zarautz - Goizean zeru grisari begira esnatu ziren zarauztarrak eta egunak aurrera egin hala, ez zuten lagun izan, euria nagusitu zen. Hala ere, euri zaparrada guztien gainetik, milaka pertsona, heldu zein gazte, bertaratu ziren Gipuzkoako ikastolen urteroko jaiaz gozatzera.

Ni, Hi eta Hura mamorruek eman zioten hasiera Zarauzko Kilometroe, Salbatore Mitxelena ikastolaren atarian. Giro jostarian, festara etorritako erakundeetako arduradun, alderdietako ordezkari eta gonbidatuei ongietorria egitearekin batera, denboraren makina aurkeztu zuten. Etorkizunera begira jartzeko eta ikastola mundura zabaltzeko, ordea, hitz batzuk sartu behar izan zituzten. Lanean jarri zituen Miriam Mendoza aurkezleak, eta gonbidatuen txanda ireki zen ondoren.

Iñigo Ameztoi Mujika Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakariak hartu zuen hitza lehenik. Ongietorria egitearekin batera, gogora ekarri zuen ikastola nola sortu zen: “Txuri-beltzeko argazkien garaian, kolorea jarri zioten gure guraso eta aitona-amonek gure haurtzaroari. Etxeko hizkuntza genuena eskolara eraman genezakeen, ikastola sortu zutelako”. Euskaran eta euskal kulturan oinarrituta egin du orain arteko bidea, Ameztoik esan duenez, “baina une oro etorkizunera begiratuz”. Esan zuen ondo sustraitutako hiru enborren gainean dagoela eraikita ikastola: Euskal Herria, batetik; euskara eta euskal kultura da bigarren eta azkenik, kudeaketa-eredua, guraso, langile eta ikasleek osatua.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako sailburuak hezkuntzak ezinbestean uneoro erronka berrietara egokitu behar duela, “eta horregatik lege berri gaurkotua beharrezkoa jotzen duela” azpimarratu zuen atzo, irekiera ekitaldian. Hurrengo 30 urtetarako erronkatzat hartu zuen lege berriaren ezarpena eta hori lortzeak suposatzen dituen “zailtasunak” ez diotela “errendituko” esan zuen. “Gure gizartea aldatuz doa eta horrekin batera, hezkuntzako metodologiak eraldatuz doaz”. Horregatik, herritar guztien arduratzat jo zuen “euskal hezkuntza sistemaren alde egitea”: “Indartu dezagun batzen gaituena eta txikiagotu ditzagun desadostasunak. Gure ikasleen, gure gizartearen onerako izango da”, azaldu zuen. Eragile askoren babesarekin Eusko Jaurlari-tzak “egungo haur eta gazteei hezkun-tza sistema egokiena” ematea du helburu eta “horretan jarraituko du”.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak aitortza egin zien ikastolari “euskara plazara” eramateagatik, “euskararen suzia heldu eta mantentzeagatik”, batetik. Bestetik, gure herriaren giltza nagusietako bat boluntario lana dela esan zuen, “herriak aurrera egiteko ezinbesteko giltza”, eta herri ekimen hori mantentzeagatik ere eskerrak eman zizkien ikastolei. “Lezio bat ematen diguzue horretan”.

erronka Nekane Artola Aldosoro Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ikastolek euskararen transmisioan egindako lana jakinarazi zuen, eta aurrera begirako erronkak mahaigaineratu zituen:euskararen kalitatean azpimarra egin beharra; jaiotze-tasen jaitsierak ratioak berriz aztertzea eskatzen duela; eta atzerritik etorritako haurren gain sakontzea.

Bestetik, aipagai izan zuen Kilometroen eredu berria. Eskerrak eman zizkien azken 42 urteotan laguntzaile, babesle, eragile, boluntario eta abar ibili diren guzti-guztiei. “Ikasitako guztiarekin jarriko gara etorkizunera begira”. Eredu berrian jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte, beste molde batez. “2020ko urriaren 4an antolatuko dugu eredu berriko lehenengo Kilometroak jaia”.

Dagoeneko Amasa-Villabona-Zizurkilgo Zubimusu ikastolako komunitateko kideak eredu berriari begira jarri badira ere, irekiera ekitaldiaren ondoren molde honetako azken Kilometroei agurra emateko ordua iritsi zitzaien bertaratu ziren herritarrei.

Zazpi kilometroko ibilbidea eta hiru gune prestatu zituzten zarauztarrek, aurtengo ikastolen aldeko festako leloa abiapuntutzat hartuta: Ni-a malekoian kokatuko zuten. Hi-a ikastolan, hauxe izan zen gune nagusia; Hura, berriz, Mollarrin. Ni-a, Zarautz, “hain gazte ez diren beti gazte horien.tzat” atondu zuten gehienbat. Erronkari toki bat egiteaz gain, herriko musika taldeei egin zieten tokia: Skasti, Pottors eta Klito eta Optika kasu. Arratsaldean, Joseba Irazoki izan zen. Hi-aren gunea (Ikastola) gune lasaiagoa izan zen, haur eta familientzat bideratuagoa. Hura-ren gunea (Mollarri), berriz, Sonakay-ren disko berriko doinuekin hasi zen. Kontzertu horrek irekiko zuen geroko sorta: Ene Bada, Ane Guria, Mac Onak eta Bad Sound.

Zatautzeko Kilometroak 2019an lortutako emaitzak “onak” izan baziren ere, antolatzaileek “auzolanaren garrantzia” azpimarratu nahi izan zuten festa amaieran. Izan ere, 1.500 lagun baino gehiago ibili ziren aurtengo jaian lanean, guztien indarrak batuz ezarritako helburuak lortu nahian. Ameztoiek azaldu zuen zertara bideratuko den lortutako diru guztia: “Ikastola etengabe egon da pedagogi aurrerakoien ildoan. Ildo horretan ekin diogu marko pedagogiko berriari, eta horrek eskatu digu espazioa eraberritzea. Kilometroetatik ateratzen dugun etekin ekonomikoa proiektu hau finantzatzeko erabiliko dugu”.