iruñea - Aurrera doa Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Finalaren atarian, asteburu honetan jokatuko dira bigarren eta hirugarren finalaurrekoak, hain zuzen Anaitasunako eszenatokira igoko diren zortzi finalisten zerrenda behin-betirako argituko dituztenak. Etxarri-Arantzen izanen da biharkoa, eta etzi Lesakan jokatuko da azkena.

Azken honetarako sarrerak astelehenerako jada agortuak zeuden, zaleak finalera nor ailegatuko diren jakiteko gogotsu daudenaren seinale.

Bihar, Etxarri Aranatzen jokatuko da bigarren finalaurrekoa, eta ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondo ariko da gai-jartzaile lanetan. 17.30ean hasiko da saioa, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa. Saio honetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eta Xapatero Tabernan eskuratu daitezke.

Gaur bertan, gainera, txarteldegian salduko dira 16.00etatik aurrera, baldin eta aurretik bukatu ez badira. 11 eurotan eskuratu daitezke sarrera arruntak, sei eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta zazpi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan.

Igandean, martxoak 10, Lesakan jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa. Sei bertsolari izango dira taula gainean, finalerako sailkapena helburu: Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez. Gai-jartzaile zereginetan Fernando Anbustegi ariko da. 17.30etan hasiko da saioa, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lesakako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko orduan.

Joan zen asteburuan Atarrabian jokatu zen lehenengo finalaurrekoan Eneko Lazkoz nagusitu zen 399 puntu eskuratuta. Lazkozek zuzeneko pasea eskuratu bazuen ere, tarte zabala atera zion puntuazioz bigarren egin zuen Xabi Maia elizondarrari (352,5 puntu), beraz, denetatik gertatu daiteke asteburu honetako finalaurrekoetan.

Gogoratu dezagun, saio bakoi-tzeko irabazleak finalerako pase zuzena lortuko dutela, eta bost izango direla puntuazio bidez sailkatuko direnak.

Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril dira finalau rrekoetako faseko epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Bihar eta etziko saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ari dira finalaurrekoetan, eta 8rentzako tokia izango da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Gaur, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean, 17.30ean. Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro.

Bihar, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, 17.30ean. Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez.