Síguenos en redes sociales:

Jasone Osoro, Ezekiel eta fan fenomenoa

biurdana institutuko euskal liburuaren irakurketa publikoaren XV. edizioan idazle elgoibartarra omendu zen

Jasone Osoro, Ezekiel eta fan fenomenoa

Biurdana ikastetxe iruindarrean Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoaren XV. edizioari ekin zioten atzo goizean, protagonista nagusi batekin: Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Komikian oinarritu zen iazko formatua alde batera utzita, aurten idazle bakar batean oinarritu nahi izan dira. Hartara, goizeko lehen ordutik, 08:15etatik, 14:15era bitartean idazle elgoibartarraren liburu arrakastatsuenetako pasarte ugari biziberritu zituzten Biurdanako ikasleek, baina ez hori bakarrik, izan ere egilea hurbiletik ezagutu eta berarekin iritzi eta galderak partekatzeko aukera ere izan zuten.

Jara, Ezekiel, Ezekiel noraezean, Greta, Korapiloak eta Tentazioak izan ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailatik Batxilergoko bigarren mailarako ikasleek irakurtzeko aukeratu zituzten lanak. Denetara, 60 inguru izan ziren oholtzaratutako irakurleak, irakurketa bat baino besta batean bilakatu zen ekitaldian.

Asier Azpilikueta Biurdanako ikasketa burua eta ekimenaren antolatzaileetako baten iritzitan, irakurketako giroa oso ona izan zen eta ikasleak beldurrik gabe alboratu zitzaizkion idazleari: "Jasone Osorok oso ongi konektatu du irakurleekin, fan fenomeno moduko bat izan da. Hor ikusten da zer nolako eragina duen idazleak".

Ekitaldian musikarako parada ere egon zen Barricada taldeko Francisco Javier Hernandez Boni-ren eskutik. Bonik euskarazko bi olerki irakurri ditu eta Barricadaren Jaso dezagun euskara abestia eskaini zizkion Biurdanako areto nagusian bildutako ikusleri zabalari. Musikariaz aparte, bestelako gonbidatuak ere oholtzaratu ziren aurtengo edizioan. Hala, Osasuna B taldeko bi jokalarik eta Minerita dokumental sarituko Amaia Remirez zuzendariak ere euren ekarpenak egin zituzten Osororen testu zatiak irakurtzen.

Azpilikuetak argitu bezala, aurtengo edizioari "kutsu aldarrika-tzailea" eman nahi izan zaio, bestalde. Nafarroako Gobernuak bertsolaritzan, euskaltegietan, administrazio publikoan eta euskal hedabideetan ezartzen dituen trabak eta laguntza ekonomiko ezak salatzeko asmoz, Biurdanatik IKA eta AEKko irakasleak, bertsolari bat, euskara teknikari bat eta Euskalerria Irratiko zuzendaria, Mikel Bujanda, oholtzaratzera gonbidatu zituzten atzokoan.

Euskal Liburuaren Irakurketaren harira, idazleak hitzaldi bat eskaini zuen ostegunean Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatutako ekitaldi batean. Azaleko autorretratuak izenburupean eta orain artean argitaratutako lanen azalak hari nagusitzat hartuta, Osorok bere ibilbide literarioaren errepasoa egiteko parada eduki zuen.

juul kanpainan ere, garaile Ez da kasualitatea dagoeneko ibilbide luzea egina daukan Euskal Liburuaren Irakurketa Pubilkoaren XV. Ediziorako Osororen liburuak aukeratzea. Izan ere, idazle elgoibartarraren Ezekiel nora ezean lana Euskal Herri osoko ikastoletako 15.400 ikasleen artean bozkatuena izan zen azkeneko Juul hauteskundean, DBHkoen kategorian. Azpilikuetak gogoratu bezala, gainera, ikasleen artean gustukoenetariko egile bat da elgoibartarra: "Egia da askotan irakurtzera behartzen ditugula ikasleak ikastetxeetan baina, Jasone Osororen liburuen kasuan, oso gustura irakurtzen dute".

Berriki Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatua, Osoro Kazetaritzan lizentziaduna da gioigintzan espezializatu zen karrera bukatutakoan. Telebistan eta idatzizko komunikabideetan lanean egondakoa, bere lehen literatura lana 1998an argitaratu zuen, Tentazioak. Gazte literaturari dagokionez, Jara (2001, Alfaguara-Zubia), Jara, bikiak eta bikoteak (2005, Alfaguara-Zubia), Jara Bartzelonan (2007, Alfaguara-Zubia), Ezekiel (2009, Elkarlanean) eta Ezekiel nora ezean (2012, Elkar) liburuak argitaratu ditu.