Nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriak, ekonomia zirkularra eta klima-aldaketaren aurkako ekintza izanen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren 2020rako aurrekontuan gastu-irizpidea ezartzen duten ardatzak.

Zehazki, nekazaritzako azpiegiturak eta ustiategiak, nekazaritza-ingurumeneko laguntzak eta hondakinen funtsa dira aurtengo kopuru osoaren (105,5 milioi) zati garrantzitsuena betetzen duten partidak, hau da, aurreko ekitaldiarekin alderaturik %6ko igoera jasotzen da.

Jarraian, Departamentua osatzen duen Zuzendaritza Nagusi bakoitzaren inbertsio garrantzitsuenak zehazten dira.

Ustiategietan inbertsioak egitea eta Landa Garapenean gazteak sartzea

Zuzendaritza Nagusi honen 2020rako zuzkidura ekonomikoa 29 milioikoa da. Aurrekontu-ildo nagusiak hauek dira: nekazaritza-sektorean inbertsioak egitea eta gazteak bertan sartzea, Nafarroako kalitate-figurak sustatzea (JI, AGB edo era artisauan eginiko produktuak) eta landa-inguruneko jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea.

Zehazki, nekazaritzako ustiategietako inbertsioei emandako laguntza 10 milioi eurokoa da, eta sektorean gazteak sartzeko esfortzuari eutsi zaio, 3,5 milioirekin. Bi neurri horiek, FEADER funtsaren laguntzarekin finantzaturiko Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan sarturik daude.

Makineriaren erabilera komuneko kooperatiben (CUMAS) inbertsioetarako 750.000 euro bideratu dira, eta abeltzaintzako ustiategietako bio-segurtasuna hobetzeko inbertsioetarako aurrekontua 150.000 eurotik 250.000 eurora igo da.

Nafarroako nekazaritzako elikagaiak sustatzeko eta merkaturatzeko zuzkidurak ere %9,85 handitu dira, 2,3 milioi eurora iritsiz. Kalitatezko figurak (JI, AGB€), tokiko produktuak, zirkuitu laburrak, etab. sustatzeko jarduketak dira.

Nekazaritzako jarduera dibertsifikatzeko jarduketetarako, sektorearekin erlazionaturiko proiektu pilotuetarako eta partaidetzan oinarrituriko toki-garapeneko estrategietarako (LEADER) laguntzak ematen jarraitzen da, eta 2020an 6,8 milioi euro bideratuko dira.

FEAGA eta FEADER Laguntzen Erakunde Ordaintzaileari zuzenduriko kopurua hobetu egin da, 975.510 eurora iritsiz, EBtik datozen laguntzen kudeaketan hainbat alderditan babes ona izateko: tele-hautematea, kontrola, SIG-PAC, etab.

Azkenik, 1.850.000 euro bideratuko dira nekazaritzako ustiategiei aholkularitza emateko sistemarekin jarraitzeko, Nafarroako Gobernuak sektorea berritzeko eta profesionalizatzeko egindako apustuaren barruan.

Sektorea sendotzea eta Nekazaritza-ingurumeneko laguntzak Nekazaritzan eta Abeltzaintzan

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuko neurri handiak Foru Komunitatean nekazaritza-sektorea finkatzera bideraturik daude, Nafarroaren egitura ekonomikoaren barruan duen pisuari eusteko eta haren lehiakortasuna hobetzeko. 51.212.657,53 €-ko aurrekontua ezarri da.

Gai garrantzitsuetako bat, 2019ko uztailaren 8ko ezohiko uholdeek eta eurite handiek eragindako kalteen konpentsaziotik eratorritako partidak 2020an aurrekontuan sartu direla da. Errenta-galeraren eta nekazaritza-ekoizpenetarako laguntzen lerroa 800.000 eurokoa izanen dela uste da, eta gaitutako gainerako laguntza-lerroekin batera, kopuru osoa 3,42 milioi eurokoa izanen da.

2020ko ekitaldian handitu egin da, halaber, Agroseguroren bidez aseguru primen bitartez konpentsatzeko lerroa, 3,65 milioi euroko zuzkidurarekin.

Horrez gain, 8 milioi bideratuko dira nekazaritza-ingurumeneko laguntzak bi urtez luzatzera. 2015ean eman ziren eta 2019an amaitzen ziren, NPB berria eta LGP berria martxan jarri arte. Luzapen horrekin, Nekazaritzarako-Ingurumenerako eta Klimarako, Nekazaritza Ekologikorako, eta Mugaketa Naturalak dituzten Eremuetarako lerro espezifikoen jarraipena bermatzen da. Neurri horrek, nekazaritzarekin eta ingurumenarekin erlazionaturiko konpromisoren bat duten 7.304 titularri eta 316.500 hektareako azalerari lagunduko die.

Aipatu behar da Zuzendaritza Nagusi horren aurrekontua Nafarroako ubidearen proiektuaren garapenari lotutako konpromisoek baldintzatzen dutela neurri handian; 2019an Nafarroako ubidearen lehen faseko eremu ureztagarriaren kanonak 17.227.000 euroko ekarpena ekarriko du.

Ekonomia Zirkularra bultzatzea eta Klima-aldaketa

2020rako Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontua 20.506.437,00 eurokoa da.

Nabarmentzekoa da Hondakinen Funtsaren kargura dauden partidak 2,9 milioira igo direla, eta kopuru hori hondakinen kudeaketa eta tratamendua hobetzeko diru-laguntzetara bideratuko dela. Zehazki, 2.181.025 euroko bi partida toki-erakundeei eta enpresei diru-laguntzak ematera zuzenduko dira; 450.000 euroko bertze bi partida, berriz, jarduera orokorretarako eta ingurumen-larrialdietarako izanen dira, eta bertze bi, 302.131 eurokoak, azterlan, lan eta proiektu teknikoetarako.

Guztira, klima-aldaketaren eta ekonomia zirkularraren aurkako ekintzetara bideraturiko zerbitzuaren aurrekontua 7,4 milioi eurokoa da.

Bestalde, Basozaintzako eta Ehizako Baliabideen Zerbitzuak 8 milioiko aurrekontua du, eta, haren partiden artean, nabarmentzekoa da baso-jardueretarako toki-erakundeei emandako diru-laguntzek izanen duten %7ko igoera, 1,6 milioiraino.

Gainera, 2020an, zerbitzu horrek arreta berezia emanen dio natura-inguruneari, aprobetxamendu jasangarriaren ikuspegitik. Partida garrantzitsuenetako bat parke naturaletan eta bertze baso-gune batzuetan inbertsioak egiteko izanen da, 295.000 euroko zuzkidurarekin. Halaber, 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programan sartzen diren basoko inbertsioak nabarmendu behar dira, eta baita naturaren interpretazio-zentroak kudeatzeko 300.000 euroko partida ere.

Azkenik, aipatu behar da, hiru zuzendaritza nagusien partidez gain, Departamentuaren aurrekontuak zerbitzu orokorren lerroekin osatzen direla. Horiek 4,8 milioiko zuzkidura dute.