Bilbo - Klasiko bilakatu diren euskal abesti garaikideen bertsio koralak eskaintzen dituen Mende Berria Kantuz zikloak Bilbon egingo du geldiunea martxoaren 10ean. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko xedez sortutako ikuskizunerako Hertzainaken Aitormena, Jabier Muguruzaren Arraroa noski edota Gatiburen Euritan dantzan bezalako kantuak moldatu dira. Emanaldi honetarako, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruak -zazpi lurraldeetan arituko dira tokian tokiko abesbatzekin- Gernikako Gaudeamus Korala, Lauko Quartet laukotea eta Maddalen Arzallus bertsolariak izango ditu bidelagun.

Ignacio Malaina Arriaga Antzokiaren zuzendari kudeatzailearen esanetan, “kontzertu berezi hau aukera paregabea izango da abesbatzen musikaz gozatzeko”. Bere ondoan, Bilboko Koral Elkartearen kudeatzaile den Iñigo Alberdik oholtza ganera bi koru gazte igoko direla zehaztu zuen: “90 neska-mutil arituko dira kantuan” Enrike Txurrukak korurako eta jazz-comborako egokitu dituen euskal pop piezak kantatzeko. Lauko Quartet taldeko musikagileak, gainera,teklatua joz lagunduko ditu bi abesbatzak (harekin batera ariko dira Mikel Bikandi gitarra, Mikel Azkagorta baxua eta Guillermo Sanz bateria). Bestetik, Maddalen Arzallusek bertsolari eta gidari lanetan arituko da.

“Kontzertuaren mezua argi dago: euskararen eta euskal musikaren aldeko elkarlana Euskaltzaindia ai-tzakia izanik”, adierazi zuen Alberdik, zeinak ordu bete inguru iraungo duen ikuskizuna “potentea” izango dela gaineratu zuen. Zentzu honetan, ikuskizunaz gain, errepertorioko abestien moldaketak duen garrantzia goraipatu zuen. Izan ere, hemendik aurrera edozein abesba-tzak interpretatu ahalko ditu partiturak. Alberdiren esanetan, Mende Berria Kantuz ziklorako “leku bakoitzean leku bakoitzeko koru garrantzitsuekin abesten da”. Bizkaiko kasuan Gernikako Gaudeamus Korala aukeratu da. Bere zuzendari den Julia Foruriak azaldu zuenez, sarritan egiten dute lan Bilboko Koral Elkartearekin, “baina honakoa lankidetza berezia da”.

Mendeurrena Aurkezpenean zehar, Andres Urrutia euskaltzainburuak foru hiribildutik datorren koruarekin elkarlana azpimarratu zuen. Izan ere, bere esanetan, “Gernikak Euskaltzaindiaren izenean badu bere garrantzia, gernikarren pisua garrantzitsua izan baita akademiaren historian”. Zentzu horretan, Seber Altube aipatu zuen, baina bereziki Ignazio Omaetxebarria eta Aita Luis Villasante, euskaltzainburu izandakoa azken hau.

Euskaltzaindiaren ehun urteak ospatzeko hainbat izan dira akademiak antolatu dituen ekitaldiak. “Guretzat mendeurrena ez da ekitaldi akademiko huts bat. Mendeurrena ospatzeak esan nahi du akademikotasunaz aparte gizartearekin bat egitea eta gizarteari eskaintzea, hain zuzen ere, euskal kulturan errotuta dauden hainbat osagai”, jakinarazi zuen euskaltzainburuak. “Gure asmoa ez da bakarrik iraganari so egitea, jakinik zein izan den Euskaltzaindiaren historia ehun urte hauetan, ez bada etorkizunari buruz jardutea. Etorkizun horretan, euskara, eta euskararen bitartezko euskal kulturak badauka bere lekua eta leku esanguratsua. Horretan kokatzeko zer hobe musika, artea edo dantza baino. Gizarteratze horretan baliabide ezin egokiak dira, horietan sakondu nahi dugu”, gaineratu zuen.

Testuinguru honetan, Malainak argitu zuenez, Arriaga antzokian bertan orain dela hiru hilabete, Ghero obra antzeztu zen, Jokin Oregiren zuzendaritzapean eta Patxo Telleriaren dramagintzarekin. Bestetik, martxoaren 16an Biz Hitza ikuskizuna eskainiko da Aukeran Dantza konpainaren eskutik. Mende Berria Kantuz ikuskizunaren kasuan, “helburuetako bat jendeak ere abestea da”, esan zuen Alberdik. Kontzertuko sarreren prezioa 7 eta 16 euro bitartekoa izango da; 14 urtetik beherakoentzat, 8 eurokoa.