kastolen mugimenduak 60ko hamarkadan ekin zion bideari. Euskal Herrian zehar, beste hezkuntza eredu batekin amesten zuten hainbat pertsona elkartu eta haien irudimenean zegoen hura gauzatzeko modua topatu zuten. Momentuko beharrei eta gizarteari erantzun nahian, herritik eta herriarentzat sortu ziren ikastolak. Etorkizuneko gizartea nolakoa nahi zuten irudikatu zuten: euskara eta euskal kultura maitatzen zuena. Eta kooperatibismoaren eskutik, herrilanari esker, murgiltze eredua sustatzen zuen hezkuntza eredu aitzindariaren hazia erein zuten.

Iñigo Aritza Ikastola ere mende erdia darama bide-urratzaile zeregin horretan haziak ereiten; izan ere, lehen pausuak Olaztin eman zetuen duela 50 urte, ondoren Altsasu eta Urdiainera zabalduz. 50 urte euskara eta euskal kulturan oinarritutako murgiltze ereduan haur eta gaztetxoak hezten. Lehenengo urte haietan haur gutxi eta baliabide gutxirekin ekin zi-tzaion lanari, baina ez zen txikia garai hartako familia, langile eta ikasleek Iñigo Aritza ikastola eraikitzeko zuten gogo eta grina.

Bide horretan askotan behar izan da inplikazioa eta ilusioa guztiona den proiektu hori aurrera eramateko: ikasleek hezkuntza bidea jorratzeko beharrezko espazioak eskaintzeko baliabideak bilatzea, hezkuntza ereduaren ofizialtasuna borrokatzea, besteak beste. Eta ametsen bilako bidean aurrera egin dugun bitartean, hiru Nafarro Oinez ere ospatu dira 50 urte hauetan komunitate osoaren elkarlanari esker aurrera atera direnak. Izan ere, mende erdiz ezinbestekoa izan baita komunitateko ardatz guztiek norantza berdinean aurraun egitea oraingo ikastola izan ahal izateko.

Hasierako urte haietan berrogei bat ikasle zituen ikastolak eta gaur egun, 300 haur eta 200 familia baino gehiagok osatzen du ikastolako komunitatea, duela bost hamarkada gutxi batzuk hasi zuten bidea Burundan errotu denaren seinale. Makina bat erronka izan dira bidean, eta datozen urteetan beste hainbesteri ere aurre egingo zaie. Horiei guztiei, orain arte bezala, ikastolako ildo eta helburu nagusiak ardatz harturik eta denon arteko elkarlanean, erantzuna emango zaie.

Honela, aurtengo ikasturtea izugarri berezia da gure-tzat. 50 urte betetzen ditugu, eta Ikastolak beti egin izan duen bezala, herriari eskaini nahi dizkiogu gure ikuspegi eta balioak, euskara eta euskal kultura ardatz eta helburu izanik.

Lehengo ospakizuna urriaren 23an izan genuen Altsasuko Iortia Kulturgunena, izan ere, Eñaut Elorrietak emanaldia eskaini baitzuen Ikastolaren eskutik. Kontzertua bere azken diskari izena ematen dion ‘Irteera argiak’ abestiarekin hasi zuen. Ordu eta hogei minutuz aritu zen Elorrieta bere abestietan zehar bidaiatzen, bitarte horretan ere beste euskal erreferenteak presente ekarrri zutuelarik, hala nola, Bernardo Atxaga edo Harkaitz Cano. ‘Hariak’-en ondoren iritsi zen, behar bada, gaueko momentu berezietako bat, izan ere, urteak adiskidetze lanetan ibili ondoren, lehengo aldiz berriro jo baitzuen ‘Ilargia’. Mimo handiz prestatutako kontzertua izan zen, zalantzarik gabe; eta horren seinale bertaratutako 300 entzuleek kontzertua amaitzean, eserlekuetatik zutitua, gernikarrari zuzendutako txalo zaparrada.

Ikasturtean zehar, Iñigo Aritza Ikastolak bereziki indarra jarri nahi du haur eta familiei zuzendutako ekintzetan eta hori horrela, hainbat ekintza aurreikusten dira ikastola osatzen duten herri guztietan. Hau da, Altsasun, Ziordi, Olazti eta Urdiainen; eta 50 urteurreneko ospakizunei behar duten bukaera emateko, ez dago momentu aproposagorik ikasturte bukaeran, ekainero, ospatzen dugun ikastolako eguna baino. Izan ere, hori izaten baita elkartzen gaituen proiektu amankomuna ospatzeko eguna.

Herritar guztiak gure ospakizunetan parte hartzera eta gurekin gozatzera animatzen ditugu. Eta bide batez, ikastolako komunitatea osatzen dugun familia, familia-ohi, langile, langile-ohi, ikasle eta ikasle ohiei, MILA ZORION! Gu baikara iturri zaharreko ur berria!