Baserri mundua ezagutzeko aukera aparta da Ongi etorri baserrira ekimena. Aurten Enbak, euskadiko baserritar profesionalen sindikatuak, seigarren edizioa antolatu du eta bihar eta etzi Gipuzkoako eta Bizkaiko 36 baserritan doako bisitak egiteko aukera egongo da.

2014. urtean hasi zen Enba Ongi etorri baserrira ekimena antola-tzen eta urte hartan zortzi baserrik hartu zuten parte. Bisita hauen helburua herri eta hirietako bizilagunek bertako produktuak gertutik ezagutzeko aukera izatea da.

Gaur egun, bizitza kalean egitera ohituta dago gizartearen gehiengoa, baina supermerkatuetan erosten ditugun produktu asko gure etxeetatik oso gertu ekoizten dituzte eta Ongi etorri baserrira ekimeneko bisitetan produktu horiekiko konfiantza indartu, baserri mundua baloratu eta gure gastronomiaren erroak ezagutzeko aukera bikaina egongo da. Inguruko baserrietako ukuilu, soro eta bara-tzeak ezagutu eta bertan nola egiten duten lan ikusi ahal izango dute bisitariek.

NOTICIAS DE GIPUZKOA ekimenean parte hartuko duten bi baserritan izan da, beraien bisita gidatuetan zer erakutsiko duten ezagu-tzeko: Zarauzko Basobeltz baserrian eta Goenaga jogurtak egiten dituen Pokopandegin.

Eustakio Aristi Basobeltz baserrikoa da eta bertan barazkiak, sagastiak eta ganadua ditu. Bere bisitetan, hala ere, ondo hornituta dauzkan negutegietako barazkiak ikusteko aukera izaten da gehienbat.

Aurten, Aristiren hirugarren urtea da Ongi etorri baserrira ekimenean eta, normalean, bisitetara orotariko jendea joaten dela azaldu du. Jende heldua, gazteak, familiak haurrekin, bikoteak... Herriko jendeaz gain, aurreko urteetan hirikoek ere Basobeltz baserria bisitatu zutela dio.

Bere helburua herritarrek baserrietan zer lan egiten den ezagu-tzea da: “Ingurumena mantentzen dutenak gu gara”. Momentu honetan Basobeltz baserrian bost pertsona ari dira lanean: Eustakio Aristiren gurasoak, bi langile eta Eustakio bera. Bost pertsonen artean negutegi handietako barazkiak lantzen dituzte ondoren merkaturatzeko. Aristiren ama Zarauzko azokara joaten da barazkiak saltzera eta Eustakio Aristi berak Eroskira eta beste saltoki batzuetara eramaten ditu produktuak.

Bisitan ikus daitezkeen barazkien artean, piperrak, porruak, lekak, tomateak eta letxugak daude eta haiek mantentzeko erabiltzen dituzten trukoak ere erakusten dituzte. Adibidez, landareak hazteko orduan zorrien eta inurrien arteko “borroka biologikoa” azaltzen dute: “Zomorro batzuk erosi eta landareetan nahita jar-tzen ditugu. Haiek zorriek hostoetan jartzen dituzten arrautzetan sartzen dira eta beren arrautza jar-tzen dute. Orduan, zorria atera beharrean, zomorro hori ernaltzen da eta botika pila bat erabiltzea saihesten du”.

1.000 KILO JOGURT Egunkari honek ezagutu duen bigarren baserria Goenaga jogurten sorlekua da, Donostiako Pokopandegi baserria. Bertako bisita gidatuetan Arantxa Goenagak jogurtak egiteko prozesu osoa nolakoa den azaltzen du.

Goenagaren gurasoek 1983. urtean hasi zuten jogurten gaur egungo negozioa eta orain dela bi urte seme-alabek hartu zuten erreleboa. 17 pertsona ari dira lanean prozesu osoan eta egunero 1.000 litro jogurt egiten dituzte.

Aurtengoa beraien bigarren urtea da Ongi etorri baserrira ekimenean baina, bestela ere, hilabetean behin bisitak antolatzen dituzte. Aurten 35 pertsona espero dituzte larunbateko bisitan eta, Goenagak dioenez, batez ere familiak haurrekin joaten dira normalean.

Bisita gidatuan jogurta sortzeko egiten den prozesu bakoitza ezagutu ahal izango dute. Brown suisse motako behiak nola elikatu eta errobotaren bidez nola jezten dituzten ikusten da, baita ukuiluaren garbiketa eta behien zainketa nola egiten duten ere: “Behiei ez diegu pentsua ematen. Materia lehorren nahasketa bat ematen diegu, artoa, alpapa eta beste osagai lehor batzuk dituena”.

Errobotari dagokionez, behiak identifikatu eta jetzi egiten ditu automatikoki: “Datu pila bat ematen ditu, zenbat esne bildu behar duen behi bakoitzetik, zenbat litro bildu dituen, noiz atera dion esnea azken aldiz behi bakoitzari...”. Ondoren, jogurtak egiteko lantokia eta makinak ikusiko dituzte bisitariek eta bertan duten dendatxoa ere ezagutuko dute.

Une honetan 60 behi dituzte baserrian: “Gertatu izan zaigu jendeak galdetzea, baina, zuek behiak dauzkazue?”. Herriko edo hiriko jendea baserri mundura gertura-tzeko egiten dituzte bisitak, jogurtak nola egiten diren ikusteko.

IZEN-EMATEA Hainbat sektoretako baserriak ikusi ahal izango dira Ongi etorri baserrira ekimenean eta bisita bakoitzak bere ukitu berezia izango du. Oraindik izena eman ez dutenek badute tokia biharko bisita batzuetan.

Libre dauden tokien artean honakoak daude: Aiako Agerresoro Aundi baserria (esne behiak eta jezteko errobota), Elgoibarko Mausitxa baserria (ardiak, gazta eta larre behiak) eta Oñatiko Gomiztegi baserria (ardiak eta gazta). Bisitei buruzko informazio guztia ongietorribaserrira.com webgunean dago eskuragarri.