iruñea - Zer da eromena? Nola eragiten du genero eraikuntzak emakumeen osasunean? Galdera hauei eta gai honen inguruko beste askori erantzuten saiatuko da gaur, arratsaldeko 19.00etan, Iruñeko Katakraken aurkeztuko den Zauria(k). Eromena. Gorputza. Feminismoak dokumentalak. Maier Irigoienek, Isabel Saez Perezek eta Iker Oiz Elgorriagak elkarlanean sortutako proiektu kolektibo honek, sufrimendu psikosoziala euren azalean bizi dituzten zazpi pertsonen testigantzak biltzen ditu, helburu argi batekin, Irigoienek berak azaldu moduan, “ondoeza, eromena eta buruko osasunaren inguruko iruditeriaz hausnartzea”. “Gehienetan, osasun mentalaz ari garenean, burura datorkiguna askotan ez da bereziki atsegina, estigmatizazio handia dago”, zehazten du.

Bizipen hauen bitartez, zuzendari-tza taldeko kideak azaldu moduan, hainbat gai dira lantzen direnak: “Bereziki, esperientzia psikiatrikoak nola bizi izan dituzten, zer suposatu duen haientzako diagnostiko bat izateak, heteroarauaren pisua, sufrimendu psikosozialaren politizazioa, zaurgarritasuna, isiltasunaren eta hitz egitearen garrantzia, autogestioa ondoezak bizitzerako orduan...”.

Emakume hauen ahotsekin batera, dokumentalak ondoeza eta generoaren arteko harremana ikuspegi antropologiko eta feminista batetik azter-tzen dituzten bi adituren testigantzak ere biltzen ditu. “Ikusten ez dena ez da existitzen” eta hutsune horri lotutako hainbat kontzeptu azaleratzea izan zen proiektuaren abiapuntua bera. “Buruko osasunari buruzko ikuspegi feminista ezatik sortzen da proiektua, baita mugimendu eta diskurtso feministetan ondoeza eta buruko osasun hegemonikoaren inguruko kritikotasun ezagatik ere”. Hala, gaiaren inguruko eztabaida tarteak sortzea ere bada proiektuaren muga.

Iruñean eskainiko den emanaldiaren ondoren, bai egileekin bai bertaratuko diren dokumentaleko protagonistetako batzuekin solastatzeko parada izanen da. Solasaldia euskara hutsean izanen den arren, dokumentala azpitituluekin eskainiko da, euskara eta gazteleraz. - M.M.P.