GASTEIZ. Gasteizen etorkizunerako proiektu zirraragarri eta ezinbesteko asko daude sail honen ekintza-programan. Horien artean azpimarratzekoak: abiadura handiko trena iristea eta trenbidea lurperatzea, BEA garatzea, TUVISAren kotxetegi berriak, tranbia Salburua eta Zabalganera luzatzea eta “‘Future and logistic mobility lab’ abiaraztea, besteak beste.

Hiru erronkari aurre egiteko konpromisoa hartu du Amaia Barredok: barne-mugikortasun iraunkor eta seguruaren eredua garatzea, kanpoarekin eta Europarekin konektatzea, eta Gasteiz mugikortasun berritzailearen arloan nazioarteko erreferente bihurtzea.

Barne-mugikortasunari dagokionez hainbat helburu ezarri ditu udal gobernuak: gasteiztarren % 99k garraio publikoa hartzeko aukera izatea etxetik bost minutu baino gutxiagora, eta maiztasunak 10 minututik beherakoak izatea; biztanleen % 97k 35 minututik behera behar izatea bere helmugara iristeko; eta joan-etorrien % 50a garraio publiko elektrikoan izatea lortzea.

Barne-mugikortasun iraunkor eta seguruaren ereduak jarraitu egingo du azken bi hamarkadetan Gasteizen burututako politikekin ? eta Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planarekin bat? eta honakoak gehitu ditu: BEA martxan jartzea, tranbia-sarea luzatzea (hegoaldera luzatzen amaitzea, Salburuko linea berriko lanak hastea eta Zabalganerako tranbiaren azterlana idaztea), TUVISAren kotxetegien proiektua garatza (agintaldi honetan lehen faseari ekitea), hiri autobusen lineak hobetzea, autobusak berritu eta modernizatzea eta industrialdeekiko loturak hobetzeko neurriak. Bestalde, aparkalekuak egokitzeko estrategia bat proposatu du Amaia Barredok: TAO berrantolatzea, aparkalekuetako gida-plana berrikustea, gremioentzako leku-eskaintza optimizatzea. Zinegotziak bereziki azpimarratu ditu bide-segurtasuna eta bizikletaren erabilera, izan ere, oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak mugikortasun aktiboren oinarrizko zutabeak dira. Hori dela eta, hainbat proposamen egin ditu: 15 kilometro luzatzea bidegorrien sarea, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak arautzea eta istripuak gutxiko neurriak hartzea, besteak beste.

Abiadura handiko trena iristea da, zalantzarik gabe, hiria kanpoarekin eta Europarekin lotzeko erronka nagusia. Hori dela eta, Amaia Barredok oso positibotzat jo du Sustapen Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin lortutako akordioa, trenbidearen 3,6 kilometro lurperatu ahal izateko. “Duela lau urte ez zen ezer lurperatzean pentsatzen. Gure hiriaren etorkizunerako proiektu handinahia eta garrantzitsua da. Inoiz baino hurbilago dugu gauzatu gabe urte gehiegi daraman proiektua errealitate izatea”. Arabako hiriburua Madrid-Lisboa Paris eta Mediterraneo ardatzen konexiorako gune bihur daiteke. Horretaz gain, lurperatzean espazio handia berreskuratuko da hirian Ecobulevarra eraikitzeko.

Forondako aireportua sendotzea ere lehentasunekoa da munduko beste lurraldeekiko konexioa hobetzeko. Hori dela eta, Urtaranen gobernuak lan egingo du Forondak zama-aireportuen artean duen posizioa hobetzeko, eta areagotu egingo ditu azpiegituraren industria-jarduerak. Halaber, bidaiari-operazioak sustatuko ditu, hegaldi erregularrak eta charterrak erakarriz.

Azken erronka Gasteiz mugikortasun berritzailean erreferente bihurtzea da. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 3 proposamen baliatuko du horretarako: “Future and logistic mobility lab” abian jartzea, Judizko plataforma intermodala eta trenbide plataforma garatzea, eta Gasteizko Mugikortasun Zentroa. Azken honek “Mobility Lab-ek sustatutako proiektuak hartuko ditu bere baitan” adierazi du Amaia Barredok.