iruñea. Nafarroako Erresuma, 1571. Joanes Mailuk atzean uzten du bere arbasoen aberriaz geratzen dena eta valoistarren Parisera joaten da, Henrike Nafarroako prin-tzea eta higantoen buruarekin batera. Azken honek Frantziako errege katolikoaren arreba den Margaritarekin ezkondu behar du.
Era honetan hasten da Aingeru Epaltzaren Izan bainintzen Nafarroako errege (Elkar, 2009) azken eleberria. Iruñeko idazleak atzo aurkeztu zuen Joanes Mailu erresumaren zaindariaren abenturak kontatzen dituen bigarren liburua. Azken lan honek Nafarroako Erreinuaren amaierako urteak biltzen dituen Erresuma eta Fedea trilogiaren bigarren alea da. Eleberriak Euskal Herriko literaturak bizi ez zuen genero pikareskoa ukitzen du eta, aldi berean, garaiko Alemaniako literaturaren oihartzuna duela nabarmentzen du idazleak.
Liburu hau osatzen duten orrialdeek historiarekiko lilura bat isla-tzen dute, batez ere XVI. mendeko gizartearekiko lilura. Izan ere, Aingeru Epaltzak garai horretaraino bidaltzen ditu irakurleak, Euskal Herriko historian eta baita Europakoan ere garrantzitsuak izan ziren gertakizunen garaira: "Urte hauetan erabaki garrantzitsuak eman ziren gure historian, hala nola euskaldunak Erromako Elizari lotuta jarraituko ote zuten ala Erreforman sartu behar al ziren eztabaidatu zen, besteak beste", azaltzen du idazleak.
Baina batez ere munduak Fran-tziako Erresuma zuen ardatz mende honetan. Hori horrela, bigarren liburu honetan, trilogiaren pertsonaiak garaiko Parisko Gorteetako nondik norakoen berri ematen die XXI. mendeko irakurleei, izan ere, Joannes Mailuk ezezaguna duen mundu batekin egingo du topo Frantziako Erresumaren buruan, hala nola "argitsuagoa, koloretsua edo eta ñabarduraz beteagoa den mundu batekin". Modu honetan, azken lan honetako osagai nagusiak umorea, sentsualitatea eta ironia izan direla esan daiteke.
Eleberriaren pertsonaiei dagokienez, Aingeru Epaltzak benetakoak eta fikziozkoak tartekatu ditu argia ikusi berri duen liburuaren historia kontatu ahal izateko. Era honetan, lan hau esku artean har-tzen duen irakurleak Nafarroako printze Henrike, Albreteko Joana edo eta Nafarroako Margarita izango ditu abentura honetako bidai lagun. "Agertzen diren pertsonai historikoak fikzionatuak izan dira, nire begietatik barrena pasa dira eta hauen gaineko interpretazioa nik egin dut; ez dute historiografiarekin bat egiten", azaltzen du idazle iruindarrak.
Horiek horrela, Epaltzak argi utzi nahi du bere helburua ez dela historia liburu bat idaztea, baizik eta fikziozko istorio bat kontatzea. Izan ere, idazleak nabarmentzen duenez, "historiak beti eskaintzen ditu eskenatoki apartak eta pertsonai historiko ikaragarriak" era honetako eleberriak sortzeko.
Baina fikzioarekin batera errealitateak ere bere nagusitasuna du liburuan, Euskal Herriko historiaren pasarteak biltzen baitira. Gertakari nagusi hauei %100 fidel izaten saiatu da Iruñeko idazlea: Izan bainintzen Nafarroako errege lanaren errealitatea XVI. mendeko pertsonai baten begietatik dago kontatua. Hala ere, "bakoitzak epaitu behar du lana noraino den fidela", aipatzen du Aingeru Epaltzak. Era honetan, idazleak irakurleak gogoeta batean sartuko ditu.
hirugarrena Esaten den bezala, ez dago bigarrenik hirugarrenik gabe. Eta kasu honetan ere horrela gertatzen da. Iruñeko idazleak agindu du dagoeneko hasia dela Joanes Mailuren abenturak biltzen dituen azken liburuarekin lanean eta, orain arte mantendu duen lan erritmo berarekin jarraituz gero, 2012an ikusiko du argia trilogiaren azken aleak, Nafarroako Erresumaren konkistaren 500. urteurrena ospatzen den urtean.