BILBO. Azken lau edizioetan bezala, 16. Laburbiran ere deialdi zabala egin du Topaguneak, film laburrak euskaraz egiten dituzten sortzaile guztiek izan dezaten aukera zirkuiturako euren lanak aurkezteko. Hain zuzen, horixe da zirkuituaren helburu nagusia: sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarrai dezaten aukera emanez eta ikusleei berton sortutako zineaz gozaraztea.

Euskaltzaleen Topaguneak "euskarazko ikus-entzunezkoen aniztasunaren erakusleiho" izan nahi du, sortzaileei bultzada eman eta publikoari egiten dutenaren aberastasunaz jabearazteko. Ildo horretan, Laburbiraz gain, Topaguneak beste hiru egitasmo antolatzen ditu horretarako:Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia.

Horrela, Laburbiraren 16. edizioa 2019ko martxoaren 18tik apirilaren 17ra izango da. Oraindik zehaztu gabe dago zein herri bisitatuko dituen, hori Laburbiran parte hartu nahi duen euskaltzaleen mugimenduko elkarte kopuruaren arabera izango baita. Iaz 29 herritan zehar ibili zen zirkuitua, zortzi film labur erakutsiz.

Horrela, abenduaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira lanak leire@topagunea.eus helbidera bidaliz. Filmek euskaraz egindakoak izan behar dute, 2016etik hona ekoitzitakoak, fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak.

Interesatuek, honakoak bidali beharko dituzte: sortzailearen datuak eta aurkezpen laburra (4-5 lerrotan bere ibilbidea, argazki eta guzti), filmaren sinopsia eta fitxa teknikoa, eta filma bera, euskarri digitalean.

Urtarrila erdialderako aukeratuko dira herriz herri eskainiko direnfilm laburrak, eta aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan: publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna,genero ikuspegia eta filmen bestelako ezaugarriak (euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak edo sentsibilizazioa lantzen dutenak).