iruñea - 3000 urtean gaude. Hizkun-tza unibertsal bakarrerantz bidera-tzen den mundu batean, euskarak ezer gutxi dauka egitekorik. Hiztun bakarra gelditzen da, eta hiltzear dago. Azken euskalduna da, eta bere sorbalden gainean betiko galduko den ondarearen pisua darama. Egoera horretatik abiatzen da gaur, Iruñeko Gayarre antzokian eskainiko den Tartean Teatro taldearen azken ekoizpena, Ghero. Patxo Telleriak idatzia eta Jokin Oregik zuzendua, Euskaltzaindiaren 100 urteurrenaren harira eta erakunde honen laguntzarekin sortutako antzezlanak etorkizun posible bat marrazten du, betiere “euskararen iraganaz eta, batez ere, orainaz” hitz egiteko, atzo egileek eskainitako aurkezpenean argitu zuten bezala.

Tartean taldearen ohiko “komedia absurdotik” aldentzen den antzezlan honek hizkuntzak gordetzearen garrantzia, hizkuntzekiko errespetua eta plurilinguismoaren aberastasuna aldarrikatzen ditu nolabait, Telleriaren erranetan. Ghero-n “teoriaz baloretzat, ontzat hartzen da pentsamendu orokorraren ustez hizkuntza bakarra eta kultura bakarra egotea, zibilizazio osoa berdina izatea, gatazka asko desagertzen direlako hala. Testuinguru horretan rara avis hau aurkitzen da, inork uste ez zuenean bere familian gorde baita euskara belaunaldiz-belaunaldi, familia horren egoskortasunagatik. Baina azken honi indarrak agortu zaizkio, gogorra egiten zaio heustea”.

Mikel Martinez aktoreak oholtzara-tzen duen pertsonaia honen eta medikuaren arteko solasaldiaren bidez, euskararen historiako une eta pasarte desberdinak agertuz joanen dira antzezlanean, Telleriak “fabularen fabula” bezala definitu duen trama bat eraikiz. Hala, Martinez eta Telleria berarekin batera, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikaza aktorek osatuko dute oholtza gaineko taldea.

Oregik atzokoan azpimarratu zuen bezala, antzezlana Tartean taldearen ekoizpenetan ohikoa den humore generotik aldentzen da, beste genero batean murgilduz, Telleriak berak “komedia solemnea” bezala definitu zuena atzo. Izan ere, eta istorioaren abiapuntua “tragikoa ez, baina dramatikoa” den arren, traman uztar-tzen diren pasarteek emozio desberdinak pizteko abagunea ematen dute: “Barrerako uneak daude, hunkitzen duten historioak, hausnartzera eramaten zaituztenak...”. Generoaren mugak gaur egun “oso lausoak ” direla azpimarratu zuen egileak.

Halaber, emozio guzti horiek azpimarratzerakoan antzezlaneko musikak duen garrantzia ere aipatu zuen Telleriak. Hartara, Iñaki Salvadorren soinu bandaren gainean, ahotsei eta doinu herrikoiei protagonismoa ematen dien musika sortu da. Eszenografiari dagokionez, XXX. mendea irudikatzea “erronka garrantzitsua” izan dela adierazi zuen zuzendariak, bere aldetik: “Oso modu sotil eta soilean lan egin dugu, eta nahiko txukun eta garbi gelditu zaigula uste dugu”.

Ghero, joan zen asteburuan estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian. Bertako bi emanaldi eta Santurtziko Serantes aretoan eskainitako saioaren ondoren, hirugarren eszenara-tzea izanen du obrak gaur Iruñean. Hala, Telleriak erran bezala, “fresko baina sendotuta” datoz Gayarreko an-tzokira. Honen ondoren, Euskal Herri osoko eszenatokietara eramango duten agenda luzea izanen du obrak. Nafarroari dagokionez, hitzordu berriak lotu bitartean, 2019ko martxoaren 16an izanen da Ghero ikusteko hurrengo aukera, Berako kultur etxean.

‘Ghero’. Gaur, Iruñeko Gayarre antzokian, 20.00etan.

Fitxa teknikoa. Ekoizleak: Tartean Teatroa eta Euskaltzaindia. Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi. Antzezleak Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri eta Ane Pikaza. Iraupena: 80 minutu.