TUTERA. Argiñe Korta Aranburu (Ezkio, Gipuzkoa, 1967) Argia Ikastolako zuzendaria da duela bost urte. Ez da, alta, zuzendari karguan aritu den lehenengo aldia, izan ere, 1995ean Argia Ikastolan Nafarroa Oinez ospatu zenean ere halaxe egokitu zitzaion. Gipuzkoarra sortzez, 28 urte darama-tza dagoeneko Tuteran bizitzen. Esperientzia luzea darama bizkarrean, beraz, eta aski ongi ezagutzen ditu ikastola inguratzen duten errealitatea eta testuingurua. Aurtengo leloari jarraiki, argi dauka zein den Argia Ikastolaren papera eta lana, baita Erriberan euskara normalizatzeko ezinbesteko eragilea dela ere.

Nafarroa Oinez antolatzea lan handia da, konpromisoa eskatzen duena. Nola ari zara bizitzen Argia Ikastolarentzat hain berezia izaten ari den urte hau?

Gogotsu eta indartsu. Urte osoko lana izaten da, lan handia, baina oso gogotsu ari gara. Bai ni, bai nire inguruan dudan jendea, denak oso inplikatuta egon dira.

Ikastolako hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa eskatzen du Nafarroa Oinez antolatzeak, ezta? Nola izaten ari da talde-lana?

Duela urte eta erdi jakin genuen 2019ko Nafarroa Oinez antolatuko genuela, eta ordutik antolatzen hasi ginen. Batzordeetan bildu eta lanean hasi ginen, ardura ezberdinak hartuz. Bai ikastolako gurasoak, bai ikasle koxkortuak ere, langileak, aiton-amonak, ikastolako lagunak... Denok. Ezin izango genuke horrelako proiektu handi bat beste modura atera.

Ikastolako mugetatik harago, herrira ere iritsi da?

Bai, jakina. Tuterako hainbat jendek ere parte hartu dute, bai banaka, bai taldeka ere: AEK euskaltegia, hainbat peña, musika talde... Denen beharra badago horrelako gauza bat antola-tzen denean.

2019ko Nafarroa Oinezaren helburuen artean, ikastolan marko pedagogiko berria ezartzearen beharra aipatu duzue. Zertan oinarritzen da, zehazki, marko pedagogiko berri hori?

Marko pedagogiko berri hau ikastolen hausnarketa baten ondoren sortu zen. Ikastolak, dakigun bezala, ai-tzindari izan gara beti berrikuntza planetan, eta duela bostpasei urte aipatu zen, Haur Hezkuntzatik hasita, beste gune berri bat behar genuela: horretan oinarrituta, marko berriari ekin genion. Marko berri honen ardatza ikaslea bera da, ikasleengan oinarri-tzen gara eta beraiengan, bere autonomia eta esperimentazioan, konfian-tza osoa daukagu. Horretan oinarrituta, formakuntzan ari gara irakasleok; eta formakuntzarekin batera hainbat ekintza, tailer eta gune esperimentatzen ari gara. Orain, dagokiguna da instalazioak egokitzea. Eta egokitzapen horretarako laguntza behar dugu, hori izango da Nafarroa Oinezen helburuetako bat.

Espazioa eta honen erabilera modu berri batean ulertzen du pedagogia berri honek?

Espazioa, materialak, irakasle eta familien jarrera... Espazio libreagoak izatea eta ikasleak zirkulazio librean aritzea da helburua, gelak orain arte ulertu izan dugun espazio itxi hori izateari uztea. Ikasleak orain libreago mugitu daitezke, beste adineko ikasleekin ere interaktuatzen, esperimentazio horretatik ikasten. Oso marko aberatsa da eta gu, egia esan, oso gustura gaude.

Bigarren helburu nagusia ikastolari bultzada ekonomikoa ematea da. 2013an, Argia Ikastolak antolatu zuen aurreko Nafarroa Oinezaren harira, Anika Lujan orduko ikastolako zuzendariak ikastolaren egoera ekonomikoa oso kaxkarra zela aipatu zuen. Nola dago egoera orain?

Antzeko gaude. 2012an kirol instalazio berriak egin behar izan genituen legeak hala eskatzen zigulako eta inbertsio handia izan zen. Oraindik zor hori ordaintzen ari gara. Nafarroa Oinezen bigarren helburua, hartara, zor hori murriztea da, ahal dugun neurrian. Ez dugu dena kitatuko, nahiko genuke baina ezin izango dugu. Bestalde, ikastolaren eraikinak 25 urte ditu eta, normala den bezala, konponketa eta berrikuntza txikiak egitea eskatzen du, eta horrek ere diru kostua dakar.

Argia Ikastolak duen ezaugarri edo baldintza nagusietako bat, Euskararen Legeak "ez euskaldun" bezala izendatzen duen lur-eremuak kokatzen dela da. Nola eragiten dio honek ikastolaren egunerokoari?

