iruñea - Kultura digitalean aitzindari izan diren proiektuak, musika digitalaren sekretuak, 3D objektuen diseinuaren nondik-norakoak, Android aplikazioen sorkuntza... Guzti hori, euskaraz eta euskaratik. Bizi gaituen aro digitalean are gehiago murgiltzeko parada izan zuten atzo Nafarroako ikastetxe desberdinetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 500 ikaslek atzo, Iruñeko Baluarte Jauregian ospatutako Sarean Euskaraz jardunaldiaren hirugarren edizioan.

Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez sustatu duen ekimenak harrera ezin hobea izan zuen goiz osoan zehar, parte-hartzaileen zirraran atzeman zitekeen bezala. Ikasleak bakarrik ez, eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak ere Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) protagonista izan zituen jardunaldia bisitatzeko tartea izan zuen.

Arlo digitalean euskararen erabilera areagotu eta kultura digitala sustatza izan zuen helburu nagusi goizeko 09.00etan hasi eta 14.00tara luzatu zen egitasmoak. Aurtengo berritasuna eta interesgune nagusia Era Aretoa izenekoa izan zen. Bertan, Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea elkarteako kideak; eta Ane Ortiz sexologoak hitzaldi interaktibo bana eman zuten, pribatutasunaren eta sare sozialen bidezkoa harremanen inguruan, hurrenez hurren. Hitzaldien xedea, IKTek eguneroko bizitzan, eremu publikoan zein pribatuan, duten gero eta garrantzi handiagoari buruz ohartaraztea eta teknologia horien erabilera egokia proposatzea izan zen.

Info Aretoa izeneko gunean, ikasleek 15 minutuko aurkezpenak jarraitu ahal izan zituzten. Kultura digitalaren sektorean aitzindari izan diren eta gaur egun oraindik aktibo jarrai-tzen duten sei proiekturi buruzko aurkezpenak izan ziren. Puntu Eus Fundazioaren, Ahotsak.eus-eko Gazte Gara Gazte ekimeneko Izaskun Gastonen, Booktegi ekimeneko Aritz Brantonen, Euskal Wikilarien Elkartearen eta Gipuzkoako Software Askeko Librezale taldeko kideek beraien proiektu puntualei buruz hitz egin zieten ikasleei. Hirugarren eta azken aretoa Ikas Aretoa izan zen. Bertan, ikasleak, 20 laguneko taldetan antolatuta, sektore digitalean esperientzia luzea duten profesional eta elkarteen bizipenak ezagutu eta horietatik ikasteko parada izan zuten. Musika sortzeko, objektuak diseinatzeko edo Android gailuekin aplikazioak sortzen ikasteko aplikazioak izan ziren tailerretan landu zituzten gaietako batzuk.

2017ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Gobernuak Euskara Sarera jardunaldia antolatu zuen lehenengoz. Iaz, esperientzia errepikatu zen bi egunez parte-hartzaile kopurua bikoiztuta. Eta aurten, Sarean Euskaraz jardunaldia euskarazko IKTen eta kultura digitalaren erreferentziazko gune bilakatu da.