EUSKO JAURLARITZAREN ESKUTIK

21 gaztek nekazaritza, arrantza, elikadura eta basogintzako ikerketak egiteko bekak jaso dituzte

09.02.2020 | 18:56
21 gaztek nekazaritza, arrantza, elikadura eta basogintzako ikerketak egiteko bekak jaso dituzte.

BILBO. 21 gaztek nekazaritza, arrantza, elikadura eta basogintzako ikerketak egiteko bekak jaso dituzte. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Kalitate eta Elikadura Industrien zuzendarik Peli Manterolak harrera egin diete bekadunei.Beka hauek 2007an hasi ziren eta ordutik 95 beka finantzatu dira gazte ikertzaileentzat eta 123 gazte teknologoentzat, 1.680.000€ erabilita.

Aurten, 12 beka izango dira Prestatzen ari diren Ikertzaileentzako Programako (doktoretza aurrekoak) gazteentzat eta 9 beka, berriz, Teknologoen Prestakuntzako Programakoentzat, Euskadiko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako zientzia eta teknologia esparruetan. 2023ra arte, 1.681.013 euroko laguntzak izango dituzte guztira.

Elikagaien industriako balio kate osoan etorkizuneko profesionalak prestatzen jarraitzeko eta I+G+B jarduera bultzatzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politikaren barruan sartzen dira esandako bekak, lehen sektore modernoagoa eta lehiakorragoa lortzeko jarduera estrategikotzat jotzen baita.

Era berean, laguntzak estuki loturik daude Eusko Jaurlaritzak XI. Legegintzaldirako finkatutako Herrialdeko Helburuetako batzuekin, hala nola hauekin: langabezia %10etik behera jaistea eta gutxienez 20.000 gaztek lehen lan esperientzia eduki dezatela lortzea.

Espezializazio zientifikoa eta teknikoa

Asmoa da zentro teknologikoetan eta ikerketa zentroetan nagusiki ikerketa jarduerak eta garapen teknologikoko jarduerak egiten arituko diren zientzialarien trebakuntza lortzea, sektorerako interes handienekotzat jotzen diren eta etorkizunari begira proiekzioa daukaten lehentasunezko lerroetan ikerketa taldeak sendotzeko dagoen premiari erantzuten saiatuta. Horrekin, gainera, asmoa da Doktore gradua lortzen duten pertsonak gehiago izatea.

Era berean, bilatzen da teknologoen trebakuntza sektoreko enpresetan, nagusiki garapen teknologikoko eta enpresa berrikuntzako arloetan.

Laguntzen onuradun diren pertsonak sektorean erreferenteak diren ikerketa zentroetan sartuko dira, hala nola NEIKERen, AZTIn eta LEARTIKERen eta BASQUE CULINARY CENTERen. Beketako batzuk, halaber, EHUko zentro batzuetan garatuko dira.

Ezaugarriak

Prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzen kasuan, kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta luzatzeko aukera egongo da, urtetik urtera. Hasierako kontratua eta luzapen guztiak batuta, iraupena ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Teknologo gazteen prestakuntzarako programako laguntzei dagokienez, denek 2 urteko iraupena izango dute.

Laguntzen zenbatekoei dagokienez, prestatzen ari diren ikertzaileek (doktoretza aurreko bekak) 18.574 euro eskuratuko dituzte lehen eta bigarren urtean, 19.833 euro hirugarren urtean, eta 24.555 euro laugarrenean, soldata gordin gisa. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 2.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, nahiz lan egonaldi laburrak egiteko erabiliko da, esaterako.

Teknologoen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 13.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuotak. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 1.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko erabiliko da, esaterako. Gastuak aurrez justifikatu beharko dira.

Proiektuen gaiak

Arlokako proiektuen gaien artean, adibide gisa honako hauek nabarmendu daitezke:

- Nekazaritza: aldaketa klimatikoari aurre egiteko hobetutako barietateen garapenerako hautaketa genetikoa egiteko teknologia berriak.

- Elikadura: balio gastronomiko handiko elikagai funtzionalen lanketa prozesua optimizatzea, baztertutako fruta eta barazkietatik abiatuta.

- Animaliak: erlezaintzan tratamendu kimikoak murriztea: tratamendu biologikoak optimizatzea eta erlearen mikrobioma sustatzea.

- Arrantza: ikusmen artifizialeko aplikazioen garapena, arrantza lekuetan eta akuikulturan biomasa estimazioak automatizatzeko.

- Ingurumena: nekazaritza eta abeltzaintza sistematan berotegi gasen igorpenen ebaluazioa.