Donostia - Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta CIC nanoGUNE zentroaren arteko ikerketa-lan batek erdietsi du altzairua bezain sendoa den Kevlarra, erresistentzia handiko polimeroa eta balen aurkako txalekoak edota segurtasun-arropa fabrikatzeko erabiltzen dena, egonkor mantentzea eguzkiaren argipean eta tenperatura altuetan.

UPV-EHUk komunikatu batean jakinarazi duenez, kolpeei eta zulaketei erresistentzia dieten kasko zein pneumatikoak egiteko ere erabiltzen den material hori tamalez oso sentikorra omen da argi ultramorearen eta tenperatura altuen aurrean.

Iturri beraren arabera, hori hobe-tzeko estrategia erretxinaz eta oxido metalikoz estaltzea izan ohi da, baina horrek polimeroaren pisua handitzen du eta egonkortasuna kentzen dio.

Errealitate horri konponbidea bilatzeko asmoz, Itxasne Azpitarte kimikariak Kevlarra beste material batekin hibridatzeari ekin zion, UPV-EHUko Labquimac laborategiarekin martxan jarritako ikerketan. Azpitartek Kevlar zuntzak hartu zituen matrize organiko gisa eta zink oxidoarekin hibridatu zituen; horrek argi ultramorearekiko sentikortasuna eta ezaugarri termikoak hobetu zituen, nahiz eta polimeroa “pixka bat ahulduta” geratu.

Bigarren fasean lortutako emai-tzak hobetzea izan zen helburua. Horretarako, zink oxidoa erabiltzen jarraitu zen infiltrazioa egiteko; eta estaldurarako, berriz, beste oxido metaliko bat erabili zuten, aluminio-oxidoa. Azpitarte doktoreak azaldu duenez, “argi ultramorearekiko sentikortasuna gainditu, tenperaturarekiko sentsibilitatea hobetu eta propietate mekanikoak ez galtzea lortu zuen konbinazio horrek”.

Lortutako emaitza horiek material hibrido horientzako aplikazioen esparrua izugarri zabaltzen dute; adibidez, berez garbitzen diren ehun adimendunak ekoiztu daitezke.

“Propietate fotokatalitikoei esker, esate baterako, berez garbitzen diren ehun adimendunak egin ahal izango dira: zikinkeria deskonposatuko bailitzateke eguzki-argipean jartzean. Eroankortasun elektrikoa oso erabilgarri litzateke gailu malguak gara-tzeko edo arropetan txertatzeko. Azken batean, bi materialen propietate probetxugarriak bat eginda, hala nola polimeroaren pisu arina eta elastikotasuna, eta oxido metalikoaren erresistentzia eta egonkortasun termiko zein kimikoa, material hibrido horientzako aplikazio ugari sortzeko atea parez pare zabaltzen da”, amaitu du Azpitartek.

Zornotzarra Itxasne Azpitartek (Zornotza, 1991) UPV-EHUko Kimika Fakultateko Materialen Fisika Sailean defendatu du bere doktore-tesia; ikerketa-lana, berriz, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan egin du, bertako Mato Knez Nanomaterials ikerketa-taldeko buruaren zuzendaritzapean. Eta azkenik, UPV-EHUko Labquimac laborategiaren eta irlandar Tyndall institutuaren laguntza ere izan du.