Azken urteetan neurozientziaren esparruan egin diren aurkikuntzei eskerrak, garunaren funtzionamenduari buruzko ezagutza gehiago dauzkagu irakaskuntzan aritzen garen profesionalok. Metodo zientifikoa bermatzen duten profesional kualifikatuen ikerkuntzei erreparatuz gero, pertsonon garunaren funtzionamenduari buruzko gauza asko ikasi ditugu azken urte hauetan. Ikastoletan ere, neurozientzian adituak diren profesional ezberdinei eskerrak, garunaren funtzionamenduaren inguruan asko ikasten ari gara.

Hezitzaileak gara txikitatik geure lanbidearekin kontaktuan gauden profesional bakarrak. Izan ere, gure irakasleengandik jaso genuen ereduak bizi guztian zehar lagundu eta markatu gaitu, bai pertsonalki nola gure gaur egungo irakasle jardunean ere. Baina adi, izan ere, irakasleak ez bagara horretaz kontziente, txikitan bizi izan genituen irakaskuntza prozesuak errepikatzeko joera izaten baitugu.

Neurozientziaren ikuspegitik, badira funtzionatzen duten pedagogiak eta funtzionatzen ez dutenak ere. Gainera, badira beste pedagogia batzuk, hasiera batean eraginkorrak diruditenak, baina epe luzean haur eta gazteengan ondorio larriak utz ditzaketenak. Baina zertarako balio behar du irakaskuntzak? Irakaskuntzak, pertsonak duintasunez hazten laguntzeko balio beharko luke.

Pertsonok emozioen bidez ikasten dugu. Poza eragiten diguten emozioekin, eta baita beldurra eragiten digutenekin ere. Baina pozez ikasten ditugunek, gehiago ikasteko grina sorrarazten diguten bitartean, beldurrez ikasten ditugunek edozein ezagupenekiko errefusa sor dezakete gugan.

Estrategia pedagogiko bakoitzak badu atzetik osagarri ideologiko bat, eta honek haurraren garapenean eragin osoa du. Hitzarmen sozial kontziente edo inkontziente bat egoten da, eta horrek etorkizuneko gizartearen oinarriak ezartzen ditu. Hezkuntza sistema bakoitzaren atzetik ideologia nabarmen bat dago. Adibidez, aro industrialeko gizartean, fabriketan lan egingo zuten langileak behar ziren: protestarik egin gabe lan egingo zuten pertsona otzanak behar ziren, eta horretarako, irakaslea zen erdigunea; azterketetan, berak esandakoa errepikatu behar zen, inongo hausnarketarik gabe.

Beste adibide bat, gaur egungo gizarte lehiakorrak eskatzen duen irakaskuntza mota da, hau da, bakarkako lana saritu, eta hoberenak nabarmentzeko helburua duten azterketa selektiboak sustatzen dituen irakaskuntza mota.

Pedagogia mota horietan, Zientzia eta Filosofia bezalako arloak murrizten dira, arlo horiek hausnarketak bideratzen dituztelako, eta metodo zientifikoak pentsamendua zabaltzen duelako. Gainera, artea, motrizitatea eta musika ere murrizten dira: garunaren plastizitatea eta norberaren adierazpenak sortzen laguntzen dituzten gaiak alegia.

Ez dakigu etorkizuneko gizartea nolakoa izango den, baina badakigu gure ikasleek izango dituzten lanbideetako asko oraindik asmatu gabe daudela, gizartea eta teknologia oso aldakorrak direlako. Gainera, badakigu hezkuntzak eragin osoa duela etorkizuneko gizartean, eta horregatik, Andra Mari Ikastolan, etorkizunean zein ildo pedagogiko erabiliko dugun ardura handiz hausnartzen ari gara. Lanari ekin diogu eta lehenengo pausua etorkizuneko pertsonak nolakoak izango diren irudikatzea izan da. Hau da, ikastolatik 16 urterekin aterako den pertsona eredua definitzeari ekin diogu.

Hezkuntza emozionala, funtzio exekutiboak eta hazkunde mentalitatea lantzea, bizitzak aurrean jarriko dizkigun erronkak gainditu ahal izateko oinarri sendoak jartzea da; etorkizuneko hezkuntzaren xedeak finkatzea alegia. Andra Mari Ikastolan, norabide horretan lanean ari gara.