'San Ferminetan, Lesakan', John Anduezaren lan berria
'Larunbatean, Bukowskin' ospetsuaren haritik dator gazteei zuzendutako lan hau
iruñea - John Andueza (Oregon, Estatu Batuak, 1966) idazle eta kazetariak San Ferminetan, Lesakan gazteei zuzendutako eleberria aurkeztu zuen atzo Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitza nagusian, Iruñean.
Dagoeneko bere laugarren edizioan dagoen Larunbatean Bukowskyn (Elkar, 2012) lan arrakastatsuaren jarraipena bezala aurkeztu zuen idazleak argitalpena, kasu honetan ere Elkarren eskutik datorrena. "Ez da istorioaren jarraipen zuzena, baina estilo eta izpiritu aldetik bide berdinetik jarraitzen du", azaldu zuen atzokoan Anduezak. Hartara, liburuan 15 urte inguruko lagun talde baten abenturak kontatzen dira eta izenburuan Nafarroako herria aipatzen bada ere, istorioa Donostian kokatzen da: "Lesakako San Ferminak gauza sinboliko bezala agertzen dira eleberri guztian zehar, amaieran bakarrik agertzen da eta argitzen da izenburuaren zergatia".
Nobela "arina, umoretsua eta martxosoa" bezala definitu zuen lana Lesakako Tantirumairu Ikastolako lehendakariak, Joxe Mari Erkiziak. Idazleak, bere aldetik, Lesakako San Ferminak erreferente bezala aukeratzearen arrazoiak argitu nahi izan zituen: "Lehenengo lerroa idatzi baino lehenago euskal gazteentzako erreferente indartsu bat bilatu behar nuela argi neukan. Lesaka eta San Ferminak oso konbinazio indartsua dira, alde horretatik".
Izan ere, liburuak, gazteak euskal kulturara hurbiltzeko helburua ere badauka. "Musikan, batez ere, hainbat gauza egiten dira. Baina literaturaren arloari dagokionez, gazteek gutxi irakurtzen dute eta irakurtzen dutena gazteleraz izan ohi da. Ez baditugu adin horretan euskarazko literatura gustuz irakurtzera ohitzen, etorkizunerako galduko ditugu, zaila baita galdutako ohiturak berreskuratzea".
Gazteak erakartzeko ahalegin horretan, San Ferminak, Lesakan-ek berrikuntza nabarmen bat dakar bere baitan. Izan ere, irakurleek idazlearekin zuzenean euren iritziak edo iruzkinak partekatzeko whatsapp aplikazioaren bitartez harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du.
Oraingoan ere, Larunbatean Bu-kowskin lanean jositako haritik tiraka, John Anduezaren pertsonaiak Donostiako Bilintx institutura itzultzen dira baina, oraingoan, DBHko 4. mailako abenturetan murgilduz: Danel eta Ximon lagunak dira protagonistak, baita Ximonen neskalaguna Amaia, eta gelako gainontzekoak ere. Ikasketa-amaierako bidaia egiteko asmoa dute, eta horretarako dirua lortzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte, baina halako batean ezusteko bat gertatu, eta beste bide bat hartuko dute gertakariek.