Zeintzuk dira Euskal Herriko Bilgune Feministak aurtengo M8an plazara aterako dituen aldarrikapenak?

-Bilgune Feministatik urte osoa daramagu gure diagnostikoarekin. Urteak daramatzagu esaten zaintza krisian gaudela eta pandemiak hori azeleratu du. Horregatik, martxoak 8 honetan zaintza lanen krisiaren ardatz arrazista mahaigaineratzeko momentua zela uste dugu, eremu erremuneratuan ibiltzen diren emakumeak, emakume arrazializatuak eta migratuak direlako gehienetan.

Zer gabezi azaleratu ditu pandemiak?

-Pandemiak azaleratu du kapitalismoa ez dela kapaza bizitza duinak sostengatzeko, neoliberalismoak ez duela inolako proiekturik, eta gutxiago emakumeentzako, eta agerian utzi du ere sistema hau ez dela gai bizitza bera sostengatzeko. Nortzuk daude hein handi batean bizitza horiek sostengatzen? Emakumeak, lan prekario esplotatuetan, ekonomia erremuneratu edo ezkutuko ekonomia horretan pribatuen zaintza lanak egiten. Eta zaintza katea migrazio politika kolonialekin sostengatzen da, orden jerarkizatu eta arrazial batekin, emakume gehienak migratuak eta arrazializatuak direlako.

Greba feministetan zaintza lanetan fokua jarri zen. Aurrerapausorik eman da horrez geroztik?

-Greba feministako bigarren urtean "aurrerapausoa" ikusi genuen, izan ere zaintzari buruzko eztabaida monotema bihurtu zen, eta hori guretzat lorpena izan zen. Baina hortik aurrera, guk garbiketa morea deitzen dioguna gertatu da. Euskal instituzioetatik bizitza duinen inguruan hitz egiten da, baina inongo politika feministarik egin gabe. Diskurtsoa baino ez da. Erresidentzietako emakumeek zenbateko borroka egin duten ikusten dugu eta oraindik ez zaie inongo aitortzarik ematen, etxeko langileek hitzarmena lortzeko dabiltza borrokan, eta ez dute lortzen kasurik egitea... Diskurtsiboki gabezia hori azaleratu da, baina ez da urratsik eman, ez dira politika feministak implementatzen. Beraz, aurrerapausoa jendartean bai, baina instituzioen aldetik ez da egon intentziorik benetako proposamenak emateko.

Nolakoa izango da aurtengo M8a? Polemika egon da mobilizazioen kontura.

-Mugimendu feminista hasieratik, aurreko martxotik, arduratsua izan da. Horren adibide da, esaterako, azaroak 25eko mobilizazioetan nola segurtasun neurriak errespetatu ziren, ekitaldi estatikoa izan zen... Badakigu manifestazio ikusgarria ez dela izango, herriz herri, hiriz hiri, auzoz auzo eta zutabeka izango da. Mugimendu feminista dago hori antolatzen. Ez dakit zergatik sortu den horrelako histeria... Garrantzi- tsua da kalera ateratzea sindemia honetan emakumeak izan garelako sistema honetan azkenak. Gu hemen gaudela, borrokan jarraitzen dugula eta diskurtso hutsalek ez dutela balio aldarrikatzea garrantzitsua da.

2018-19ko greba feministen ostean aurten, bigarrenez, ez da grebarik izango. Zer hausnarketa egin du Mugimendu feministak horren inguruan? Ze borroka modu planteatzen dira orain?

-Greba betidanik izan da langileontzako tresna garrantzitsua, baina urtero ez dugu egin nahi, beste borroka tresna bazuk daude. Feminismoaren zabalkuntza lortu zen, eman beharreko pausoa zen emakumeak borrokara batzea. Hala ere, ez dugu baztertzen etorkizunean berriz egitea, ikusi beharko dugu borroka tresnak zeintzuk diren egoerara egokituz. Mugimendu feministak duen altxorra da herriz herri eta auzoz auzo dagoela. Dezentralizazio horren indarra garrantzitsua da.

Etorkizunera begira, zein bide orri dauka Mugimendu feministak?

-Euskal Herriko Jardunaldi feministetan bi ildo nagusi irten ziren: bata zaintzaren ingurukoa, bizitza duinen inguruko bide orri bat. Gure- tzat oso inportantea da euskal zaintza publiko eta komunitario baten eraketa. Eta bestetik, zelan lortu Euskal Herriko mugimendu feminista eta antiarrazista bat edukitzea, jakinda borroka antirrazistan emakume arrazializatuek edukiko dutela lidergotza, baina guk emakume zuri moduan daukagun ardura hartuz. Eta horretarako ulertzea arrazakeria egiturako zapalkuntza bat dela, eta gure agendetan txertatzea. Eta horrekin batera agenda komun bat egituratzea.