stirala, goizeko 09:10. Berako Labiaga Ikastolako LH 5 eta LH 6ko ikasleak urduri eta gelatik irteteko prest daude. Hain goiz? Gaur Izei gelakidearen baserrira doaz, bertako bizitza eta egunerokoa ezagutzera.

70eko hamarkadan hezkuntza pedagogiak gorakada galanta izan zuen, eta teoria anitz horietatik indartsuena, ingurunearekiko elkarrekintzan haurrek ezagutza berriak txertatzeko balioaren teoria izan zen, ekarpenak esanguratsuagoak zirela eta garapena zein ikaskuntza prozesuarekin estuki lotuta zegoela ziurtatuz.

Labiaga Ikastolak ere geroz eta argiago du bai ingurune fisikoak eta naturalak zein gizarteak eragina ukaezina duela haurraren izaeraren finkapenean. Horren ondorioz, egun ahoz aho dabilen Baso Eskola proiekturantz hurbiltze pausu bat ematera eraman du gure ikastolak aurreko mendeko 50. hamarkadan Suedian eta Danimarkan garatu zen metodologia horren funtsa -natura hezkuntza baliabide pedagogiko nagusia izatea- ikastolako egunerokora ekarriz. Nafarroako hezkuntza legediak ere horretan jartzen du indarra, beraz jarraitzeko bidea garbi dago.

Metodologia honek landu beharreko eduki eta konpetentziak egunerokoarekin uztartzea bermatzen du, haurrek ikaste prozesu horretan lantzen diren kontzeptu berri horiek egunerokoan duten baliagarritasuna hauteman dezaten eta egoera errealetan praktikan jartzeko aukera emanez. Elkar ekintza horiek kausa-ondorioak ulertzeko, hipotesiak sortzeko eta interpretatzeko egoera paregabea dela ukaezina da, ingurumenarekin kontaktuak akzio bakoitzak duen eragina esperimentatzeko eta behatzeko aukera ematen baitu.

Hezkuntza tradizionalak horri ateak itxi zizkion, ikasleak aulkietan eseri eta entzule rola hartzera behartuz, garai batean izaten zen jolas libre eta ingurumenaren esplorazioa murriztuz. Gure ikastola ikasleek auzoa, herria, natura eta ingurunea modu librean ezagutzeko muga horiek haustera bidean dabil.

Bortziriek eskaintzen dizkiguten inguru paregabeak aprobetxatuz eta Bera zein bertako biztanleen eskuzabaltasunaz baliatuz, geroz eta gehiago dira ikasgelatik kanpo (jolastokian, herriko plazan, kaleetan, zelaietan, mendietan, etab.) gauzatzen ditugun ekintza eta irakaskuntza ikaskuntza esperientziak.

Urteak daramazkigu jada matematikak, arteak, hizkuntzak, etab. lan-tzeko herriko txoko ezberdinez balia-tzen eta horietara irteera ttikiak egiten. Horren adibide dira herrian zehar egindako esploratze irteerak: forma geometrikoak bilatuz eta izendatuz, inguratzen gaituzten paisaiak deskribatuz, distantziak neurtuz...

Goizeko 09:10ean, motxila hartu genuen, aurreko astean ikastola alboko zuhai-tzetatik jasotako sagarrak ahaztu gabe eta Zalain auzorantz abiatu ginen. Bidean irudi geometrikoekin aritzeko eta gosaltzeko pare bat geldialdi gauzatu genituen.

10:30ak aldera Itsaspi baserrira heldu eta bertan genituen Josu eta Maxus esperoan, baserriko bizitza gertuagotik ezagutarazteko helburuarekin.

Baratza eta animaliez arduratzeaz gain, sagar zukua eta sagardoa egiten dituzte. Josu sagar zukua eta sagardoa egiteko pausu ezberdinak azaltzen hasi zen. Sagar mota ezberdinak daudela azaldu zigun, baita guk ikastolatik ekarritako sagarrak zein motatakoak ziren. Biak dastatzeko aukera izan genuen, haien arteko ezberdintasunak guk geuk hautemateko aukera izan genuelarik.

Gerora sagarrak sailkatzeari ekin genion, zukua eta sagardoa egiteko baldintza onetan zeudenak kutxetan sartuz eta besteak bertze txoko batean baztertuz. Sailkapena egindakoan horiek mangerarekin garbitu eta xehetzeko makinan bota genituen. Makina honen arriskuez ere kontatu zigun Josuk. Zukua lortzeko azken pausuari ekin genion, xeheturiko sagarrak prentsan isuri eta eskuekin zapalduz. Amaitzeko tapa jarri eta prentsa makinarekin egiteari ekin genion. Zukua iragazi ondoren, ikasle bakoitzak botila bana bete zuen etxera eraman eta bertan dastatzeko.

Bestalde, sagardoa egiteko prozesua ere ezagutzeko aukera izan genuen, zukua kupeletan sartu ondoren sagardo noiz bihurtzen den jakiteko tekniken inguruan ikasiz. Lehen teknika aparra eta burbuilen soinua aditzea da, prozesuan zehar sorturiko bakterien eraginez gertatzen da. Bertze teknikak alkoholimetroa edo kandela erabiltzea izango litzatezke.

Azkenik, Maxuxek eta Josuk egunean bertan jasotako onddoak ikusteko eta gaztaina eta urrak dastatzeko aukera izan genuen, baita baserriko animaliak eta artaburuak gertutik ezagutu eta ukitzeko ere.

Ekintza hagitz gozatu genuen, berriz baserrira itzultzeko gogoz gabiltza baita bertako bizitzaren inguruan gehiago ikasteko irrikatan ere. Hagitz gustura ibili ginen sagarrekin zein bertako makinekin elkarrekin-tzan. Oraindik, hilabete pasa arren, gogoan dugu bertan egindako eta ikasitako guztia.