Legearen asuntoa, zoritxarrez, asumituta daukagu. Ez du esan nahi ez dugula lege hori aldatzeko borroka egingo, baina gure egunerokotasunean guk argi daukagu, Nafarroa Oinezaren leloak dioen bezala, hori hala dela. Oso ongi dakigu zein den gure lana. Gure lana ongi egiten dugu eta horrekin jarraitu beharra dugu. Zoritxarrez, azken aldian euskararen inguruan hartu diren erabakiak ez dira onak izan, oso tristea da berriki gertatu dena. Badirudi hemen, Nafarroan, irizpide politikoak garrantzi-tsuagoak direla irizpide sozialak eta eskubideak baino. Pauso bat aurrera eta lau atzera ematen ditugula dirudi. Nahiko frustantea eta tristea da baina, esan bezala, guk aurrera jarraituko dugu eta, Nafarroa Oinezen ikusiko den bezala, jendetzak aurrera egiten lagunduko digu. Gu jo-ta-ke ari gara lanean, baina Euskal Herri osoko elkartasuna jasotzen dugu eta oso pozgarria da guretzat. Argi daukagu, baldintzak baldintza, aurrera jarraituko dugula.

Erriberan, euskalgintzako eragile garrantzitsuenetako bat da Argia Ikastola. Zein da gizarteari egiten dion ekarpena, alde horretatik?

Bai, eragile nagusietako bat da. Euskara eta euskal kultura lantzen eta zabaltzen laguntzen dugu Erribera osoan. Gurekin batera, beste eragile batzuk ere badaude, elkarlanean ari-tzen gara maiz. Baina Argia Ikastolak, esan bezala, euskaldunak hezten ditu eta gure kulturara familia berriak erakartzen ditu. Horretan jarraituko dugu.

Zeintzuk erranen zenituzke direla Argia Ikastolaren balore nagusiak?

Lehenengo, gure hizkuntza, dudarik gabe. Bestea, gure lan metodoa: kooperatibismoa. Kooperatiba gara eta hala lan egiten dugu. Auzolana ere beste ardatz nagusi bat da, gurasoen parte-hartzea oinarrizkoa da ikastolaren egunerokotasunean, seme-alaben hezkuntzan. Oso garrantzitsua da, bestalde, ikasleekin lantzeko material propioa izatea. Hizkuntza eta kooperatiba azpimarratuko nituzke balore nagusi bezala, baina gainontzekoak ere garrantzitsuak dira.

Nafarroa Oinezek, Erriberan ikastola ezagutarazten lagundu duela erranen zenuke?

Bai, azken finean Nafarroa Oinez ez da egun bakarreko gauza bat, hainbat proiektu dakartza bere baitan, urtean zehar lantzen diren proiektuak. Eremu ezberdinak jorra-tzen dira proiektu horietako bakoi-tzaren eskutik. Artea Oinez, artea eta kultura jorratzen; Oinez Basoa, oso inportantea dena gure ingurugiro eta arlo ekologikoa lantzen; Txikiak Handi, hizkuntza gutxituen proiektua... Ekimen hauek eta urtean zehar egiten diren gainontzeko jarduerek laguntzen dute gure ikastola kalera ateratzen eta Erribera osoan ezagu-tzera ematen, baita euskara normalizatzen ere. Hori oso aberatsa da eta, jakina, gure helburuetako bat ere bada.

Nafarroako euskararen mapa oso bestelakoa izanen litzateke Argia Ikastola gabe?

Bai, Erribera osoan, D eredua lan-tzen duen ikastetxe erreferente bakarra garelako. 18 hilabeteetatik derrigorrezko irakaskuntza osoa bete arteko maila guztiak betetzen ditugu. Erreferenteak gara, azken urteetan poliki-poliki matrikulazioa gora doa eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da ikastolara, gure metodo pedagogikoa ezagutzera. Hori oso seinale ona da.

Testuinguru sozial eta linguistikoa kontutan izanda, guraso ez euskaldunak dituzten ikasleen kasua ohikoa izanen da Argia Ikastolan.

Bai, gure ikastolan oso arrunta da hori. Hemen dauden familien %80 ez dira euskaldunak, ez dute euskaraz hitz egiten. Baina hori ez da inongo oztopoa guraso hauek gure proiektua aukeratzeko. Hizkuntza baloratzen dute eta erabakitzen dute beraien seme-alabek euskaraz ikasi behar dutela, euskaraz nahi dituzte hezi, eta euskararekin batera beste metodologia eta estilo batekin. Baina euskara ez jakitea ez da aitzakia ikastola edo D eredua ez aukeratzeko.

Argia Ikastolaren eta, orokorrean, Nafarroako ikastolen egun handia iristear dagoen honetan, zer espero duzu?

Jendetza Tuteran, euskaldun piloa Tuteran; eta urte guzti osoan zehar sentitu dugun elkartasuna sentitzea. Horren truke guk egun alaitsu bat eskaini nahi diogu jendeari, ekintza piloarekin, jai giroan eta eguraldi ederrarekin. Gustura pasatzeko eguna antolatu dugu eta horixe da espero duguna, dena ongi joan dadila.