urte gabiltza Estatu Batuetara bidaltzen, baina ideia mundu osoan zabaltzea da.

Basa Loreko upeltegia bisitatu daiteke?

Bai, aurrez erreserbatuta. Mahastia erakusten dugu, bodega... Gero antxoa eta atun pixka bat jartzen dizkiegu bisitariei, eta ondoren gozo pixka bat txakolinarekin probatzeko.

Eta jendeak zer dio txakolina dastatzen duenean?

Gustatu egiten zaie. Orain turista asko dabiltza eta gustura.

Nola edan behar da txakolina?

Mariskoarekin, arrai on batekin... Egia esan txakolinak gozoarekin ere oso ondo egiten du bat, orduan nik esango nuke jateko edozerekin ondo doala. Guk hainbat txakolin ditugu: Basa Lore, Igartzeta berezia eta gorria. Orduan jatetxe batean mahaian eserita jateko nik Igartzeta hartuko nuke, eta gero poteorako edo igande eguerdi batean bazkaldu aurretik edateko Basa Lore hartuko nuke.

Zergatik? Zertan ezberdintzen dira?

Igartzetak gorputz gehiago dauka, orduan mahaian eserita edateko, jateko on batekin, Igartzeta nahiago dut Basa Lore baino. Baina hori jendearen arabera da, batzuk bai eta beste batzuek ez. Gustuen arabera.

Zure lanbideaz zer da gehien gustatzen zaizuna?

Orain dela gutxi bisitekin hasi gara eta jendearekin tratua gustatzen zait.