iruñea - Zirraragarria izan da azken asteburua Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Izan ere, azken bi finalaurrekoak jokatu ziren larunbatean eta igandean; eta martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian oholtzaratuko den zortzikotea argitu da hauen ondoren. Larunbatean Xabier Terreros nagusitu zen Etxarri Arana-tzen, eta igandean Joanes Illarregi gazteak eskuratu zuen finalerako pase zuzena, lehenengo finalaurrekoan Eneko Lazkozek egin moduan. Puntuazio bidez sailkatu diren beste bost bertsolariak, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia izan dira.

Larunbatean, Etxarri Aranatzen jokatu zen txapelketako bigarren finalaurrekoa, herriko Kultur Etxean elkartu diren 200 lagun ingururen aurrean. Bertan aritu ziren Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko. Saio puntuagarriaren ostean, Terrerosek eskuratu zituen puntu gehien (360,5), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen. Terrerosen atzetik sailkatu ziren eta Julio Soto (358,5), Julen Zelaieta (355,5), Iker Gorosterrazu (338), Diego Riaño (307,5) eta Iban Garro (304,5).

Lesakan jokatu zen 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, goraino bete zen Kultur Etxean bildutako 270 lagunen aurrean. Han izan ziren kantuan Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez. Fernando Anbustegik egin zituen gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lesakako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko. Saio puntuagarriaren ostean, Joanes Illarregik eskuratu zituen puntu gehien (375,5), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen, larunbatean Xabier Terrerosek eta pasa den igandean Eneko Lazkozek eskuratu bezala. Joanes Illarregiren atzetik sailkatu ziren Eneko Fernandez (359), Xabat Illarregi (356,5), Saioa Alkaiza (344,5), Josu Sanjurjo (341) eta Alazne Untxalo Erregerena (335,5).

Finalaurreko hiru saioetan, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu izan dira epaile lanetan. Sailkapeneko puntuazioak osatuta, finalaurrekoetako irabazleei sailkapenaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie, hartara. Martxoaren 23an jokatuko da finala, 17:00etatik aurrera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Olgarenea natur-denda (Lizarra). Ondorengo egunetan, finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.